Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ondorena

Mapa berde tonalitateetan

Joan den igandeko abstentzio handiak berretsi du indiferentziarako joera dagoela Eusko Legebiltzarreko hauteskundeekiko, baina testuinguru ezegonkor honetan egitura sendoak sendotu dira: heldu den legegintzaldian EAJk eta EH Bilduk izango dituzte Eusko Legebiltzarreko ordezkarien %70.

Boto paperak mahai gainean, Bilboko Miguel de Unamuno institutuan, joan den igandean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Duela bi urteko adar askotako krisiaren elementuetako bat zera izan zen: ordezkaritzaren eta, harekin, gizartearen bitartekaritza egituren krisia: alderdi politikoak, sindikatuak, hedabideak. Krisi globala izan zen hura, eta itxi gabe geratu zen zenbait arlotan, baina krisi horrek adierazpide propioak izan ditu Euskal Herrian eta, kasu honetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hauteskundeetako parte hartzea progresiboki ahultzea izan da aldagairik nabarmenena. Hogei urte dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako abstentzioa hazi besterik ez dela egiten, eta boto emaile asko hasiak dira hauteskunde esparru hori bigarren mailakotzat jotzen; 2010-2020 hamarraldiko hauteskunde ziklo guztietan, abstentzioa Espainiako Gorteetarako bozetan baino koska bat gorago egon da Eusko Legebiltzarrekoetan eta batzar nagusinahiz udal bozetakoetan; %3-5 gorago. Pandemia betean eta uda garaian hauteskundeak egin izanak erabat desitxuratu du parte hartzearen datua igandeko bozketan, eta, hala, Eusko Legebiltzarrak jatorrizko zilegitasun arazo bat izango du datozen lau urteetan: hautesleen erdiek erabaki dute etxean geratzea.

Hori esanda, ordezkaritza krisi horrek ez die berdin erasan alderdi politiko guztiei, azken hamarkadako joerek nahiz igandeko emaitzek erakusten duten legez. Eusko Legebiltzarra alderdi biko sistema baterantz doa, eta joera hori indartu egin da orain, EAJk eta EH Bilduk zazpi eserleku gehiago lortuta. Bi indar nagusiek parlamentuaren ordezkarien %70 osatuko dute. Jada berde zegoen mapa are orlegiagoa da, bi tonalitate nagusitan; EAJren belar berdea eta EH Bilduren hori berdea. Neurri batean, ordezkaritza krisiaren eta ziurgabetasun handiko jokaleku baten koiunturan, egitura sendoak dituzten erantzunek eutsi diote ondoen; sustrai sakonagoak eta beren kultura politiko propioa erreproduzitzeko eta birsortzeko ezarpen, ibilbide edo gaitasun nahikoa duten mugimendu politikoek: EAJk, lehen indarrari eutsita eta abstentzioak eragindako boto portzentajeei etekina aterata; EH Bilduk, abstentzio egoera batean ezkerreko botoa erakarrita; eta PSE-EEk, zeuzkan botoei eutsita boto galera orokor batean.

Berrogei urtean izan duen estres testik gogorrena bizi du EAJk hilabeteotan, eta babes sare zabal hori izateak soilik salba dezake horrelako egoera bat; kolpean 50.000 boto —duela lau urtekoen %12— galtzea eta, hala ere, lehen indarra izan eta hiru eserleku gehiago lortzea. «Gure arazoa ez da oposizioa, gure arazoa abstentzioa da», esan zuen Andoni Ortuzarrek asteazkenean Donostian eginiko kanpaina ekitaldi batean; eta, igande gaueko agerraldietan euforia nagusi izan bazen ere, hautesleek mezu bikoitza bidali zioten EAJri: inork ez bezalako koltxoia dauka, eta inor baino orohartzaileagoa da —lehen indarra da orain PSE nagusi izan den herri gehienetan, hiru herrialdeetan, errenta altuena nahiz apalena duten auzoetan, hiriburuetan nahiz landa guneetan...—. Ortuzarrek EAJren ispiluari begiratzen dio, eta Euskal Autonomia Erkidegoa ikusten du; aberriaren eta alderdiaren argazkiak, gero eta antzekoago. Baina kudeaketak higatu dezake fidelizatu gabeko botoa: iazko foru hauteskundeetatik 85.000 bat boto galdu ditu; erdiak baino gehiago, Bizkaian.

Herririk handienetan gora

Bestela gertatu zaio EH Bilduri. Legealdian zehar, indar subiranistak uztartu egin ditu esku luzatzeak eta eskaintza politikoak oposizio lanarekin eta Madrilgo pragmatismoarekin. 2016-2018 urte artean, EH Bildu higatzeko prest egon da EAJrekin Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean printzipio eta oinarrien inguruan zuen akordioa defendatzearen truke, baina desadostasunak nagusitu ziren estatus berriaren testu artikulatua idaztean. «Orain, EH Bildu indartzeko momentua da», esan zuen orduan ezker abertzaleko kide esanguratsu batek. Ez dago jakiterik EH Bildu orduan hasi ote zen indartzen edo lau urtetako lanaren emaitza izan den igandekoa, baina gainontzekoak flakatu diren agertoki berean gizendu da indar subiranista. Ezkerreko botoa metatu du: 2016ko emaitza hobetu du gobernatzen ari den herrietan, hiru lurraldeetan (Ordizia, Galdakao, Arrigorriaga, Errenteria, Asparrena, Aramaio) nahiz oposizioan dagoenetan (Bilbo, Donostia, Gasteiz). 20.000 biztanletik gorako herri guztietan (14 udalerri) egin du gora, eta horietan lortu du igo dituen 23.000 botoetatik 13.000. Beraz, esan liteke hazkunde oro har homogeneoa izan duela. Gauzak horrela, bere posizioa indartu du egungo koalizio gobernuaren ezkerreko oposizio gisa, aliaturik gertukoena odolustearen truke. EH Bilduk hauteskunderik gabeko hiru urte ditu orain aurretik, gobernu alternatiba horren formulazioan sakontzeko.

Izan ere, aldaketa agerikoa da: EH Bilduk boto portzentajea nabarmen ugaritu duen herri askotan galdu du espazioa neurri berean Elkarrekin Podemosek, eta porrot horrek indartzen du espazio politiko horri buruzko hipotesi bat: neurri batean, Podemosen arrakastak boto emaile subiranisten apustu bati erantzun diola, Espainiako sistema politikoan aukera leiho bat zabaldu eta egungo harreman eredua aldatzeko. Apustu hori indartsu sartu zen Espainiako Kongresuan, baina aukeraren leihoa ixten joan den neurrian ahuldu da Podemos azken hauteskunde zikloan; Espainiako Kongresuan, Nafarroako Parlamentuan eta, orain, Eusko Legebiltzarrean nahiz Galiziako Parlamentuan. Auzi nazionala eta soziala kontrajarri egiten dira maiz, baina Podemosen gainbeherak aditzera ematen du Madrilek alor sozialean sakondu nahi izateak ez duela independentismoa ahultzen; are, burujabetzan sakondu ezean, Podemos periferietatik ahultzen ari dela.

Gustu guztietarako interpretazioak eskaintzen ditu PSE-EEeko boto emaileen portaerak ere. Parte hartze oso apaleko hauteskunde batzuetan duela lau urteko boto kopuruari eutsi izana garaipentzat jo badaiteke ere, datuek erakusten dute sozialisten eragina apalduz doala, eta ezin izan duela joera hori irauli. Udal mapari erreparatu besterik ez dago: soilik Ermuan izan da lehen indarra, bigarren edo hirugarren postura igaro baita orain arte PSE lehen indarra izan duten herrietan, eta, batez ere, agerian utzi du hirigune handiekiko dependentzia puntu bat duela. Datu bat: Euskal Autonomia Erkidegoko hamalau herrik dituzte 20.000 biztanletik gora, eta horietan daude jokoan boto guztien %57. PSE-EEk bere boto guztien %70 lortzen ditu horietan. Desoreka hori nabarmenagoa da lau hiri handienak hartuta: sozialistek boto guztien %45 lortzen dituzte Barakaldon, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Boto abertzale eta subiranistak lurraldean orekatuago dauka boto banaketa hori.

PPri dagokionez, alderdi identitate bat garatu zuen ETAren aurkako erresistentzia gisa, baina erakunde armatuaren jardueraren etenak eta ondorengo desagertzeak identitatea birdefinitu ezinik utzi du oraindik orain. Batez ere horretan datza Iturgaizen hautagaitzaren porrota; urrezko aro elektoralera itzuli nahia, aintzat hartu gabe urrezko aro horretara eraman zintuen aldagaia ez dagoela mahai gainean. Anakronismo hutsa. Emaitza: 2001ean 326.933 boto eta hemeretzi ordezkari lortu zituen indar politikoak beste behin emaitzak okertzea, 60.000 boto eta bost legebiltzarkide lortzeraino. Alderdi orohartzaileen eta masa alderdien artean koadro alderdi bat bihurtzeko bidean geratzeraino. Gordinak dira mapak; duela lau urte urdinez margotuta ageri ziren Gasteizko auzo gehienak berde jeltzalez esnatu ziren astelehenean, hein batean botoek eskuin muturreko zatiketarantz ihes egin diotelako PP+C's koalizioari.

Izan ere, igandeko bozketak erakutsi zuen noizbehinka Araban ordezkaritza lortzen duen segmentu horrek presente jarraitzen duela. Vox ez da PP, UPD edo Unidad Alavesa, baina ultrazentralismoa da guztiak lotzen dituen haria. Eta hari horri xenofobia, matxismoa, euskarafobia eta beste balio erreakzionario batzuk batu zaizkio orain. Beste 74 legebiltzarkideen zeregina izango da diskurtso horiek neutralizatzea eta Voxen parte hartzea historiarako anekdota bihurtzea.

%79 edo %62

Indar korrelazio horretan jokatuko da estatus politikoaren inguruko eztabaidaren bigarren zatia Eusko Legebiltzarrean. Akordio transbertsalen bandera haizatzen dutenek datu bat hartu beharko dute kontuan: testu artikulatu baten bizkarrezurra adostu duten alderdiek 47 eserleku dituzte (%62), 2016-2020 legealdian baino bat gutxiago, eta erabakitzeko eskubidea testuan txertatu nahi duten hiru indarrek 59, lehen baino bi gehiago; ia bost legebiltzarkidetik lau (%79). Estres testa hori ere EAJ-PSE koalizioarentzat, baina baita PSOE-Unidas Podemosentzat ere; Katalunian hauteskundeak datoz, eta burujabetza gatazkak —eta horiei irtenbide bat emateko beharra— agendan egongo dira epe motz eta ertainean; martxoan, Eusko Ikaskuntzak adierazi zuen asmoa zuela azaroan «lurralde gatazken konponbiderako protokolo bat» aurkezteko, eta Hamaika Gara dinamikak erreferendumaren aldeko kanpaina bat abiatua du. Hasi da partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.