Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Torturaren justizia poetikoa

2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren ordezkaritza dago orain han. Tokiak badu bere garrantzia. Zer jartzen den non. Zer ezkutatzeko edo zer nabarmentzeko egiten diren aldaketak. Espainiako Poliziaren Iruñeko egoitza zaharra zegoen lekua memoria zentro izendatzeko eskatu dute Egia Osoa egitasmo sortu berriko kideek. Handik pasatu zirenek gustura ahaztuko luketen arren, ez dute gizarteak ahazterik nahi han gertatutakoa. Torturatu egin zituzten. Han, eta baita Guardia Zibilaren kuartelean ere. Ahaztuko lukete, ahaztuko luketenez. Egun haietan bizitakoak bizitza osorako utzitako marka ere kenduko lukete gorputzetik. Baina ezin da. Gertatu zen, eta ezin da ezabatu, ezin da ahaztu. Eta ez da ahaztu behar.

Bi leku horiek memoria gune izendatzeko oroimenerako plaka bana jartzea proposatu du Egia Osoa taldeak, eta baita giza eskubideen urraketen oroigarri bat eraikitzea ere. Ikusteko dago eskaerak zein bide egingo duen. Batzuek erakutsi nahi dutena besteek ezkutatu nahi izango baitute. Ez onartu nahi izana izan daiteke, eta urte batzuetara egindakoa egin izanaren lotsa. Nolanahi ere, imajinatu: Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza kartelaren alboan Hau tortura leku izan zen plaka. Justizia poetikoa ere dei dakioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.