Albistea entzun

'Pegasus auzia'. Mahai ingurua

ZULO ILUN BEZAIN SAKONA

Azken asteetan azaleratutako espioitza kasuez hitz egiteko eseri dira mahaiaren bueltan EH Bilduko, Unidas Podemoseko, ERCko eta JxCko ordezkariak. Kezka adierazi dute gobernuaren geldotasuna dela-eta, eta ondorioztatu arazoaren muina estatuaren egituretan dagoela.
Ezkerretik eskuinera, Josep Pages, Mertxe Aizpurua, Gabriel Rufian eta Roberto Uriarte.
Ezkerretik eskuinera, Josep Pages, Mertxe Aizpurua, Gabriel Rufian eta Roberto Uriarte. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi - Berriemaile berezia

2022ko maiatzak 22 - Madril

Hilabete igaro da CitizenLab ikerketa zentroak eginiko espiatuen zerrenda publikatu zenetik, eta, ordutik, afera eztabaida ororen erdigunean kokatu da Espainiako Kongresuan. BERRIAk eraikin hartako Perez-Llorca salan batu ditu Mertxe Aizpurua (EH Bildu), Roberto Uriarte (Unidas Podemos), Gabriel Rufian (ERC) eta Josep Pages (JxC), hilabete batzuk lehenago Jose Manuel Villarejo komisario ohiak berak eginiko zelaten inguruan deklaratu zuen leku berean. Lau diputatuek bat egin dute Espainiako Gobernuari azalpenak eskatzeko garaian, eta nabarmendu arazoa espioitza kasu zehatzetatik haratago doala.

Rufianen esanetan, espioitzen gaineko hausnarketarako beharrezkoa da «Espainiako ezkerraren konfort eremutik ateratzea», ezeren gainetik, espioitzak «zuzenbide estatuaren aurkakoak» direlako. «Mantra kontziente edo inkontziente bat dago dioena independentista bazara zerbait egingo zenuela, eta, beraz, espiatu behar zaituztela», azaldu du, eta gehitu ideia horrek bat egiten duela eskuinaren diskurtsoarekin. Behin «konfort eremutik» aterata, berriz, «arazoa handitu» egiten da, ERCkoaren hitzetan. Hala, independentisten eta gobernuko kideen aurkako espioitza kasuak ikusita, Rufianek uste du «gutxieneko» urratsa zela CNIko zuzendari Paz Estebanen kargugabetzea: «Zentzu komunari eginiko kontzesio bat».

Ideia horrekin bat egin du Aizpuruak ere: «Ongi funtzionatzen duen estatu baten irudia eman nahi badu, gobernuak ardurak garbitu behar ditu. Higiene demokratikoagatik, eta bere etorkizunagatik». Kontrakoa, «gertatutakoa argitzeko gaitasun falta», «estatu egituretan arazo bat» dagoenaren adibide litzateke.

«Argitasuna» eskatu du Pagesek ere. Haren esanetan, lehenik, gertaerak zehaztu behar dira, eta, ondoren, erantzukizunak banatu. «Buru bat kendu, eta beste bat jartzea, fusible aldaketa sinple bat da», esan du Estebanen kargugabetzeaz, eta gehitu aferaren amaiera «urrun» dagoela: «CNIko zuzendaria espioitzen zati baten arduradun izan daiteke, baina ez guztiena». Izan ere, uste du orain arteko zehaztasun bakarra CitizenLab-en zerrenda dela.

Erantzule posible horietako bat aipatu du Uriartek: Margarita Robles Defentsa ministroa. «Haren egoera oso delikatua da», azaldu du. Hala, Estebanen kargugabetzea lehen pauso bat dela uste du, gaia justiziaren esku uztearekin batera. Erantzukizun judizialei erantzukizun politikoak batzea litzateke hurrengoa. Halere, UPko diputatuak afera «esparru orokorrago batean» kokatu nahi du: «Intimitaterako eskubidearen eta gertaeren berri izateko eskubidearen krisi bat dugu».

Orokorretik zehatzera itzulita, eta Espainiako presidenteak Kataluniako independentisten kasuan duen erantzukizunaz galdetuta, Rufianek eta Aizpuruak argi dute erantzuna. «Ez da iritzi bat, informazioa da. Legezko espioitza orok gobernuko presidentearen sinadura behar du», argudiatu du ERCko eledunak. Ez du, baina, zelaten inguruko xehetasunik eman. «Baditut jada bi salaketa», esan du, sekretu ofizialen batzordeko bileraren osteko adierazpenengatik Ciudadanosek eta Manos Limpias erakundeak jarritakoei erreferentzia eginda. Halere, defendatu du batzorde hartan ez zela ezer berririk esan: «Robles ministroak guk baino gehiago esan du».

«Sinestezina dirudi pentsatzeak gobernuko inork ez zekiela espiatzen ari zirela», gehitu du Aizpuruak, eta esan erakunde hura bidegurutze batean dagoela: «Argitu behar du ea bazekien edo ez». Jakinez gero, «larria» litzateke, eta ez bazekiten, «kezkagarria». Lehen kasurako, EH Bilduko kideak azaldu du «kafkarra» litzatekeela, espiatuen artean noiz edo noiz gobernuaren aliatu izandakoak daudelako. Bigarrenak, berriz, esan nahiko luke «estatu barruko estamentuak daudela gobernuak jakin gabe espiatzen, edo kanpoko elementuak daudela hori egiten».

Aukera posible horietan sakondu du Rufianek. Batetik, Rabatek edo Moskuk egin izana dago mahai gainean. «Krisi diplomatiko bat litzateke. Arrakala larri bat da estatuko telefono sentikorrena espiatzea». Beste aukerak «Defentsa Ministeriotik kanpoko elementu kontrolik gabeak» daudela esan nahiko luke: «Villarejo bezalako jendeak onartu ditu halakoak sala honetan bertan». Beraz, aukera hori ez litzateke «sorpresa bat» izango.

Dimentsioa zehazteke

Pages ez da orainaldira mugatu, uste baitu beste «ehunka» kasu baieztatuko direla denborarekin: «Oraindik ez dakigu zein den aferaren dimentsioa». Beraz, JxCko kidea mesfidati da gobernuko kideen aurkako espioitza kasuekiko: «Distrakzio bat dirudi, oraingoz argitaratutako 65 independentisten kasuen harira». Izan ere, salatu du Moncloaren kontakizunean ez dela errealitate osoaren berri ematen. «Badakigu [Espainiako Polizian eta Guardia Zibilean] jostailu hauek gogoko dituztela, hemen esan digute. Arerio politikoak espiatzeko erabili dituzte. Non dago espioitza hori errelatoan?». Finean, «joera ideologiko argi bat dutenek» egindako espioitzak direla uste du, eta hor tartean beste «nota bat gehiago» dela gobernuko kideen kontrakoa ere: «Galdera izango da: noiz zabalduko da espioitza hori Podemosera? Ez badu jada egin. Noiz PSOEra? Hori jakitea denbora kontua da».

«Baditugu estatuko erakundeetan modu legalean edo ilegalean baliabide publikoak ideologia politiko jakin batzuk espiatzeko eta haiei jazartzeko erabiltzen dituzten pertsonak», gehitu du JxCko diputatuak, eta Espainiako Barne ministro ohi Alfredo Perez Rubalcabaren hitzak jarri ditu horren adibide gisa: «Adierazi zuen independentismoa geratzeak bere kostua duela, eta estatuak bere gain hartuko duela».

Uriarteren esanetan, baina, espioitzena ez da «afera ideologiko bat, ez dago ideologia jakin batzuei lotuta». Haren ustez, zerbait orokorragoa da, kontua ez baita alderdi batzuen aurka egitea bakarrik. Arazoa beste bat da: «[Zelatengatik] zigortuak ez dira zelatariak izaten. Salatzen dutenak dira».

Oraina azaltzeko atzera begiratu du Aizpuruak. Azaldu du Pegasusen eskandalua beste era batera bizi izan dela Euskal Herrian: «Agian, jakintzat eman dugulako espiatzen gintuztela, baita gauza okerragoak ere». Herri Batasunaren Bilboko egoitzako zelatak aipatu ditu: «Epaitegietara iritsi zen eta dimisioak egon ziren, baina hilabete batzuetara [Auzitegi] Gorenak indultatu egin zituen». Hala, «inpunitate sentsazioa egia bilakatzen» da «estatuko estolden» kasuan. Oraingoan, kontrakoa egiteko eskatu dio gobernuari, Pegasus auzia «estatuaren birdemokratizaziorako» balia dezan: «Hartu beharreko neurriak nahikoa bermedunak eta serioak izan behar dira, oraintxe Pegasus erabiltzen ari direlako sentsazioa kentzeko».

Euskal Herrian emaniko zelaten hariari tira dio Uriartek ere, eta Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiari eginikoak gogoratu ditu; kasu hartan, Ertzaintzak zelatatu zuen Garaikoetxea. «Adin bat dugunok neurriak hartzen ditugu», adierazi du, eta gehitu hark ez dituela erabiltzen Kongresuak legealdi hasieran emandako iPad eta iPhone gailuak: «Txandako Villarejoek lan pixka bat egin dezatela. Ez dut bermerik hemengo kamerak itzalita ote dauden ere». Izan ere, Uriartek «konfiantza txikia» du sakoneko estatu deritzen egituretan: «Gure pribatutasuna historiara igaro da, eta zera egin dezakegu, ikertzea». Kontrako norabidea hartuta eskubideak urratzen direla adierazi du: «Ez da diputatuekiko edo alderdiekiko zor bat, ordezkatzen ditugun herritarrekiko zor bat baizik».

«Patriotismo toxikoa»

Praktika horien atzean dagoenari «patriotismo toxiko» izena jarri dio Rufianek: «Espainia maita dezakezu, baina maitasun hori opakotasunean eta gezurretan oinarritzen baduzu, zure patriotismoa toxikoa da». Azaldu du halakoak agerian geratu direla aurrez egindako ikerketa batzordeetan ere; esaterako, Kitchen auzia ikertu zutenean. Orduan, hala esan zion Eugenio Pino Espainiako Poliziako komisario ohiak: «Espainiagatik edozer egingo lukeela esan zidan. Esaldi hori da gertatzen ari denaren sintesia». ERCko eledunak defendatu du, baina, instituzioen gardentasuna bilatzeak ez duela bat «abertzale txarragoa» egiten: «Ni ez nau katalan txarra egiten esateak [Generalitateko presidente ohi Jordi] Pujolek lapurtu egin zuela».

Patriotismo toxiko kontzeptuari heldu dio Pagesek ere, esateko «gutxienez, Voxetik PSOEra» zabaltzen dela: «Ikusi zen ikerketa batzordea eratzea eragoztean. Alderdi horiek erabakitzen dute zerk ez duen [Kongresuko] Mahaiaren iragazkia igaro behar, oinarri konstituzionala arriskuan jar dezaketelakoan».

Ikerketa batzorde hori da ezinbestean eman beharreko pausoetako bat, Rufianen esanetan. ERCkoak goi karguak «ardurak euren gain hartzen» ikusi nahi ditu han, «gaizki funtzionatzen duten gauzak daudela esaten». Hala, iraganera begirako galderak egin beharrean orain zer espiatzen ari diren galdetuko lieke, baita etorkizunean zer espiatuko duten ere. «Hasi aurretik, euskaraz egin dugu pixka bat, eta, agian, euskara kurtsoen iragarkiekin aterako gara hemendik. Entzun eta espiatu egiten gaituzte, baina orain kontua da nork agindu duen hori legez kanpo egitea».

Pagesek espioitzaren helburuak zehaztera iritsi nahiko luke, eta uste du sekretu ofizialen pean ezkutatutakoak ere tratatu beharko liratekeela: «Espioitza nola gauzatu zen, nondik zetorren, telefonoan 34 aurrizkia ote zuen, dirua nondik atera zen...».

Uriarteren hitzetan, berriz, «sekretu gisa klasifikatuta ez dauden gaien inguruko galderak» erantzuteko balio beharko luke batzordeak, eta sekretu gisa klasifikatuta dauden gaien ingurukoek» sekretu ofizialen batzordean topatu beharko lukete erantzuna. Halere, uste du azken batzorde horrek «gehiegizko eremu bat» hartzen duela, eta horrek egia argitzeko «arazoak» eragiten dituela: «Irentsi ezina den sekretu ofizialen lege bat dugu».

Legedi frankista

1968ko Sekretu Ofizialen Legea moldatzeko proposamenak egin dituzte azken urteetan, eta gobernuak berak ere iaz adierazi zuen horretarako asmoa. Ez da, baina, urrats gehiago egin, nahiz eta, Uriarterentzat, aldaketa «urgentzia demokratiko bat» izan.

Gakoa ez da horrenbeste lege erreforma bat, Pagesen esanetan, afera horretara mugatzea «formalismotan sartzea» litzatekeelako: «Gertatutakoa argitzeko, benetako borondate politiko bat eskatu behar da, urratutako eskubideak zein diren zehazteko».

Aizpuruak bat egiten du «borondate politikoa» eskatzeko beharrarekin, baina ezinbestekotzat jo du legea aldatzea ere: «Afera hauek guztiak lokazteko eta tapatzeko baimen gisa funtzionatzen du. Frankismotik datorren legea da, Francok eta Carrero Blancok sinatua».

Lege frankista atzean utzi behar dela uste arren, denek ere ezinezko ikusten dute erreforma legealdi honetan gauzatzea. Aldaketaren zailtasuna definitzeko, EAJren proposamenei egin die erreferentzia Rufianek: «Espainiako politika da denak denen aurkako partida bat, non beti EAJ ateratzen den onuradun. Beraz, EAJk ez badu lortu, hor duzu dauden aukeren termometroa». Izan ere, «estatuaren nukleoa ukitzea» litzatekeela azaldu du ERCkoak, eta Aizpuruak gehitu «estatuaren nerbioei» eragingo lieken aldaketa bat litzatekeela: «Gauza sinpleagoetan hainbeste zailtasun baditugu, pentsa estatuaren bizkarrezurrean eragiten duten afera hauetan».

Uriartek erreforma posiblearen eraginkortasuna ere ezbaian jarri du: «Serie hau ikusten duen edonork badaki nola jarduten duen sakoneko estatuak. Sarri, arazoa ez da hainbeste legeak egitea, haiek martxan jarri eta betetzea baizik».

Denek ere zail ikusten dute gertatua argitzeko urratsak iristea. Halere, ez dute galdu aurrerago arazoaren oinarrira iristeko esperantza. «Azkenean, gauzak atera egingo dira; ziurrenik, hemendik urte batzuetara orain baino askoz gehiago jakingo dugu», azaldu du Aizpuruak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

ZUZENEAN: Pirinioetako Bidea

Euskal Herria eta Kataluniaren arteko «ekimen bateratu gehiago» iragarri dituzte

Jon O. Urain

Pirinioetako hirurehun gailur baino gehiago argiztatuko dituzte gaur, Euskal Herriaren eta Kataluniaren burujabetzaren alde.

Pirinioetako bidea elkarrekin argitzen

Pirinioek batutako aldarria

Lara Madinabeitia - Olatz Artola Apeztegia

Suredak eta Gomezek «sinbologiaz betetako» mobilizaziotzat dute burujabetzaren alde uztailaren 2an egingo dutena. Elkarlana nabarmendu dute: «Parean duguna berdina da».

Koalizioaren aurkezpena. ©Endika Portillo / Foku

Zurekin Nafarroa ezkerreko koalizioa aurkeztu dute

Yasmine Khris

Ahal Dugu, Ezkerra, Batzarre eta independenteen talde bat batu dira, «ezker feminista, berde eta transformatzailearen» indar berria izateko.

Gure Esku-k batzarra egin zuen Eibarren ekainaren 15ean, eta bertan banatu zituzten gaur piztuko dituzten argiak. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Burujabetza nahia argiztatzera

Jon O. Urain

Euskal herritarrak eta katalanak Pirinioetako hirurehundik gora gailurretan mobilizatuko dira gaur

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...