Felix Zubia.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Zer ez dugu ulertu (nahi)?

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemia 1918tik hona izan dugun osasun larrialdirik okerrena da. Mundu mailan bi milioi eta erdi pertsona baino gehiago hil dira; Hego Euskal Herrian, 5.200 baino gehiago. Gure zainketa intentsiboetako unitatean 500 pazientetik gora artatu ditugu, eta ehun inguru hil dira.

Birusaren hedapena esponentziala da, hau da, lehenik igoera txikiak izaten dira, baina maila batera heltzen denean, izugarri biderkatzen da denbora gutxian. Hori dela eta, neurriak hartzeko datuak okertzera itxaroteak ez du zentzurik, izugarrizko triskantza dakarrelako atzetik. Ez dut ulertzen nola itxaroten dugun hamalau eguneko tasa okertzera neurriak hartzeko, igoera datorrela ikusita. Horrela, beti gaitzaren atzetik joango gara. Zortzigarren egunean egoera txarra dela nabarituta, neurriak aurreratu beharko lirateke.

Bide beretik, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarri diren larritasun mailak altuegiak dira. Estatuan, hamalau eguneko eta 100.000 biztanleko 150 kasu gainditzean, alarma laranja pizten da, eta 250 kasuak gainditzean, gorria. Euskal Autonomia Erkidegoan, 300 kasutan pizten da alarma laranja, eta 400 kasutan gorria.

Eremu itxietan ematen da birusaren hedapenik handien; 40 aldiz handiagoa da arriskua. Aireztapena eta espazio itxietan ez biltzea dira, musukoekin batera, hartu beharreko neurriak.

Hori horrela, nabarmena da ostalaritzako eremuetan izan litekeen arriskua. Begira azken egunetan hainbat sagardotegi eta ostatuetako bezeroei egin behar izan zaizkien baheketak. Epaileen epaiak epai, arrisku guneak dira, eta denon onagatik itxi behar badira, denon artean eman beharko genieke laguntza.

Ostalaritzan dagoen arrisku bera dago gure etxeetan ere, bizikidetza unitate ezberdinak nahasten baditugu otorduak edo festak egiteko. Neurri hori gure esku dago nagusiki, ezin digutelako etxe bakoitzean polizia bana jarri. Transmisio kateen erantzule gara.

Neurriak behar ditugu, aholkuek ez dutelako balio (zoritxarrez, horrelakoak gara). Eta neurri horiek legearen babesa behar dute; berdin zait estatu edo erkidego mailakoa den. Legerik gabe, galduak gaude.

Txertaketa da hemendik irteteko bide bakarra. Adin batetik aurrera (Erresuma Batuan 30 urtetan jarri dute muga), onura arriskua baino askoz ere handiagoa da. Arriskua izan, bada, baina oso baxua. Ez gaitzatela erakunde zientifikoen babesik gabeko neurriekin zorabiatu.

Kutsatzeen eta hildakoen arduradun gara. Gizarte honek sortzen ditu, eta erantzule gara, hasi gure agintariengandik, eta gutako bakoitzarekin bukatuz. Ez dut itxaropen handirik, baina erakutsi dezagun zein diren gure lehentasunak. Azkenaldian, nahi baino heriotza ziurtagiri gehiago betetzen ari naiz. Hurrengoan, heriotza arrazoia deskribatzean, koronabirusagatiko pneumonia idazteaz gain, gizartearen arduragabekeria idatziko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.