ENBAXADA BILA

Maisua eta maistra

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2020ko maiatzak 17

Gustura ospatzen dira beti lagunen urtebetetzeak, eta are gusturago gaur lagunak direnak lehenago irakasle izan badira. Hori izan zaretelako, Vicent eta Assumpcio, kazetari katalan eta katalan ez garenon irakasle.

Etorkizuna nondik zetorren igartzeko trebetasuna eduki zenuten duela 25 urte, paperezko komunikabide handiak erosotasun egoeran egonda, dirutza handiak irabazten zituztenean. Aitzindari izan zineten komunikaziorako baliabide teknikoak oraingoak baino askoz urriagoak zirenean; gaur segundo batean egiten duguna egiteko orduak behar baitziren garai haietan.

Mende laurden honetan erreferentzialtasun bikoitza eduki duzue: teknologikoa eta kazetaritzakoa. Hurrengo urtean zer egin behar zen jakiteko zuen webgunera joan beharra zegoen, eta joan beharra dago. Trebetasun berezia eduki duzue, zuek eta gu bezala, larre motzean gabiltzan hedabideentzako programa merke eta eskuragarriak erabiltzen. Hori guztia estrategia komertzial egokiarekin batera, lurretik oso gertu landutako estrategiarekin.

Informatiboa izan da bigarren erreferentzia. Ez da egongo Katalunian zuen lantaldearen tamainarekin, informatiboki, horren eraginkorra izango den komunikabiderik. Oso argi eduki duzue beti konpromisoa zuen herriarekin, jendearekin, hizkuntzarekin, kulturarekin... Pentsatuko dute gure irakurleek elkarri xaboia ematen ari garela, baina ez naiz hau esan gabe geratuko: Kataluniako prozesua deitzen dioguna ez zen berdina izango Vilaweb eta berau egiten duten langileak gabe.

Pena izan da mende laurden hau merezi bezala ospatzeko aukera eduki ez izana. Etorriko dira fisikoki gertuago egoteko egunak, eta ospatuko dugu. Zorionak gure herrian segitzen zaituztetenen partetik.

Bizitza luzea Vilaweb-i.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.