Zaldibarko luiziaren urteurrena

Zabor orbanari zornea dario

Urtebete igaro da Zaldibarko zabortegia amildu zenetik. Milaka tona lur eta zabor irristatu ziren Verter Recycling 2002 SM enpresaren zabortegik behera. Arrastaka eraman zituen Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak, eta Beltranen gorpua ez dute aurkitu. BERRIA zabortegian bertan izan da.

Zabor orbanari zornea dario.
inaki petxarroman
Zaldibar
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun

Segurtasun jantzi zuriak eta uretako bota berdeak soinean jarri ostean, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegira doan errepidetik abiatu dira bisitariak, autoz. Suge bat dirudi pistak, Eibartik gorako malda pikuan. Harrobi zahar baten ondotik igaro dira aurrena: zabor jausia izan eta lehen egunetan, atera zuten materialez bete zuten, eta geroztik han dago, kamioiek beste toki seguruago batera mugitzeko zain. «Jantzi txanoa ere; ez ahaztu dena kakaz beteta dagoela hemen», ohartarazi die obretako langileak bisitariei, autoa zabortegiaren barruan sartzeko orduan.

 

Baimendutakoak bakarrik dioen afixaren ondotik igaro, eta Verter Recycling 2002 SMren zabortegiaren sarrera zeharkatu du noranahikoak. Parean daude baskula eta etxola zenaren porlanezko egituraren arrastoa. Lau burdin maskalen aztarna besterik ez dago garai batean egunero dozenaka kamioi hartu izan zituen harreraleku horretan. Inguru horretan topatu zituzten zabortegiko langile zen Alberto Sololuzeren gorpuzkiak, iazko abuztuan.

Gora jarraitu du autoak. Lokatzez lepo dago ingurumaria, eta irristaka gainditu du ibilgailu indartsuak maldaren oztopoa, lehen geldialdiaren ostean, gidariak azeleragailua gogor zapaldu ostean. Laugarren ebakialdian geratu da autoa, eta barruraino sartu zaie hondamendiaren zero guneari darion kiratsa. Hondeamakina bat ari da inguruko lurra eta zaborra jaso eta bota, palakadaz palakada. Antzeko hamabost makina inguru daude lanean, bai Zaldibarren 2020ko otsailaren 6an jausi zen zabortegiko eremuan, bai ondoan zabaldu duten beste isurtegian. ELAko eraikuntzako arduradun Igor San Josek zabortegira egindako bisitaren lekuko izan da BERRIA.

Laugarren ebakiduratik gorako eremua —9. gunea deitzen diote mapa teknikoan— txukunago dago. Verterren zabortegiaren goiko aldea da, eta han, behintzat, oraindik desagertuta dagoen Joaquin Beltran langilearen arrastorik aurkitzeko aukera baztertua dute. «Eremu hori zigilatzeko prest dago», esan dio ELAko ordezkariari bisitan gidari aritu den beharginak. Inguruan zutabe topografikoak eta tximiniak daude. Zutabe topografikoek lurraren egonkortasuna neurtzen dute une oro. Tximiniek airera isurtzen ari diren gasa eta kutsadura neurtzen dituzte. Urrutitik aditzen da metano usaina, eta, bertan egonda, handia da kiratsa, maskarak pitin bat arintzen badu ere. «Geologoek diotenez, asko egonkortu da zabortegiaren azpiko eremua. Lanean hasi ginenean, duela urtebete, makina bat gainetik pasatzea aski zen azpikoa mugiarazteko».

Moyua Construcciones ari da Verterren lanean, Jaurlaritzak zuzendutako obra aurrera eramaten. Zabortegia zenaren hezurdura agerikoa da goialde horretatik, baita milaka tona hondakin irristatu ziren malda bera ere. «Ez dakigu non hasi zen luizia, baina badakigu masak eskuin aldeko pareta hori jo zuela aurrena, eta gero ezkerrerantz egin zuela. Han, dikearekin egin zuen topo, eta beheraino irristatu zen, autobidea bera gainetik estaliz».

Lazgarria da irudia. «Denetik aurki dezakezu hemen», dio langileak. Lurrez, lohiz eta harriz nahastuta dago guztia: bidoi, plastiko, sare, adreilu, txapa, ontzi eta egur... Amiantoa ere bada, jakina. Baina zaila da hura bereizita kudeatzea. «Tarteka tokatu zaigu amiantoa topatzea bereizita jasotzeko moduan. Posible izan denean, segurtasun protokoloa ezarrita kudeatu dugu». Gutxitan gertatu da hori, ordea. Jaurlaritzaren arabera, 10.000 tona inguru amianto zegoen Verterren, amildu zenean. Gehiena nahastuta dago gainerako zaborrekin. Bestelako gai arriskutsu batzuk ere bazeuden zabortegian, eta, hori dela eta, hondakin arriskutsu gisa kalifikatuta dago mugitzen ari diren guztia.

Amildu eta berehala hasi ziren bilaketa eta egonkortze lanetan, eta urtebete eman dute jadanik horretan. Gutxienez abuztura arte lanean izango direla agindu diete langileei, baina gehiago ere izan daitekeela uste dute han, gorabeherak izaten baitira.

Joaquin Beltranen bila

Maldan behera abiatu da autoa, eta zabortegiaren ezker magalean zabaldu duten hondakindegi berrian murgildu da, B4 gunean. Hura zabortegiaren eremutik kanpo dago, mendiaren beste isurialdean. Hara eraman dituzte urtean zehar luizian jausitako lurra, hondakinak eta zabortegitik ateratako material ugari. Inguru horretako lerro batean ari dira orain Joaquin Beltran bilatzen, 100 metro koadro inguruko eremu estu batean. Hitachi garabi bat ari da orrazten ingurua, arrastelu batekin. Poliki egiten ditu mugimenduak, zaborra mugitzen eta lurra egonkortzen ari diren beste makinek ez bezala. Edonoiz Beltranen edozein aztarna topa dezaketenez, gozoago egiten ditu lur jasotze eta askatzeak makina gidariak. Hitachiaren sabaian instalatutako kamera batek haren mugimendu guztiak grabatzen ditu, eta irudiak ertzain batzuek ikusten dituzte une oro.

Inguru horretan topatu ezean, Beltran bilatzeko aukerak gutxitu egingo dira. Baina oraindik badira arakatu daitezkeen eremuak; baskularen ingurukoak, esate baterako. Beltranen autoetako bat aurkitu zuten B4 gune horretan, baina ez daukate arrastorik norantz bultzatuko zuen luiziak hura. Langileek kezka dute Beltranen bilaketaren harira, aurkituko ote duten ezer, eta aurkituz gero osorik azalduko ote den. Izan ere, hipotesi nagusia da, Sololuze ez bezala —hura sarrerako etxolak nolabait babestu zuela uste dute—, Beltran babesik gabe harrapatu zuela zaborrezko luiziak.

Beltran bilatzen ari diren eremutik gora Viuda de Sainz enpresako makinak aritu dira doitzen oraindik bete gabe dagoen zabortegi berri bat, iazko abuztuan hari esleitu baitzion Verterrek isurtegi berria egiteko lana. Egunotan, baina, haren makinak joan egin dira. Oraindik ez dute argitu zergatik.

Autoa maldan behera joan da atzera ere, eta, sarreratik irtenda, luiziaren ostean indartutako dikea ikusten izan dira bisitariak. Portuetako barrak babesteko jarri ohi diren harritzarrez osatutako pareta batekin sendotu dute dikea, luiziko hondakin guztiak irristatu ziren maldatik gora bildu ostean. Hormatzarraren ondoan dago oraindik Sololuzeren autoa, txiki-txiki eginda. «Epaileen kontua izan daiteke, baina oraindik ez digute eman txatartegira eramateko agindua. Bitartean, hortxe dago», dio langileak, metalezko nahaspilari begira. Hondamendiaren lekuko dirudi. Oroitzapen tristeen protagonista. Sololuzek giltza abiagailuan jarria zuela zabaldu dute hainbat komunikabidek, alde egiteko prestatzen ari zen seinale. Hala bazen, ez zion astirik eman. Egun hartan, Sololuzeren autoa bezala, hondamendiak gelditu egin baitzuen Bizkaiko txoko menditsu horretako denbora, eta orbanari zornea dario oraindik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.