Katalunia. Eztabaida politikoa

Torrak Sanchezi eskatu dio «eguna eta ordua» jartzeko hitz egiteko

Kataluniako presidenteak «baldintzarik gabeko elkarrizketa» eskatu dio Espainiakoari. Torrak esan du indarkeriak ez duela «independentismoa ordezkatzen»

gurutze izagirre intxauspe
Bartzelona
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean jakinarazitako sententziak eragile guztiak mugitzera behartu ditu. Kataluniako herritarren erantzuna izan da sendoena: aste osoan eutsi diete mobilizazio etengabeei, eta ostiraleko martxek beste mugarri bat jarri zuten. Iluntzeetan istilu larriak izan dira aste osoan herrialdeko zenbait tokitan, eta Poliziaren oldarraldiak aspaldiko bortitzenak izan dira. Eztabaidagaia izan da Poliziaren jarduna aste osoan Katalunian. Quim Torra Generalitateko presidenteak ostiral gauean larrialdirako kabinetera deitu zuen, eta agerraldia egin zuen atzo goizean, Pere Aragones presidenteordearekin, eta Tarragonako, Lleidako eta Gironako alkateekin batera. Bartzelonakoa, Ada Colau, ez zen gehitu agerraldira, «presazkoegia» zela iritzita.

Bi mezu eman zituen atzo Torrak. «Indarkeriak ez du independentismoa ordezkatzen», izan zen bata. Esan zuen askatasunen eta eskubideen defentsa modu baketsuan egin behar dela, eta mobilizazioetan arduraz aritzeko eskatu zuen. Bigarren mezua, hau: «Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari eguna eta ordua jartzeko eskatzen diot, Kataluniako egoerari buruz hitz egin eta akordio bat egiteko». Baldintzarik gabeko elkarrizketa eskatu zion. «Orain sekula baino beharrezkoagoa da».

Generalitateak jakinarazi zuenez, Torrak atzo bertan dei egin zuen Moncloara, baina Sanchezek ez zion erantzun. Ondoren, Moncloak erantzun zion «indarkeria irmo gaitzetsi arte» ez dutela bilerarik onartuko.

Goizeko agerraldian, berriz, Aragones Generalitateko presidenteordeak ere hitza hartu zuen. Espainiako Poliziari eskatu zion proportzionaltasunari eutsi eta gomazko pilotak erabiltzeari uzteko: «Sanchezi eskatu diogu elkarrizketa, eta berak Barne ministroa bidali digu». Espainiako Poliziak gomazko pilotak erabili dituela-eta, Miquel Buch Generalitateko Barne sailburuak, berriz, esan du Polizia bakoitzak bere eskuduntzak dituela, Katalunian gomazko pilotak debekatuta egon arren.

Kartzelan dauden buruzagi independentistek Generalitatea babestu dute, txio bidez igorri dituzten mezuetan, eta berretsi dute indarkeriak ez dituela ordezkatzen.

Oposizioak estu hartu du Torra. Miquel Iceta PSCko eledunak esan du katalanen arteko elkarrizketa dela beharrezkoa, eta Torrari ukatu dio horretarako gaitasuna. Estatuko segurtasun indarrei babesa agertzeko ere eskatu dio Icetak Torrari. Ciudadanosek eta PPk Torraren aurka egin dute, eta gobernutik kendu egin behar dela diote.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa Bartzelonan izan da. Ostiralean zauritutako poliziei bisita egin die, eta esan du poliziek eragindako zaurituengatik «sentitzen» duela. Gehitu du Poliziak erabili duen indarkeriaren proportzionaltasuna «egokia» izan dela, eta honako hau gehitu du: «Indarkeria honen guztiaren atzean independentismo biolentoa dago». Marlaskak eman dituen datuen arabera, iragan astelehenetik 300 polizia baino gehiago zauritu dituzte istiluetan; ostiralean 101, haren arabera. Torrari eskatu dio «indarkeria» gaitzesteko: «Bost egun egin ditugu, eta oraindik ez dugu entzun ez Torraren, ez bere gobernukideen, ez erakundeen gaitzespen irmo bat». Icetaren ildotik egin du Marlaskak, eta esan du Sanchezen jokabidea zein den: «Konstituzioa, legea eta elkarrizketa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.