Maiatzaren 28ko udal hauteskundeek utzitako emaitzen bigarren zatia ikusi zen atzo Hego Euskal Herriko 528 udaletan, horiek osatu eta alkateak aukeratzeko bilkuretan. Azken hiru asteetako negoziazio eta zurrumurruen ostean, akordioen kartak ahoz gora jarri zituzten atzo alderdiek, eta agerian utzi zuten jokoaren egungo egoera: esate baterako, PSNk 2019ko estrategia erabili duela berriz, EH Bilduri udal gobernurik ez emanez eta, horrela, Nafarroako udal batzuk —Iruñea, Eguesibar eta Lizarra, adibidez— UPNren esku utziz.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, PP sartu da jokoan; popularrek oso esangura txikia izan dute azken urteetan Hego Euskal Herriko tokiko mapan, baina, joan den maiatzeko hauteskundeen ondoren, PPren botoek EAJri eman diote aginte makila Durangon (Bizkaia), Kuartangon, Bernedon eta Zigoitian (Araba), eta PSE-EEri Gasteizen. Bost udalerrietan, EH Bildu zen lehen indarra, eta, guztietan, PPren botoak beharrezkoak ziren indar subiranistak agindu ez zezan. Carlos Iturgaiz PPren Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak esana zuen bere alderdiak doan emango zizkiela botoak EAJri eta PSE-EEri, EH Bilduk ahalik eta leku gutxienetan gobernatu dezan.
Nafarroako eta Iruñeko argazkiek dezente dute 2019kotik; Nafarroako Gobernuaren negoziazioak zabalik daude orain ere, eta, duela lau urte bezala, hiriburuko alderdi aurrerakoiek ez zuten gehiengorik artikulatu UPNk agindu ez dezan. 2019ko ekainean EH Bilduri jarri zion betoa aplikatu dio berriro PSNk, nahiz eta sozialistek EH Bilduren babesa baliatu duten Vianan alkatetza lortzeko.
Oraingoan ere, UPN izan da egoera horri etekin handiena atera dion alderdia; PSNkri esker lortutakoak alde batera utzita, beste 11 herritan bermatua zuen gehiengo osoa, eta, atzo lortutakoekin, guztira hogei alkate izango dira UPNkoak. Horien artean dago San Adriangoa; hura eskuratzeko, eskuin muturrak Hego Euskal Herri osoan daukan zinegotzi bakarraz ere baliatu da UPN.
EH Bildu lehen indarra
Datuei erreparatuta, EH Bildu izango da hasi berri den legealdian aginte makila gehien izango dituen indarra: hamabost Araban, 41 Bizkaian, 51 Gipuzkoan, eta 39 Nafarroan; guztira, 146. Nabarmen egin du gora herrialde guztietan; 2019an baino lau gehiago ditu Araban, hamabi gehiago Bizkaian, zazpi gehiago Gipuzkoan, eta bost gehiago Nafarroan. Horietatik lau —Bermeo, Mundaka, Urduliz (Bizkaia) eta Aiara (Araba)— atzo eskuratu zituen, Urdulizen Elkarrekin Podemosekin eta gainerakoetan herri plataformekin hitzarmenak eginda. Ifrentzua, ordea, aliantzetan du indar subiranistak: lehen indarra izan arren, ez du gobernatuko Gernika-Lumon, Durangon (Bizkaia), Deban, Legazpin (Gipuzkoa) eta, batez ere, Gasteizen.
EH Bilduk nabarmendu du «sendotu» egin dela «lehen indar munizipalista» gisa. Nafarroari begira, berriz, «pozik» agertu da lortutako emaitzekin, «azken urteotan bai udaletan, bai Nafarroa osoan, erakundeetan eta kalean egindako lan handiari esker lortu baitira». Mahai Politikoak bilera egingo du bihar, udalen eraketari buruzko balorazio bat egiteko.
Hauteskundeetan EAJk izandako atzeraldia nabaritu da alkatetzetan ere; 92 izango dituzte jeltzaleek, 2019an baino 38 gutxiago. Galeren artean nabarmenena Gasteizko Udala da, baina Bizkaian hemezortzi alkate galdu ditu, eta Gipuzkoan, hamalau. Birekin geratu da Geroa Bai: Zizur Nagusia, Torralba del Rio, Azuelo eta Altsasu.
Hala eta guztiz ere, Arabaren inguruan, EAJk nabarmendu du atzoko saioek erakusten dutela jeltzaleek Araban duten «lidergoa eta elkarrizketarako gaitasuna, udal eta foru erakundeen gobernabideari begira gehiengoak osatzeko».
PP, eragiten
Baina eguneko interesgune nagusietako bat Arabako Errioxan zegoen, eta, horrekin batera, PPk lor zezakeen botere instituzionalaz harago, popularrek izan dezaketen eragin gaitasuna zegoen ikusteko. PPk 71 zinegotzi lortu zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2019an baino 16 gehiago, baina hazkunde hori kualitatiboa izan da negoziatzeko gaitasunari erreparatuz gero.
Atzo, PP erabakigarria izan zen EAJ-PSE aliantzak popularren botoak behar izan dituzten plazetan, eta PPk Bastidako alkatetza eskuratu du, EAJk ez baitu hautagairik aurkeztu. Alderdiarekin desados, EAJren udal taldeko hiru kidek alderdia utzi dute, eta, atzoko saioan, gogor mintzatu zen Aintzane Prieto jeltzalea alderdiak hartutako erabakiaren aurka: «Izan daiteke Bastida trukerako txanpon bilakatu izana pisu politiko handiagoko udalak eta diputazioak eskuratzeko, baina EAJk EBBtik negoziazio horiek antolatzeko moduak tarterik gabe utzi gaitu hautagai bat aurkezteko. Horrek hautagaitza hau inpotentziaz eta, zergatik ez esan, nazkaz bete du». Izan ere, udalen osaketa gaindituta, ikusi beharko da EAJren eta PPren arteko harremanaren desizoztearen lehen urratsa den eta atzoko udalen osaketak nola eragiten duen Gipuzkoako Aldundiari begirako negoziazioetan.
PSE-EE eta PSN, berriz, antzera samar geratu dira duela lau urteko jokalekuarekin alderatuz gero. Hamabi urte ziren sozialistek Hego Euskal Herriko hiriburuetan azken alkateak galdu zituenetik —2011n Patxi Lazkozek Gasteizko alkatetza galdu zuen, eta Odon Elorzak Donostiakoa—, eta berriro berreskuratu dute Arabako hiriburuko aginte makila, Maider Etxebarriaren eskutik. Gainera, Bizkaian, oraingoak baino bi udal gehiago gobernatuko dituzte —Portugalete eta Ermua zituen, eta, orain, Muskiz eta Trapagaran ere bai—. Nafarroan, 22 lortu dituzte, aurreko legealdian bezainbeste.
Gipuzkoan, ordea, behera egin dute tokiko ordezkaritzan. Galdu egin ditu udal esanguratsu batzuk, hala nola Pasaia eta Andoain. Hala ere, Jose Ignacio Asensio PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak nabarmendu du hauteskundeei begira hartu zituzten «konpromisoei» eutsiko dietela hautetsi sozialistek, eta horiek bideratuko dituztela «gobernu egonkorrak bermatzera eta herritarren eta bereziki langile klasearen nahiz klase ertainaren beharrei» erantzutera. Beraz, Asensiok uste du legealdi «emankorra» izango dela.