Jaka Horiak. Trantsizio ekologikoa eta karbono zerga

Gainezka egin du erregai deposituak

Parisek klima aldaketaren aurkako borrokaren kontrako mugimendutzat jo ditu Jaka Horiak. Ekologistek, ordea, ez dute horrekin bat egin, eta karbono zerga trantsizio ekologikoaren beharrarekin bat ez etortzea egotzi diote.

SEBASTIEN NOGIER / EFE.
inaki petxarroman
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Tantaz tanta betez joan da, eta azkenean gainezka egin du. Milaka euskal eta frantses herritarren pazientziak goiti egin zuen gobernuak iragarri zuenean erregaien gaineko zerga %23 igoko zuela 2019an. Autoaren erregai depositua betetzeko dirua nola, agortu egin zen jendearen pazientzia eta gainez egin zuen haserreak. Amorruak errepideetara eraman zituen herritarrak, eta Jaka Horien mugimendua itxura hartzen hasi zen.

Hasieran, trantsizio ekologikoaren bidean hartutako neurri baten aurkako protesta gisa salduzuen Emmanuel Macronen gobernuak, eta eslogan errazak igorri zituen hedabideetara: hilabete bukaeraz kezkatzen zirela herritar horiek, baina ez munduaren bukaeraz, klima aldaketaren arriskuei aipamen eginez.

Izatez, gasaren eta petrolioaren kontsumoari gobernuak ezarritako karbono zergak eragin txikia izan du orain arte, baina, erregaiaren beraren prezio igoerak bultzatuta, gero eta pisu handiagoa hartzen hasi da egunero autoa hartzen duten herritarrentzat. Hiriguneetatik aparteko guneetan bizi direnez, haietako askok, gainera, arazoak dituzte erabilera horri alternatiba bat bilatzeko. Protestaren neurria handituz joan ahala, gobernuak atzera egin du, baina haserrea ez da baretu, eta kezkaren oihartzuna nazioartera eta Polonian egiten ari den klimari buruzko goi bilerara ere heldu da. Donald Trump AEBetako presidenteak, esate baterako, abagunea aprobetxatu du Twitter bidez Parisko akordioei eraso egiteko: «Pozten nau ikusteak Parisko protesta egileek eta nire lagun Emmanuel Macronek bat egin dutela orain bi urte adierazi nuenarekin; hots, ituna ezin txarragoa dela, herrialde arduratsuen energiaren prezioa igo egiten duelako gehien kutsatzen dutenak zuritzen dituen bitartean».

Klima aldaketaren aurka ari diren erakundeek eta ekologistek, ordea, Macronen politika kritikatu dute. Izan ere, erregaien gaineko zergen zama baliabide gutxiko herritarren bizkar gainean uztea egotzi diote, zergetatik at utzita kutsatzaileak diren hainbat sektore —hegazkin eta itsas garraioa, esaterako—. Laurence Tubiana Europako Klimaren Aldeko fundazioko lehendakariak arrazoi eman die Jaka Horien haserreari: «Justizia soziala trantsizio energetikoaren erdian paratu behar da. Karbonoaren gaineko zerga sistema, bidezkoa izatekotan, erreforma fiskal globalago baten barruan eraman behar da aurrera, laguntzeko neurriak bere gain hartuz».

Ados dago Bizi mugimendua ikuspegi horrekin. Areago, gogor jo du Macronen aurka. «Klima aldaketaren aurkako borrokarentzat kezkagarria ez da Jaka Horien mugimendua, baizik eta krisi ekologikoari aurre egiteko eredugarria zela erakutsi nahi zuen gobernu batek, trantsizio ekologikoak galdegiten duen ohituren aldatzeko, neurri bat hain gaizki eta molde bidegabean kudeatzea», adierazi du taldeko kide Xabier Harluxetek.

Izan ere, testuinguru berean ikusten ditu Harluxetek bi planoak: hots, gero eta herritar gehiagok arazoak izatea hilabete amaierara iristeko eta krisi ekologiko orokorra: «Denak gara sistemaren biktimak, aberatsenen indartzeko gutarik pobreenei oraino diru gehiago hartzen dien eta ber denboran gure planeta eta gure bizi baldintzak suntsitzen dituen sistemarenak».

Zergatik at, neurri gehiago

Neurri handi batean, hiriguneetatik aparteko hiri eta herriguneetan izan du Jaka Horien mugimenduak oihartzunik handiena. Hain zuzen ere, Macronen gobernuak eta Hollanderenak —Macron ministro izan zen orduan— gune horietako zerbitzu publikoak kaskartu eta garraio kolektiboen kalitatea asko gutxitu dute hamarkada batean.

Halaber, lurralde antolaketa ereduak auto pribatuaren erabilera sustatu du eguneroko harremanetan, bai etxetik lanera joateko, bai eguneroko erosketak eta bestelako zeregin batzuk aurrera eramateko. Eta erregaiaren prezioa igotzen hasi denean, horri zerga erantsiak ezartzean, eztanda egin du oreka meheak. «Petrolioaren prezioaren igotzea larritu egin da ikusten delarik aberatsenei eta enpresa handiei nolako opari fiskalak egiten zaizkien eta, bitartean, nola larritzen den usu lanera joateko autoaz aparte alternatibarik ez duten pertsona pobreenen egoera, austeritate politiken ondorioz», gogoratu du Harluxetek.

Florent Marsellesi Frantziako Berdeen europarlamentariak adierazi duenez, trantsizio ekologikoak bidezkoa izan behar du, eta ez du inor atzean utzi behar. «Ekologia eta justizia txanpon beraren bi aurpegiak dira».

Ikuspegi horretan kokatzen du Bizi-k ere trantsizio ekologikoa. Harluxet: «Mugitzeko ohitura eta jokamoldeak poliki-poliki aldatuko dituen trantsizio garai batean elkartasun funts bat finantzatu behar du karbono zergak, familia pobreentzat eta garraio kolektiboaren eskaintza eskasa duten guneetan bizi diren familientzat. Alegia, sektore horietan mugikortasun alternatibo baten eskuratzeko denboran pairatuko lituzketen gastu gehigarrien konpentsatzea». Alegia, trantsizio horrek alor asko ukitu behar dituela uste du Bizi-k, ez erregaien kontsumo mota bat bakarrik. Etxebizitzen isolatze termikoa bermatu behar da, lurralde antolaketa aldatu, hiri eta baserrietan garraio publikoa garatu, etxetik lan egiteko sistemak bultzatu, bizikletentzako azpiegiturak egin, laborantza industriala eraldatu, energia berriztagarriak bultzatu... «Hori guztia enplegu sortzailearen eta herritarren erosahalmenaren lagungarri egin, zeren diru gutxiago xahutuko dugu berotzean, garraioetan eta datozen urteotan saihetsezinak izanen diren gas eta petrolioaren prezioaren igoeran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.