Euskal iheslariak. Bilakaera

BAINA BIHOTZAK DIO

Azken bost hamarkadetan, euskal iheslariena errealitate ezkutu eta ezezaguna izan da askorentzat. Mundu osoan barreiaturik egon ostean, aspaldi honetan sorterrirako bidea hartu dute haietako askok; hala ere, oraindik badaude zenbait oztopo, guztien etxeratzea galarazten ari direnak.

BAINA BIHOTZAK DIO.
gotzon hermosilla
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun

Mende erdi bat. 1961eko urtarrilaren 1ean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k Euskal Herria bitan zatitzen duen muga zeharkatu zuen Dantxarinetik (Nafarroa), Espainiako Poliziaren jazarpenetik ihesi. Iheslariena ez zen kontu berria Euskal Herrian: 1936ko gerraren ondorioz, milaka euskal herritar zeuden mundu osoan barreiaturik, baina esan daiteke hura izan zela aro modernoko lehen errefuxiatua. Ez zen bakarra izan: hilabete batzuk geroago, ETA soldadu frankista ohiak Donostiara zeramatzan trena errailetatik aterarazten saiatu ostean, sarekada handia egin zuen Espainiako Poliziak, eta dozenaka lagunek erbesterako bidea hartu zuten.

2021eko apirilean, hedabideek jakinarazi zuten Joseba Sarrionandia eta Agustin Azkarate iheslariak Euskal Herrira itzuliak zirela. Mende erdi bat igaro da bi gertaeren artean; kalkuluen arabera, bost hamarkada horietan 2.500 euskal herritar inguruk hartu behar izan dute erbesterako bidea.

Oraindik ere guztiz askatu gabeko korapiloa da iheslariena, badaude-eta etxera itzuli ezinik dauden errefuxiatu eta deportatuak. Edonola ere, ezin da ukatu EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013ko ekainaren 15ean Miarritzeko Adierazpena kaleratu zuenetik asko aldatu dela egoera.

Baina, horrekin batera, beste errealitate bat azaleratu da: erbestean urteak edo hamarkadak eman dituztenetako batzuek, itzultzen direnean, arazo ugari topatzen dituzte lana bilatzeko, dagozkien pentsio edo diru sariak kobratzeko, osasun arta jasotzeko eta, batez ere, egoera berrira egokitzeko. Izan ere, oraindik bukatu gabea den gertaera historiko horretan, abagune politikoak eta sorterritik urrun bizitzera derrigorturik egon direnen bizipen pertsonalak gurutzatzen dira.

Mikel Korta Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide historikoa izan zen, eta urteak eman ditu arlo horretan lanean. Egun Sortuko kidea da, eta alderdi horren Preso eta Iheslarien Batzordean dihardu: «Espainiako Estatuak beti erabili du errepresioa gure aldarrikapenei aurre egiteko. Eta hor tortura dugu: urte askoan, atxilotua izatea torturaren sinonimo izan da, eta hori mundu guztiak zekien. Tortura saihestu nahi izatea da hainbeste iheslari egon izanaren arrazoi nagusia».

Elkartasuna eta jazarpena

1960ko hamarkadan lehenengo iheslariak Ipar Euskal Herrian aterpea bilatzen hasteaz batera hasi zen elkartasun mugimendua ere, 1968an sortutako Anai Artea elkartearen bidez batez ere. Eta garai bertsuan hasi zen Frantziako agintarien jazarpena: frankismo gorrian ere, Frantziak euskal iheslariak atxilotu eta haietako batzuk Ipar Euskal Herritik kanpo bizitzera behartu zituen, batez ere 1973ko azaroan Carrero Blanco Espainiako gobernuburuaren aurkako atentatua izan ostean.

Franco hil eta gero, trantsizioaren garaiko lehen urteetan agertu ziren geroago orokortuko ziren neurrien lehen zantzuak. 1976an, Frantziak Yeu irlan konfinatu zituen zenbait euskal errefuxiatu, hogei bat orotara. 1977ko ekainean, berriz, Espainiako espetxeetan zeuden zenbait preso, tartean Burgosko Auzian epaitutakoak, Belgika, Norvegia, Danimarka eta Austriara bidali zituzten, hilabete geroago itzuli ziren arren. Eta 1978ko uztailean, Agurtzane Arregi hil eta haren senar Juan Jose Etxabe larri zauriturik suertatu zen Triple A talde parapolizialak Donibane Lohizunen egindako atentatu batean.

Izan ere, errefuxiatuen aurkako gerra zikina deiturikoa 1973an hasia zen, baina Franco hil ostean indartu zen, eta alderik gordinena 1983tik aurrera azaldu zuen, GAL taldearen sorrerarekin. Orotara, 1973tik 1985era eta gerra zikinaren ondorioz, 22 errefuxiatu hil zituzten eta lau desagertu ziren horietatik bi, Joxean Lasa eta Joxi Zabala, hilik agertu ziren urte batzuk geroago.

Horrek hainbat ondorio ekarri zituen, eta horietako bat izan zen Frantziaren jarrera makurtzea Espainiak nahi zuen aldera. 1986an Jacques Chirac Frantziako presidente izendatzearekin hasi ziren aldaketa horren lehenengo zantzuak, eta begien bistakoa bilakatu zen 1987ko urrian Frantziako Poliziak sarekada batean 120 errefuxiatu inguru atxilotu zituenean. Gehienak Espainiaren esku utzi zituzten.

Deportazioa

Lehenago, Frantzia hasia zen beste neurri bat abian jartzen: deportazioa. 1946an onartutako lege baten arabera, estatuak bazuen ahalmena «herrialdearen segurtasunerako arriskutsuak» izan zitezkeen pertsonak zuzenean kanporatzeko; 1984ko urtarrilean, Frantziak hautsa kendu zion legeari, eta, hura baliatuz, sei euskal iheslari Panamara bidali zituen. Hurrengo hilabeteetan, kanporatutakoen jarioa Kubara, Venezuelara eta Dominikar Errepublikara hedatu zen.

Orotara, 1984tik 1990era, 74 iheslari deportatu zituzten. Hego eta Erdialdeko Amerikako bost herrialdek eta Afrikako beste bostek hartu zituzten deportatu horiek, eta batzuetan herrialde horien arteko mugimenduak egon ziren, deportatuak toki batetik bestera lekualdatuz.

Behin-behineko neurria zirudiena luzatuz joan zen, eta deportatuek hamarkadak eman dituzte oso egoera irregularrean, paperik eta estatus juridikorik gabe eta, kasu askotan, bizi baldintza latzak pairatuz. Horietatik hamabi deserrian hil ziren. Azken urteotan, batzuk apurka-apurka itzuli dira Euskal Herrira, abagune politiko berria baliatuta, baina oraindik zortzi deportatu gelditzen dira Kuban, Venezuelan eta Cabo Verden.

«Euskaldunok deportazio hitza erabiltzen dugu egoera horri izen bat jarri behar geniolako, baina, berez, deportazioa ez da existitzen», azaldu du Kortak. «Espainiako eta Frantziako gobernuen eta deportatuak hartu dituzten herrialdeetako gobernuen arteko akordio pribatuak dira, inolako oinarri juridikorik ez dutenak. Haien egoerak ere oso desberdinak izan dira: Kuban aske bizitzen utzi diete, eta Ekuadorren, berriz, etxe barruko arrastatzea ezartzeaz gain, Aldana eta Etxegarai bahitu eta torturatu egin zituzten».

Deportazioaren alderik makurrenetako bat, zehaztugabetasun juridikoaz eta bizi baldintza eskasez gain, hau da, Kortaren esanetan: «Deportazioa zigorra da, baina ez da zigor gisa kontatzen. Deportatu batzuk, urte mordoa egoera horretan egon ostean, hegazkinean sartu eta Espainiara eraman dituzte, eta han ezarritako zigorra hutsetik bete behar izan dute».

Irtenbide bila

Beren egoera betikotzeko arrisku larria zegoela jakinda, iheslariek azken hamarkadetan ahaleginak egin dituzte irtenbideak mahai gainean jartzeko. ETAk 2011n bere jarduera bertan behera utzi eta 2018an desagerpena iragarri ostean bizkortu dira mugimendu horiek, baina ahaleginak lehenagotik datoz.

Horien aurrekariak aspaldikoak dira. Adibidez, 1995eko maiatzean, Frantziako lurraldeetan zehar egoitza asignatuta zeukaten hamabost errefuxiatuk debekua apurtu, ezarritako bizitokitik irten, eta itxialdi bat egin zuten Baionako katedralean, printzipioz astebete iraun behar zuena, baina hamazortzi egunez luzatu zena, Euskal Herrian bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Protestaldia amaitu zenean, iheslariek iragarri zuten aurrerantzean «bizimodu normala» egingo zutela Ipar Euskal Herrian, zenbait herritar ospetsuren etxeetan, eta paperak lortzen eta egoera erregularizatzen saiatuko zirela. Nolabait, urte batzuk geroago iritsiko ziren ekinbideen hazia zegoen mugimendu hartan, baina ez zuen akabera onik izan: hurrengo hilabeteetan, Frantziako Poliziak «bizimodu normala» egiten hasitako iheslarietako asko atxilotu zituen, bai eta zenbait Espainiaren esku utzi ere.

Lizarra-Garazi akordioaren osteko garaian, eta egoera blokeotik ateratzen laguntzeko asmoz, 2003ko urtarrilean beste urrats bat egin zuten iheslariek, eta Donostiako Gasca kiroldegian Bai Euskal Herriari plataformak egindako ekitaldi batean 11 iheslari agertu ziren jende aurrean. Guztien izenean Angel Alcaldek hitz egin zuen, eta sorterrira itzultzeko erabakiaren berri eman zuen.

Baina, dudarik gabe, ETAk jarduera bukatu izana mugarria izan zen etxeratzearen estrategiari bultzada emateko. 2013ko ekainean, EIPK iheslarien kolektiboak Elkartasun hatsa izeneko ekitaldia egin zuen Miarritzen (Lapurdi), eta han Herria dugu arnas agiria plazaratu zuten. Idazkian, etxera itzultzeko asmoa azaldu zuten, «konponbiderako ekarpen» gisa: «Ez dadila pertsona bakar bat ihes egitera beharturik izan etorkizunean, eta guk egin dugun bidea pairatzera».

Handik hilabete batzuetara, 2014ko martxoan, agerraldi bat egin zuten Arrangoitzen (Lapurdi), eta han iragarri zuten sorterrira itzultzeko lehen urratsa egingo zutela. Hala izan zen: herri askotan hilaren azken ostiralean presoen aldeko elkarretaratzea egiten zutela baliatuta, martxoaren 22an 80 bat iheslari nor bere herrian agertu ziren. Batzuk, han gelditzeko asmoz; beste batzuek, urteen poderioz, bizimodua Ipar Euskal Herrian egina zuten, eta hara bueltatu ziren itzulera sinboliko horren ostean. Baina kasu guztietan esanahiz eta emozioz beteriko pausoa izan zen hura.

Kalkulatzen da Lizarra-Garaziren akordioaren garaitik hona 230 bat iheslari itzuli direla sorterrira; horietatik 32, deportazioan egondakoak. Azken albistea aste honetan bertan iritsi da: erbestean denbora luzea eman ostean, David Urdin Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu da, eta, fiskaltzarekin akordioa lortu ondoren, sorterrira itzultzeko modua izan du.

Zama asko arindu da. Baina arazoa ez da guztiz konpondu: oraindik gelditzen dira munduko bazterretan Euskal Herrira itzultzeko arazoak dituzten iheslariak. Sortuk emandako informazioaren arabera, 36 dira, deportatuta gelditzen diren zortziak barne.

Bizikidetzaz arduratuta dauden eragileek badakite iheslariena ere konpondu beharreko auzia dela. IV. Foro Sozialak, esaterako, gaia izan zuen hizpide 2018ko urtarrilean Irunen (Gipuzkoa) egindako bilkuran. «Oraindik ere, iheslarien arazoa nahikoa ezezaguna da jendartean, eta agenda politiko eta mediatikotik kanpo dago», azaldu du Foro Sozialeko Teresa Todak. «Baina, dudarik gabe, konpondu beharreko auzia da; gelditzen diren iheslariak adinekoak dira, askok osasun arazoak dituzte, eta denbora luzea eman dute oso baldintza prekarioetan. Guk planteamendu integrala egiten dugu; pentsatzen dugu gatazkaren ondorio guztiak konpontze bidean jarri behar direla, eta iheslari eta deportatuena ez da salbuespena».

Todaren ustez, gaur egun Espainiako Auzitegi Nazionalean dago oztopo nagusia: «Alde batetik, abokatuei ez zaie bidea errazten sumarioak ikusteko eta jakiteko haien bezeroen kontrako auzirik dagoen edo ez; eta, beste aldetik, preskripzioaren erabilera maltzurra egiten da. Gure gomendioa beti izan da instituzioek erraztea etorri nahi dutenen itzulera».

Mikel Kortak dioenez, iheslariek aspaldi detektatu zuten zeintzuk diren egoera konpontzea galarazten ari diren «tapoiak», eta nola kendu tapoi horiek. Abokatuei informazioa ematea, preskripzioari bide naturala egiten uztea auzibideak artifizialki berpiztu gabe, tortura oinarri duten auziak baliogabetzea, deportazioak dakarren zigorra amaitutzat ematea, eta adinean sartuta dauden iheslariei eta osasun arazoak dituztenei itzulera erraztea: horra hor iheslarien eskakizun nagusiak, Kortaren hitzetan «guztiz zentzuzkoak direnak, eta gelditzen diren iheslari gehienen arazoa konpon lezaketenak».

Horri «justizia trantsizionala» edo «errealitatearen printzipioa» gehitu beharko litzaizkioke, Kortaren aburuz: «[Espainiako gobernuburu] Pedro Sanchezek esan zuen egoera aldatu dela, eta, beraz, espetxe politika aldatu behar zela; nik uste dut horrek berdin-berdin balio dezakeela iheslari eta deportatuen auzian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.