Espetxe politika. Jaurlaritzaren proposamena

Zaharra berri komunikatiboki

Lehendakaritzak iazko urrian ezagutarazi zuen espetxe politikaren aldaketari buruzko 2017ko proposamena, aurretik azaldu gabe eragile sozial eta politikoei. Orain ere harridura agertu dute

Iñigo Urkullu eta Jonan Fernandez, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ez da berria hainbat euskal eragilek harridura agertu izana Jaurlaritzaren Lehendakaritzak espetxe politikaren aldaketaz egindako proposamenarekin, haren berri ez zutela eta. Iñigo Urkullu lehendakariak iazko urriaren 14an Bilbon emandako hitzaldi baten biharamunean jarri zuen Lehendakaritzak dokumentua sarean —BERRIAk jaso zuen, artikulu batean—, eta euskal presoen auziarekin lotutako eragile askok orduan izan zuten aurreneko albistea. Urkulluk 2017ko martxoan eman zion dokumentua Mariano Rajoy Espainiako orduko gobernuburuari, eta 2018ko ekainean Pedro Sanchezi, hura Moncloara iristean.

Lehendakaritzaren sinadura du idatziak, eta 2017ko martxoko data. Jasotzen zuen Lehendakaritzakasmoa zuela, Espainiako Gobernuarekin ez ezik, «[Eusko Legebiltzarreko] parlamentuko taldeekin, Nafarroako Gobernuarekin, maila juridikoan lan egiten dutenekin eta gizarte eragileekin partekatzeko». Azaldu zuen asmoak «izaera irekia» zuela , «tresna» bat izan nahi zuela «adostasuna bultzatzeko», «abiapuntua eta erreferentzia» txosten hura izanda beti. Jonan Fernandez Bizikidetza idazkari nagusiak iazko azaroan zioen kazeta honetan Madrilgo gobernua zela proposamenaren «jasotzaile nagusia», Nafarroakoarekin «guztia partekatu» zutela eta «harremanetan» zirela adituekin. Estatuko «egoera politiko ezegonkorra» oztopotzat jo zuen.

Sarek, Etxerat-ek eta Covitek ez zuten izan horren berririk dokumentua kaleratu arte. EPPK-k ere ez. Foro Sozialak nahiago izan zuen zehaztasunik ez eman. Sarek eta Etxerat-ek posta elektronikoz jaso zuten dokumentua, Lehendakaritzak sarean ipini ostean. ETAren biktimen elkarteei ere egun batzuetara eman zien; eskura, Arkautin (Araba), Terrorismoaren Biktimen Parte Hartzerako Euskal Kontseiluak egindako bileran—Covite, AVT, ASERFAVITE, Zaitu, APAVT, Fernando Buesa fundazioa eta Foro de Asociaciones Pacifistas elkarteak izan ziren batzarrean, Coviteren arabera—.

Eragile politikoen artean, Sortuk ez zuen Lehendakaritzatik idatzia jaso —aurkezpena baino lehen, bederen—, eta Jaurlaritzak ez zuen Eusko Legebiltzarreko taldeekin bilera sail ofizialik egin dokumentua emateko. PPk eta EPk zioten dokumentua argitaratzean izan zutela horren berri. Memoria lantaldeko PSE-EEko legebiltzarkide batek ere gauza bera zioen.

Urkulluk proposamen hauek egin zizkion Moncloari: «presoak birkokatzea», «izaera humanitarioko beste neurri batzuk» ezartzea eta «bi gobernuek lanerako mahai bat osatzea gizarteratzeaz, espetxe kudeaketaz eta zigor eta espetxe normaltasunaz». Lehendakaritzak gakoak aipatu izan ditu jendaurrean, baina zehaztasunetan sartzeke; dokumentuan datoz horiek. Urkullu Madrilen modu diskretuan egon ostean, hedabide batzuek ekarri zuten albisterik idatziaz, baina, adibidez, ez ziren mintzo hainbat preso (%71) euskal kartzeletara ekartzea proposatu izanaz. Jaurlaritzaren Irekia atarian bi aipamen datoz proposamenaz —2018ko otsailean eta abenduan—, baina, hainbat aipamen edo ekinbidetan ez bezala, ez da ageri ez azalpenik, ez dokumenturik.

Fernandezek azaldu berri du laster bilduko dela Moncloaren ordezkariekin. Ez du iragarri aurrez bilduko den eragileekin ekarpenak jaso eta proposamena osatzeko. Sarek bilera bat eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.