Jaurlaritzari leporatu diote sare itunpekoaren alde egitea

Egungo eredua «betikotzeko» asmoa egotzi dio ELAk. Hezkuntza itunaren inguruan aurkezturiko egutegia desegokitzat jo du Steilasek

Sare publikoaren aldeko mobilizazio bat, artxiboko irudi batean. R.BOGAJO / FOKU.
arantxa iraola
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk hitzartutako hezkuntza ituna oinarri, horretan aurrera egiteko urratsak iragarri ditu asteon Jaurlaritzak. Astelehenean itun horren edukiak gauzatuz joateko kronograma aurkeztu zuen Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean; asteartean, itunpeko eskolak itunpetzeko irizpide berrituak iragarri zituen, zeintzuen bidez, besteak beste, era emango zaien itunpeko zentroei gutxieneko ikasle ratioak apaltzeko. Steilas eta ELA sindikatuek Jaurlaritzaren jakinarazpenak kritikatu dituzte, bakoitzak bere aldetik, eta bere ñabardurekin.

Planifikazio dekretuak jarriko ditu etorkizuneko hezkuntza sistemaren zimenduak; horren oinarriei buruz egin diren iragarpenetan itunpeko sarea indartzeko neurriak lehenetsi direla uste du Steilasek: «Publikoan, ordea, ikastetxeen betekizunak zorroztu ditu, lerro bakarreko ikastetxeak ixteko edo fusionatzeko arriskuan ipiniz». Horiek horrela, pentsatzen dute dekretua «ikastetxe pribatuen erreskate» bat dela, eta beste neurri mota batzuk, berriz, atzentzera egin dela, Sailburuak aurkeztu duen kronogramari erreparatuz, adibidez, Eskola Publikorako plan estrategikoa 2024ko 2. hiruhilekorako dago iragarrita. Aurrez nahi lukete. Bildarratzek astelehenean azaldu zuen, ordea, hezkuntza legea berritu gabe ezin dela urrats hori egin; ez da espero legea 2023ra arte onetsita egotea.

Kronogramako neurrien artean Bildarratzek nabarmendu ditu, besteak beste, itunpeko eskoletan kuotarik ezingo dela ordaindu, eta horien gaineko kontrola handituko dela. Steilasen aburuz, ordea, horiek ja aspaldi beteak behar lukete: «Dekretu batean jasota dago kuotak kobratzea debekatuta dagoela; arau hori gauzatzearen zain gaude oraindik». Hortik kritika: Jaurlaritza itunpeko sarea «lehenesten» ari da. Eta aldarria: «Gizarteak sare publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea behar du».

ELAk bere aldetik salatu du asteartean Bildarratzek itunpetzearen inguruan jakinarazitako irizpideak beraiekin «negoziatu» gabeak direla. Langileen hitza ez dela aintzakotzat hartzen esan du sindikatuak: «Hezkuntza Sailak ez dio ezeren berri eman sindikatuen ordezkaritzari, eta ez dago negoziazio fororik». Gailentzen ari diren neurrien atzean ikusten du, gainera, egungo eredua «betikotzeko» gogoa eta zuztarreko aldaketarik ez egitekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.