Albistea entzun

Langile bat hil da erorita, aurten modu horretan hildako bigarrena

Iaz sei langile zendu ziren erorikoen ondorioz. Altueran aritzen diren langileen aldeko neurriak eskatu dizkiete sindikatuek erakundeei
Hertell kooperatiba, Ikaztegietan.
Hertell kooperatiba, Ikaztegietan. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2022ko urtarrilak 13

Altuera batetik gora lan egiteak dakartzan arriskuak nabarmen geratu dira, beste behin. Iaz, LABen zenbaketaren arabera, sei langile hil ziren erorikoen ondorioz, eta aurten dagoeneko bi dira, urtea hasi berria den arren. Astelehenean izan ziren bi istripuak: Gasteizen, 47 urteko J.V.S.F. hil zen, Olarizu auzoan eraikitzen ari zen etxe batetik erori eta berehala; Ikaztegietan izandakoan (Gipuzkoa), berriz, asteartean hil zen J.E.U. 23 urteko gaztea, bezperako zaurien ondorioz. Sindikatuek erakundeei eskatu diete erorikoen aurkako neurri eraginkorrak lantzeko eta betearazteko.

LABek eman zuen Ikaztegietako istripuaren berri. Hertell fabrikan gertatu zen, aire ponpak, balbulak eta antzeko aparailuak egiten dituen Mondragon taldeko kooperatiba batean. UGTk zehaztu zuenez, J.E.U. Hertellen eta haren ondoan dagoen Epak S.A. enpresaren fabrika hustuak partekatzen duten sailean zegoen, kutxatilak garbitzen. Une batean, «zabaldu ez dituzten arrazoiak direla medio», gaztea pabiloi hustuaren fibrozementuzko teilatura igo zen, eta handik erori.

Asteartean mota horretako beste istripu bat izan zen, El Buston (Nafarroa). Garabi baten saskian zeuden bi langile hamar metroko altueratik erori ziren, eta bizkarra eta hankak zauritu zitzaizkien.

«Kasualitatea izan da?»

LABek erorikoen larritasunaz ohartarazi du: «Norbaitek sinets al dezake kasualitatea izan dela? Lan istripuei eta lanbide gaixotasunei aurre egiteko berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu administrazioei». Zehazki, altuerako lanetarako plan espezifiko bat eskatu die sindikatuak erakundeei, «neurri egokiekin eta benetako prebentzio politikekin, eraikuntzarako eta industria nabeen eta pabiloien berritze eta mantentze lanetarako. Datuak oso gogorrak dira, eta zifra bakoitzaren atzean izenak, familiak eta lagunak daude. Lanetik etxera itzultzen ez diren langileez ari gara».

ELAk ere antzeko deia egin du, «egoera larria» dela uste baitu. Eusko Jaurlaritzari eta patronalari exijitu die berehala ezar ditzatela prebentzio legeriaren ez-betetzeak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko neurriak. «Ezinbestekoa da osasuna eta bizitza erdigunean jarriko dituzten erabakiak hartzea, urtero 50 langile baino gehiago hil ez daitezen».

UGTk, berriz, enpresei dei egin die, langileei tresnak eman diezazkieten segurtasunez lan egiteko eta jarduera bakoitzaren arriskua «modu sakonean» neurtzeko. UGT eta CCOO, bakoitza bere aldetik, Gasteizen batu ziren atzo, asteleheneko istripu hilgarria salatzeko. ELA, LAB, ESK, Hiru eta EHNE sindikatuek gauza bera egingo dute gaur, Arabako hiriburuan. Ikaztegietako istripua, berriz, Hertellen egoitzaren aurrean salatuko dute, bihar.

Iaz laneko 62 heriotza zenbatu zituen LABek, eta 63 ELAk.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sanchez Galan, laugarrena ezkerretik, Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen, astearte honetan ©Zipi (efe)

Iberdrolak dio Galan «jazarpen kanpaina sistematiko» baten biktima dela

Jokin Sagarzazu

Konpainia «eskuz aldatzeko» estregia batekin lotu du haren inputazioa. Iberdrolako presidenteak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratuko du gaur, Villarejo komisarioaren espioitza auzi batekin lotuta. Enpresak dio gertakariak preskribatuta daudela eta lekuko nagusiak aurkeztu dituen frogak «faltsuak» direla.

Urtarrilaren 30erako mobilizatzera deitu duten sindikatuetako ordezkariak, atzo, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Grebarik ezean, manifestazioa

Imanol Magro Eizmendi

ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek lan erreformaren aurkako mobilizazio bateratuak antolatu dituzte hilaren 30erako. Ezustekorik ezean, deialdiak bidea itxiko lioke lanuzte orokor bati

2020an galdu zuen erdia eskas berreskuratu du EAEko BPGak

2020an galdu zuen erdia eskas berreskuratu du EAEko BPGak

Iker Aranburu

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %5,5 hazi zen 2021ean. Jarduera ekonomikoa bizkortu egin da urteko azken hiruhilekoan

Teknologia konpainia handien jabeak dira aberatsenak ©Erik Lesser/Britta Pedersen/Christophe Petit/Pool/EFE

Munduko hamar dirudun handienek pandemiaren aurretik halako bi dute

Aitor Biain

Izurriak aberatsen eta txiroen arteko arrakala handitu du, Oxfamek gogorarazi duenez. Mundu osoko aberatsik handienen jabetza 5 bilioi handiagoa da orain.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.