Albistea entzun

Tokio 2020. Atletismoa

ONENEKIN BURUZ BURU

Asier Martinezek seigarren egin du 110 metro hesiduneko finalean, eta diploma olinpikoa lortu du. Atzetik aurrera egin du lasterketan, eta bost segundo hobetu du bere markarik onena: 13,22.
Asier Martinez, ahalegin betean, atzo, finalean.
Asier Martinez, ahalegin betean, atzo, finalean. ALBERTO ESTEVEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon - Berriemaile berezia

2021eko abuztuak 6 - Tokio

Atzetik datorren honekin lehiatu naiz. Kontu handiak dira horiek. Oraindik ez dut barneratu lehen egunean lortutakoa, bada, pentsa hau. Desiratzen nago Iruñera itzuli eta etxekoekin eta lagunekin behar den bezala ospatzeko». Ondotik zilarrezko domina kolkoratu zuen atleta, Grant Holloway estatubatuarra igarotzen ari zela, ohikoa duen gertutasun eta naturaltasunarekin mintzatu da Asier Martinez, 110 metro hesiduneko finala amaitu berritan. Balentria handia egin du Tokion, eta, 21 urte besterik ez dituela, modu ezin hobean biribildu ditu bere estreinako Jokoak: seigarren izan da finalean, diploma olinpikoa lortu du, eta bere markarik onena hobetu du: 13,22. «Bi helburu nituen finalean: disfrutatzea eta, ahal bazen, nire markarik onena berriro ere hobetzea. Biak lortu ditut. Oso gustura eta eskertuta nago denei, etxetik bidali didaten babesa handia izan baita. Emaitza hau denena da». Baina oinak lurrean ditu: «Onenekin lehiatu naiz hemen, eta hala izaten jarraitzeko, gogor lan egiten segitu beharko dut».

Beste bost ehunen jan dizkio herenegun finalerdietan egindako marka bikainari. Jokoen aurretik 13,31 zen haren marka, eta hiru egunean ia hamar ehunen kendu dizkio: «Banekien 13,30etik beherako denbora egin nezakeela. Baina ez hainbeste. Beti izan dut inpostorearen sindromea, neuk ere sinesten ez nuen lekuetara iristeko gaitasuna, eta begira, lortu dut. Esan balidate, ez nuen sinetsiko». Markari eta diploma olinpikoari, gainera, sailkatze proba irabazi izana gehitu behar zaio. Estreinako Olinpiar Jokoetan oso gutxiren esku dago hori. Mugarriak jarriz joan da egunero Tokion.

Azken bi urteetan sekulako bilakaera izan du Martinezen ibilbideak: «Batez ere, konfinamendua eta gero, arreta osoa jarri nuen atletismoan. Gauza asko utzi behar nituen albo batera nire onena lortzeko. Iaz, oso marka onak egin genituen, baina aurten, entrenamenduak are zorrotzagoak eta kalitate handiagokoak izan dira, bai arlo teknikoan, baita fisikoan eta psikologikoan ere, eta iritsi dira emaitzak. Kirolari asko zor diot. Naizen modukoa naiz horri esker».

Loria bizitzen ari da, baina jakitun dago kirolean ere garai zailak daudela: «Horretarako ere prestatu beharko dut, nola heldu jakiteko. Izan ere, kirolaren parte da». Baina argi du zer tokatzen den orain: «Bi asteko atsedena hartuko dut, eta, gero, berriz ere helduko diet entrenamenduei, ikasketak ahaztu gabe. Kirolaren eta ikasketen ikuspegitik formatzen jarraitu nahi dut». Zientzia politikoak ikasten ari da.

Finala Martinezek erakusten duen naturaltasunaren eta izan duen bilakaeraren isla izan zen. Bigarren kaletik aritu zen, eta buruz buru lehiatu zen munduko espezialista onenekin, besteak beste, urrea irabazteko hautagai nagusiarekin: Holloway.

Bigarren kaleak, «mesede»

Irteeran, kontrarioek tartea hartu zioten: «Denak oso indartsuak dira; gorpuzkera handia dute. Horrek ez du esan nahi ni gaizki ateratzen naizenik, baina goi mailakoekin ari naiz lehiatzen buruz buru. Gainera, uste da indartsu ateratzea dena dela. Baina ez da nire estiloa. Nire entrenatzaileak [François Beoringyan] beti erakutsi dit azken hesietan dagoela gakoa, eta beti hesiekiko errespetuz azken metroetan estutu behar dela. Garaipen hau harena ere bada zati handi batean».

Andrew Pozzi britainiarra zuen alboan. Lehen hesietan, bizpahiru metro atera zizkion: «Alde horretatik, lasterketa gogorra eta arraroa izan da, eusteko asko estutu behar izan baitut. Baina bigarren kaletik irteteak mesede egin dit. Erdiko kaleetako zurrunbiloan ez egoteko modua eman dit, eta nire lasterketa egitekoa. Asko disfrutatu dut».

Azken 55 metro oso indartsu batzuei esker, bi lasterkariri aurrea hartu zien: Pozziri berari eta Aurel Manga frantziarrari. Horrek eman zion seigarren postua eta diploma olinpikoa.

Urrezko domina, ezustean, Hansle Parchmententzat izan zen. Jamaikarrak 13,04ko denbora egin zuen. Holloway sailkatu zen haren atzetik (13,09), eta Ronald Levy jamaikarra (13,10) izan zen hirugarren. Martinezentzat ezustea izan zen Parchmentek irabaztea: «Niretzat, Holloway zen hautagai nagusia urrea irabazteko. Are gehiago, munduko marka ontzeko moduan zela pentsatzen nuen. Baina hesiak horrelakoak dira. Horregatik kateatzen zaituzte hainbeste».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jonas Vingegaard iaz, Euskal Herriko Itzuliko azken etapan, Arraten. ©JUAN HERRERO / EFE

Vingegaard izar nagusia Itzulian

Beñat Mujika Telleria

Frantziako Tourreko garailea Euskal Herriko errepideetan izango da. Daniel Felipe Martinez iazko txapelduna ere lehian izango da. Lasterketa apirilaren 3tik 8ra jokatuko da
Meriem Ezbida Zuazoko atezaina, atzo, entrenamendua hasi aurretik. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Buruari partida irabazi nahian

Iñigo Lasa

Zuazo eskubaloi taldea bolada txarrean da, eta Meriem Ezbida atezainak onartu du «psikologikoki nekatuta» dagoela taldea. Gaur Valladoliden jokatuko dute (19:15).
 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Pizgarri ederra da aspaldiko lagun batekin txapeldun izaten saiatzea»

Julen Etxeberria

«Gustuko tokian» daudela dio Altunak: hark eta Tolosak finala jokatuko dute igandean Bilbon, Elordiri eta Zabaletari irabazten badiete. «Txapelketa biribila» egin dutela dio, eta argi utzi du inola ere ez litzatekeela porrota izango finaletik kanpo geratzea.
Darius Thompson eta Yakuba Ouattara baloia heldu nahian. ©DAVID AGUILAR / EFE

Gaur hasiko da Baskoniaren azken esprinta Euroligako kanporaketetan sartzeko

Beñat Mujika Telleria

Gaur hasiko da Baskoniaren azken esprinta Euroligako kanporaketetan sartzeko bidean. Nahiz eta sasoi hasieran helburutzat ez hartu, arabarrek eskura dute kanporaketetan aritzea, baina zenbait arlotan hobetu beharko dute horretarako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...