urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Isilarazitako mihiak

2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Txilen izan da azkena, asteon bertan. 93 urte zituen Cristina Calderonek, eta 20 urte ziren yamana edo hausa kuta bere ama hizkuntzaz solasaldirik ez zuela. Ahizpa hil zitzaionean amaitu ziren jagan herriaren hizkuntzan komunikatzeko aukerak. Munduan hegoalderen zegoen hizkuntza indigenaren hari fina 2022ko otsailaren 16an amaitu da.

Asteazkenean hil zen Cristina Calderon, eta hala, galdutzat eman da jamana hizkuntza, jagan herriaren mintzoa. Hamar seme-alabetatik alaba gazteenak ikasiko zuen itxaropena zuela esan zuen elkarrizketa batean, hiztun bakarra baitzen ordurako: 2003an Ursula ahizparen heriotzarekin, hizkuntza hartan komunikatzeko zeukan azken pertsona galdu zen. XXI. mendeko urte batzuk egin ditu hizkuntzak, baina haren oinarrizko funtzioa bete barik.

Duela mende erdi ere ia galdutzat zuten, 1972an hiztunen bat aurkitu eta beste bospasei ere bazirela ikusi zuten arte. Hau da, baziren azken hiztun batzuk, baina urte asko ziren ia inorkhizkuntza hura entzun ez zuela.

Ama-hizkuntzaren nazioarteko egunaren atarian, eta Unescok 2022-2032 hizkuntza indigenen hamarkadaren hasiera iragarri duen urte honetan, are tristeagoa bihurtu da albistea. Edozelan ere, azken solasaldia aspaldi izan zuen hizkuntzaren azken hatsa izan da, gehienez ere. Bi hamarkadotan ez da isilik egon Calderon: hainbat grabaketa egin eta hiztegi bati ere ekin zion, eta hizkuntza biziberritzeko ahaleginari ekin zioten Wulaia edo Isla Navarinon. Azken hiztunak gehiago edo gutxiago iraun, hizkuntzak biziberrituko badira, hiztun berriak behar dituzte.

Indigenismoa eremu estu eta, sarritan, lausoegia da, hizkuntzaren kalte. Ez da kasualitatea gure artean gehien entzuten den hizkuntza amerindiarra guarania izatea; ziur aski kontinente osoan osasuntsuen dagoen hizkuntza da. Txoko indigenan geroz eta zokoratuago geratu gabe Paraguaiko hizkuntza nazional bihurtuta, eta edozein jatorriko herritarrek darabilte. Zirraragarria da herrialdeko autobus batean familia ilehori bat elkarrekin alemanez entzutea eta gidariari edo ondoko bidaiariari guaranieraz egitea.

Horregatik, Cristina Calderonek hausa kuta hilobira eraman ote duen galdetzea baino, nahiago nuke jakin hori eragozteko neurriek zenbaterainoko emaitzak eman dituzten. 93 urterekin COVIDak eraman du azken hiztuna, izan da astirik horri aurre egiteko, urratsik egiteko. Ezaguna da Man uhartekoa: Ned Maddrell jatorrizko azken hiztuna hil zenerako, 1974an, ordu asko eman zituzten harekin berbetan hizkuntza ikasi zutenek, eta haria ez zen sekula eten. Egun, murgiltze ereduan diharduen eskola ere badute.

Jagan herriaren Hego Amerikako eremu austral horietatik hurbilago, Argentinako Panpa eta Patagonian günün a yajüch hizkuntza hilda dagoela irakurriko duzue Wikipedian. PEN Internationaleko Hizkuntza Eskubideen batzordean Ama Hizkuntzaren Egunaren aitzakian prestatu dugun bideopoemen jardueran, baina, aitita-amamekin ikasitako Daniel Huircapanen Yasnatsüklü (Iratzarri) poema jaso dugu, PEN Argentinako lagunek bidalita: «Ume bat, hiri txiki bateko etxeko patioan jolasean; haizean, ahots bat entzun du, beste garai batez berbetan, etxe barrutik irteten zen garai zahar batez. Umeak, isilik, isiltasun sakratu horretan, esaten zuen guztia entzun, eta bihotzean gorde zuen, hazi bat lur emankorrean bezala. Hitz horiek, belaunaldi berri batean berpiztuko ziren». Aukera baduzue, hilabete batez argitaratzen joango garen bideoen artean dago (Itxaro Borda ere izango da euskaraz Amerika indigenara poesia irakurle, Ipar Amerikara zehazki).

Calderonen heriotza baino egun batzuk lehenago, Hego Amerikatik urrun, Mesopotamian, Ipek Ates hil zen, eta ez nuke gaurkoa hura aipatu gabe utzi nahi. 1980ko hamarkadako erresistentziaren sinbolo bihurtu zen Ates, Turkiako errepublikak kurduen eta haien eskubide oinarrizkoenen aurka zerabilen politikaren irudi. 1980ko estatu kolpearen ostean torturatu eta espetxeratutako milaka kurduetako bat zuen semea. Atxiloketatik zazpi hilabetera bisitatu ahal izan zuenean, hiru hitz baino ezin izan zizkion esan. «Kamer Ates, nasõlsõn?». Behin eta berriz errepikatu zion semeari galdera bera: «Kamer Ates, nola zaude?». Ipek Atesek turkieraz zekien gauza bakarra zen nasõlsõn, «nola zaude». Kurdueraz egiteak bisita amaitzea zekarren. 80ko hamarkadako kontu ilunak, esan lezake norbaitek, baldin eta Turkiako espetxeak preso kurduz beteta ez baleude orain ere. Yozgateko espetxeko zuzendaritzak deia eten zion preso bati urtarrilean, amarekin kurdueraz egiteagatik. 2022ko urtarrilean.

Ez dakit Ama HizkuntzarenEguna izendapen egokia den, ziur aski badago hoberik. Baina bai baztertutako, debekatutako, isilarazitako mintzairen ahalduntze eguna dela munduko leku askotan, eta horiek ere behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.