Memoriaren bertute txikiak

Ginzburgen 'Bertute txikiak' lana itzuli du Irene Hurtado de Saratxok , Alberdaniaren eskutik

Irene Hurtado de Saratxo idazle eta itzultzailea, Bertute txikiak lanaren aurkezpenean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Natalia Ginzburg idazle italiar entzutetsuaren Bertute txikiak itzulpen lana plazaratu du Alberdania argitaletxeak. Ginzburg iragan mendeko egilerik dirdiratsuena da literaturazale askorentzat, eta euskarara heltzen den haren laugarren lana da hau. Irene Hurtado de Saratxo Mendieta idazle eta itzultzaileak ekarri du, eta Alberdaniako editore Jorge Gimenez Bechekin batera aletu ditu liburuaren ingurukoak Donostiako Udal Liburutegian egindako aurkezpen ekitaldian.

Irene Hurtado de Saratxok adierazitakoaren arabera, Natalia Ginzburg «zutabe» izan da bere idazle ibilbidean, «bizitzea suertatu zitzaion garai historiko latz bezain gatazkatsua» kontatzeko moduagatik. Era berean, «goi mailako sortzaileen artean» bizitzea tokatu zitzaiola azpimarratu dute hala idazleak, nola editoreak: Einaudi argitaletxearen sorreran parte hartu zuen, eta Italo Calvinoren gisako egile kanonikoak izan zituen aldamenean; eta biek ala biek argitu dute haien itzalpean jardun zuela, baina egundoko idazlea zela.

Bertute txikiak bi bloke nagusitan banatuta dagoela azaldu dute: batetik, memoriarekin lotura zuzena duen eta nolabaiteko kutsu autobiografikoa darion lehen zatia dago; bestetik, ordea, moraltasunean sakontzera bideratuta dagoen eta saiakera literarioaren sena igartzen zaion bigarren atala dakar liburuak.

Bloke bakoitzaren barruan, berriz, «denetariko gaiak jorratzen dituzten kapituluak» daude, itzultzailearen ustez. Bigarren zati horretako kapitulu batetik hartu du Hurtado de Saratxok lanaren izena: «Bertute handien gorazarrearen artean mugitzen diren bertute txikiak ditu».

Erraldoien artean erraldoi

Aurkezpenean, besteak beste, Ginzburgen estilo literarioa nabarmendu du Gimenezek; «garai hartan emakumeei zegozkien idazketa moldeak desafiatzera» ausartu zela italiarra. Ignacio Martinez de Pison idazlearen berbak gogora ekarri ditu, tesi hori argudiatze aldera: «Natalia Ginzburgek asmatu zuen aldi berean mundu delikatu eta trinko bat altxatzen, txikia eta handia, intimoa eta unibertsala».

Zenbait testutan geldialdia egin dute aurkezpenean, liburuaren lehen zatia irekitzen duen Negua Abruzzon narrazioan, esaterako. Hurtado de Saratxok azaldu du naziek Ginzburgen senarra kartzelan erail ondoren idatzitako «kontakizun oso berezia» dela, eta «gaur egun puri-purian eta egunerokotasun osoz bizi dugun erbestearen gai gogorra» jorratzen duela. Ginzburgen eta haren familiaren hiru urteko erbestealdi gogorra «memoriaren prismatik» lantzen du testuak. «Obra osoan zinez aipagarria da pasarte horren pisua», erantsi du itzultzaileak.

Erbesteaz gain, konfinamendua, errepresioa eta halako «gai mamitsuak» ere lantzen dira testu horretan bertan. Hurtado de Saratxo: «Egungo edozein obratan egon ahalko liratekeen gaiak, alegia,gaurkotasun osoa dutenak».

Estilo eta ahots propioa

Gimenez Bechek eta Hurtado de Saratxo Mendietak aho batez azaldu dute Natalia Ginzburg «idazle berezi-berezia» izan zela, «bizi izan zuen garai bitxiaren testuinguruan». Izan ere, editoreak gogorarazi duenez, Lehen Mundu Gerra bete-betean zegoela jaio zen idazlea, eta Berlingo harresia erori eta urte pare batera zendu. «Beraz, XX. mendearen ertz eta ondorio oro bizitzea suertatu zitzaion, garai hartako Italiako familia burges, sozialista eta judu bateko partaide baten traza literarioetan horrek sor litzakeen ondorio denekin».

Ginzburgek «sentimentaltasun antzutik ihes egiten duen estilo eta ahots propioa» duela nabarmendu du Hurtado de Saratxok: «Bere bizi esperientziatik hitz egiten duen ahotsa da italiarrarena, sasoiko emakumetasunarekin alderdi ugaritan bat egiten ez duena, kutsu autobiografiko sendokoa eta ortzimuga literario berriak urratzen dituena».

Bertute txikien zerrenda osatzen duten ortzimuga horien artean, batik bat, hauek aipatu dituzte: gerrak suntsitutako belaunaldiarekiko kezka, arimaren gaitzak, isiltasuna, egoismoa, erantzukizuna, errua, familia, lanbidea, klase soziala, dirua, hizkuntzaren eta hezkuntzaren esangura, seme-alaben hazkuntza eta zaintza, amatasuna eta idazle ogibidea bateratzeko zailtasunak, eta emakume izateak baldintzaturiko bizitza.

Gai horiei guztiei heltzeko orduan, Bertute txikiak obraren itzultzaileak aitortu du Ginzburgen testuei «nolabaiteko soiltasun landua» dariela: «Giza harremanen arazoa norbere bizitzaren muinean dagoela erakutsi zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.