urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Pasaporteak gaelikoz

2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Fangzhe Qiu eta Lijing Pengek Irlandako herritartasuna eskatu zuten iazko irailean. Asteak joan, asteak etorri, ez zuten erantzunik jaso, harik eta abenduan pasaporteak —txinatarrak dira— itzuli zizkieten arte. Martxoan, eskaera atzera bota zietela jakin zuten, eskaera-orria eguneratu gabe zegoelako. «Eskaera goitik behera bueltatu ziguten, aurkeztu genituen dokumentu guztiekin, eta ordaindutako tasarekin batera. Argi dago begiratu ere ez zutela egin eskaera-orria bost hilabetean, ezta pasaporteak itzuli zizkigutenean ere» esan zion Pengek Irish Times egunkariari.

Non egon zen arazoa? Prozesua gaelikoz egin zutela, eta ez ingelesez. Qiu eta Peng bikotea hizkuntzalariak dira, batek Dublingo UCD unibertsitatean diharduirlandera, ikasketa zeltikoak eta folklore irakasle, eta bestea irakasle-laguntzailea da Trinity Collegen. Semea Gaelscoilean daukate, gaelikozko murgiltze ereduan, eta irlanderaz bizitzeko erabakia hartua dute. Horri esker jakin dute naziotasuna eskatzeko agirietan ingelesezkoak baino ez direla aintzat hartzen, eta Irlandako berezko hizkuntzan diren agiriak zaharkituta daudela. «Ez da atzerapena bakarrik, irlanderarekiko jarrera ere bada arazoa, jendea baztertu egiten duzu hizkuntza eguneratuta ez badaukazu».

Bikotea ez da isilik egon, diputatuengana eta irlanderaren arduradunarengana jo dute, eta barkamena eskatu diete, baina prozesua eten egin da, herritartasuna eskatzeko agirien irlanderazko bertsioa eguneratu arte. Sinn Feinen babesa jaso dute, «lotsagarria» dela esanez, «Gobernuko kide batzuek eta zenbait funtzionariok irlanderarekiko daukaten jarrera etsigarria agerian uzten du». Eskatzaileentzat bazterketa zekarren egoera etsigarria da, baina umiliazio handiena Irlandarentzat berarentzat da, bere hizkuntzarekiko utzikeria eta ingelesaren menpeko mentalitate koloniala nabarmentzen baita. «inor gure herrira etorri eta gure hizkuntza nazionala ikasi eta bertan murgildu izana saritu eta ospatu beharrean, aktiboki oztopoak jartzen dizkiegu. Gaelikoa irlandar herritartasuna lortzeko ospatzeko elementu beharreko zerbait izan beharko litzateke, ez hura lortzeko oztopo», salatu zuen Aengus O Snodaigh errepublikanoak.

Herri gehienetan ohiko araua da bertako hizkuntza jakin beharra herritartasuna lortzeko. Inork ez du zalantzan jartzen Berlinera joandako iheslari siriarrak, gerra trauma guztiak aintzat hartuta ere, ezinbestean alemanez ikasi behar duela. Nancyn edo Segovian luzaz bizi den kanpotarrak frantses edo espainiar herritar izatea eskatuko balu, bertako hizkuntza badakiela frogaraziko liokete, baita Espainiaz edo Frantziaz jakituria baduela ere (espainiar eta frantses askok dakitena baino gehiago, ziur aski). Baina herri txiki batean zure hizkuntza normaltzeko neurri hori bera hartzen baduzu, Estoniako herritartasuna lortzeko estonieraz jakin beharra, adibidez, bazterkeria leporatuko dizute. Egoera ez da Euskal Herriaren parekoa, badakit; euskarak, baldintza ez bada, berme behinik behin izan beharko luke: euskaraz badakizu, euskaldun zara, nola ukatuko diozu euskal herritartasuna euskaldunari?

Euskal Herrira datozenei, aldiz, UEMAko udalerri bateko etxe batean aterpe eman, eta espainieraz ikas dezaten eskatzen diegu. Hautatu genezakeen, gure kaleetan mintzatzen diren bi hizkuntza nagusietako bakar bat ere ez dakitenez, geurea irakastea, hiztun gehiago izatea euskarak. Behar dena ikasteko prest datozen lagunak dira, bertakotzeko balioko badie, eta gure arduradunek esaten diete, iritsi eta egin behar duten lehen gauza, espainieraz ikastea dela. Zer ez ote lukeen irabaziko euskarak, orain artekoari ihesi eta bizimodu berri baterako grinaz dena utzi dutenei bigarren aukera hemen eta euskaraz dutela erakutsiz gero? Bigarren aukera iritsi berrientzat, eta bigarren aukera gure mentalitate minorizatuan ahaldundu gaitezen ere.

Horren ordez, udaltzain lana eskuratzeko euskararen ezagutza eskatzea baztertzailea dela dioten epaileak datoz. Espainolik ez dakien lapurtarrak ezin du Irunen udaltzain lan egin, baina hori ez da baztertzailea. Espainiako Konstituzioak espainieraren ezagutza inposatzen duen unetik, kito bazterkeriak: Erresumako herritar guztiok espainiera hiztun bihurtzen gaitu automatikoki.

Egia esan, nire herri egitasmoan ez dago Espainiako Konstituzioa kopiatzeko ideiarik; munduan ia beste inon ez dakar konstituzioak «hizkuntza jakin beharra». Ez Segovian, ez Nancyn ez Stuttgarten ez dute bertako hizkuntza eskatzen polizia edo beste edozein lanpostu izateko, ez baitago esan beharrik ere: zuzenean hautaprobak espainieraz, frantsesez edo alemanez egiten dizkizute. Horien ostean, agian, zerbitzu-publiko hobea emate aldera, Irunen baloratuko dizute frantsesez jakitea, Bilbon espainolez, eta Tallinnen errusieraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.