Iker Aranburu.
Jaka Horiak. Macronen agintaldia. ANALISIA

Macronen GPSa

2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Norabidea argi zuela hasi zuen agintaldia Emmanuel Macronek. Argi zuen, eta argi azaldu zuen, politika ekonomikoa zein izango zuen ezkutatzerik ezin baitzaio leporatu Frantziako Errepublikako presidenteari. «Lanari lehentasuna emango dion zerga politika bidezkoagoa» agindu zuen bere programaren orri nagusian, eta ondoren zehaztu zuen zer esan nahi zuen horrekin: enpresei zergak eta gizarte kotizazioak jaitsiko zizkiela, karga sozialak apalduko zizkiela langileei, lan erreforman sakonduko zuela... Funtsean, enpresei lagundu egingo ziela errentagarriago izan zitezen, hartara animatuko zirelakoan langileak kontratatzera eta soldatak handitzera. Liberaltzat jo daitekeen programa horrekin «ni lanaren hautagaia naiz» aldarrikatzera iritsi zen Macron, Frantzia langabezia masibotik atera behar zuen presidentea izan nahi zuena.

Urte eta erdi igaro denean, Macronek ez du askorik erakusteko. Gauzek ez dute okerrera egin, baina hobera ere gutxitxo. 2017ko udaberritik langabezia tasa 0,3 puntu baizik ez da jaitsi, %9,4tik %9,1era. Ezinezkoa dirudi betetzea Macronek bere buruari jarritako helburua: %7, 2022an. Lana bilatzen ari direnak 3,72 milioi dira orain, Macronek kargua hartu zuenean baino 58.000 gutxiago baizik ez. Eta lana dutenen artean askok eta askok hobekuntzarik ez dutela ikusi erakusten du Jaka Horien mugimenduak.

Lan kargak jaistearekin batera, beste helburu bat hitz larriz jarri zuen Macronek bere programan: gastu publikoa 60.000 milioi euro jaistea —BPGaren %56 da, EBko handiena—. Horrekin nahi zuen defizit publikoa %3tik behera jaistea eta EBko bazkideei agintari serioa dela erakustea. Horretan ere huts egiten ari da Macron: Alemaniak nein esaten jarraitzen du.

Irmoa, orain arte

Norabidea ez ezik, estrategia ere argi zuen Frantziako presidenteak: ez zuen inoiz amore emango.«Frantzia erreformaezina da» lelo aski zabaldua gezurra dela erakutsi nahi izan du, eta, haizeak kontra jota ere, erreformen norabideari eustea zen bidea. Jacques Chiracen, Nicolas Sarkozyren eta François Hollanderen antitesia izan nahi zuen, protesten aurrean autoaren norabideari irmo eusten ziona.

Hamasei hilabetez ongi eutsi dio estrategia horri. Ez zen kikildu 2017an sindikatuek lan erreformaren aurkako pro- testa oldea antolatu ziotenean; eta ez da makurtu aurten SNCFko estatutua moldatu duenean. Eta egia da sindikatuak ez daudela bere onenean Frantzian, baina cheminot-ak langile borrokaren ikur bat ziren, gogorrak, makurrezinak, antolatuak...

Bost urteko lehendakaritza bidaia luzea da, espero ez zirenak gertatzen dira, eta gidari zorrotzenak ere behartuta daude noiz edo noiz GPSa berriro programatzera. Eta horretan ari da Macron, ziur aski espero ez zuen kontu batengatik. Planetaren berotzearen aurkako politikak egiteko, erregaien gaineko zerga igotzea erabaki zuen. Hirietan ulerberak izan zitezkeen neurri horrekin, baina gutxiago autoa egunero eta asko erabili behar duten herrietako edo hirietako kanpoaldeko biztanleak. Gasolina haserre baten sua piztu duen azken txinparta izan da. Macronengan pertsonifikatu dituzte zenbait haserre zerga asko eta zerbitzu gutxi jasotzen dituztenek, eta lan egin arren eroso samar bizitzeko soldata apalegiak dituztenek. Haien autoek behartu dute Macronen autoak GPSa berriro programatu behar izatea.

Eta orain, zer?

Birprogramazioak zer dakarren da orain ikusi beharrekoa. Jaka Horiek Macronen norabidea aldatuko dute, ala leku berera iristeko beste bide bihurriago bat hartzera behartu dute?

Ziurrenik goizegi da galdera horri erantzuteko. Bere burua arriskuan ikusi du Macronek, dardarka dago oraindik bere aulkia, eta etorkizunean zer egin dezakeen neurtu aurretik jakin nahiko du bere aurkako protesta bilakatu dena zertan geratzen den. Pentsatzekoa da bere neurriek ez dituztela gogobeteko Aberatsen presidentearen dimisioa eskatzen dutenak. Baina horiei baino gehiago, inkestei begira egongo da Macron, matxinada sentsazioa ahulduko bailuke frantziarren gehiengo batek protestak amaitu behar direla esateak.

Amaitzen badira, edo su-eten bat ematen badiote, Macronek erabaki beharko du zer egin nahi duen 2019rako iragarritako erreformekin: langabezia sariarena, eta, batez ere, erretiro sistemarena. Kapital politikorik geratzen al zaio Macroni bere norabidean jarraitzeko, ala GPSak zuzenean historiaren txatartegira eramango du haren autoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.