Bizitegien politikarako 'ideia kutxa' helarazi du Garapen Kontseiluak

Garapen Kontseiluak tailer batean eta bestean parte hartu du BTPren egitasmoari begira. Azken ekarpena joan den urrian egin zion Elkargoari

Barnealdeko herri erdigune batzuetan diren etxe hutsak aipu ditu Garapen Kontseiluaren txostenak. GUILLAUME FAUVEAU.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Garapen Kontseiluak bere ekarpenak egin dizkio Bizitegien Tokiko Programari, 25 proposamenetan laburbildurik.

Azken urteetan egiten utzi dena deitoratuz abiatu du ekarpena: «Tokiko erabakitzaileek bizitegi ekoizpen librea utzi dute egiten eta eskuan zituzten menperatzeko tresna publikoak azpi-baliatu dituzte». Ipar Euskal Herriko biztanleen %73k arrazoizko prezioko bizitegi baten lortzeko eskubidea luketelarik, azken bost urteetan, horietarik %28 baizik ez egin izana deitoratu du. Egoera larriagoa da bizitegi biziki sozialak deitzen direnen arloan. %26k eskubidea baluketelarik, %7 baizik ez dira egin. «Sozialak deitzen diren ekoizpenak egiazki errebenio gorenak dituztenei joaten zaizkie. Behar bati erantzuten diete, baina ez hauskorrenak direnenei (gazteak, langile pobreak, erretreta sari apalak). Ikasleek, aterperik gabekoek, bortizkeria sexistak pairatzen dituztenek eta etorkinek dituzten beharrei erantzuteko premia ikusi du, bestalde.

Bere lehen proposamenean, Garapen Kontseiluak dio ekoizten diren bizitegietan %60k sozialak izan behar dutela oraindik goiti. «Eta biziki tiran diren eremuetan, %75ek, merkatu librearen goraldia geldiarazteko» (Baiona eta Hendaia arteko itsasaldea).

Mugerretik Azkainera —Bidaxune, Hazparne eta Errobi aldea barne—, «arrazoizko prezioan egin ekoizpenetan indar egin behar dela» dio, «gazte aktiboentzat eta diru iturri apaleko familientzat». Horretarako, alokatzaile sozialei dei egin behar zaiela, nagusiki herri erdiguneetan egiteko, languneetatik eta garraio zerbitzuetatik hurbil. Donapaleu, Iholdi, Ortzaize arteko lerroan hutsik diren etxe handi batzuk badirela dio, bereziki herri erdiguneetan, baita bazterreko laborari etxe batzuk ere. Horien zaharberritzea eta egokitzea lehenestea proposatzen du «adineko jendeari etxean egoteko parada emateko, gazteen eta herritartu berrien errezibitzeko».

Bizitegien politikak «trantsizio ekologikoan eta energetikoan parte hartu behar duela» dio Garapen Kontseiluak, urrunago. Hiriaren zabaltzea mugatu behar dela «laborantza lurren atxikitzeko»—elikadura helburu—, baita «gune naturalak» ere. Eraikuntza berrietan energia mailako kalitatea hobetzea eskatzen du. Zaharberritzeetan, ekai ekologikoen baliatzea lehenestea eta laguntzea, eta zerbitzu bakarra eskaintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.