Batzarre, IU-NEB eta Ahal Dugu elkarrekin aurkeztuko dira

Independente talde batek ere bat egingo du egitasmoarekin. Gaur aurkeztuko dute hiru indar politikoen arteko aurreakordioa

Ahal Dugu-ko Mikel Buil, Ezkerrako Marisa de Simonekin hizketan. I. URIZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ahal Dugu, Batzarre eta Nafarroako Ezker Batua elkarrekin aurkeztuko dira 2023an egitekoak diren foru hauteskundeetara, eta independente talde batek ere bat egingo du koalizioarekin. Hiru indar politikoek bozetara elkarrekin aurkezteko aurreakordio bat izenpetu dute, eta gaur agerraldia egingo dute horren nondik norakoak azaltzeko.

Ezkerreko hiru indar politikoek hilabeteak daramatzate gogoeta egiten Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko aukeraz. Gogoeta eta eztabaida horien emaitza da gaur aurkeztuko den aurreakordioa.

2019an egindako hauteskundeetan, Batzarre eta IU-NEB elkarrekin aurkeztu ziren, Ezkerra koalizioan, eta Ahal Dugu, berriz, bere kasa aurkeztu zen. Ahal Dugu-k bi parlamentari lortu zituen, eta Ezkerrak, bakarra. Biek ala biek jaitsiera nabarmena izan zuten emaitzetan, aurreko hauteskundeekin alderatuta: Ahal Dugu-k bost parlamentari galdu zituen, eta Ezkerrak, berriz, parlamentari bat. Elkarrekin aurkeztuta, datorren urteko bozetan galera horri aurre egiteko asmoa dute.

Independenteek akuilatuta

Independenteek zeresan handia izan dute prozesuan. Joan den martxoan, ezkerreko independente talde batek agerraldia egin zuen, eta hiru indar politikoak elkarrekin aurkeztea proposatu zuten. Talde horretan daude Miguel Laparra NUPeko irakasle eta Nafarroako Gobernuko lehendakariorde izandakoa, Marisol de la Nava gizarte mugimenduetako ekintzailea, Paco Roda idazle eta kazetaria, Mikel Mayayo Zangozako Talde Progresistako zinegotzia eta Maria Jose Perez Ilzarbe NUPeko irakaslea, besteak beste.

Agerraldi hartan, Nafarroako progresista independenteen proiektu politikoa izeneko manifestua aurkeztu zuten, eta «hausnarketarako gune bat» proposatu zuten Nafarroan «ezker berde, feminista eta eraldatzaile bat» osatzeko.

Orduan iragarri zuten Ahal Dugu-rekin, Batzarrerekin eta IU-NEBrekin hizketan ari zirela, hauteskundetara elkarrekin aurkezteko aukeraz eztabaidatzeko; independenteek koalizio horren «laugarren hanka» izateko borondatea agertu zuten. Nafarroaren «identitate askotarikoen arteko errespetua», lurraldeen arteko «kohesioa», garapen iraunkorra eta demokrazia parte hartzailea dira independente talde horren oinarri politikoak.

Gaurko agerraldian Nafarroako Ahal Dugu-ko koordinatzaile Begoña Alfarok, IU-NEBko koordinatzaile Carlos Guzmanek eta Batzarreko kide Edurne Eginok parte hartuko dute. Independenteen aldetik Marisol de la Nava egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.