Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Arartekoak 7.781 kexa jaso zituen iaz

Behera egin dute gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko tresnekin lotutako kexek, baina gehiengoa dira. Jaurlaritzari dagozkio %53,32

Manuel Lezertua, 2018an, 2017ko txostena eskuetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioei zuzenduriko 7.781 kexa egin zizkioten 2019an hiru lurralde horietako herritarrek Arartekoari. Herritarren eskubideen alde egitea da erakunde horren helburua, eta Eusko Legebiltzarrari aurkeztu zion atzo urteroko txostena. Idatzi horretan jasotzen duenez, gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko prestatuak dauden bitartekoen aurkakoak dira jasotako kexa gehienak, eta, horien barnean, Lanbideri egin dizkiote gehien: orotara, 687 idatzizko kexa jaso ditu. DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarekin eta EPO etxebizitzarako prestazio osagarriarekin daude lotuta bertzeak. Arartekoak ohartarazi du, dena den, gero eta gutxiago direla arlo horretakoak. Eusko Jaurlaritza izan da kexa gehien jaso dituen instituzioa:hari egin dizkiote %53,32(idatzizko 891 espediente guztira). Tokiko administrazioek jasan dituzte kexen %34,35, eta foru administrazioek, berriz, %10,17.

Kexak bi modutara jaso ohi ditu Arartekoak: idatziz edo aurrez aurre, hiriburuetan dituzten bulegoetan. Bulego horietara bideratu dituzte kritika gehienak: 5.124 jaso dituzte horrela. Orotara, idatzizko 2.369 espediente ereaztertu dituzte, eta, Arartekoak jakinarazi duenez, administrazioak kritikatu zaion jarduera zuzendu du kasuen %85ean; gehienetan, gomendio formalik egin gabe.

Arloka, gehienbat osasunari dagozkion kexak jaso dituzte idatziz (%27,86), eta, ondotik, gizarteratzeari dagozkionak (%19,76). Bertze gai ugariri buruzkoak ere badira, halere: etxebizitzaz, hezkuntzaz, ingurumenaz eta justiziaz, erraterako. Administrazioen arabera begiratuta, ordea, Eusko Jaurlaritzak jasotako kexa gehienak gizarteratze arlokoak izan dira (%43,10).

Diputazioei egindako kexetan,Bizkaiak jaso ditu gehien (%42,35), ondotik Arabak (%34,12) eta azkenik Gipuzkoak (%23,53). Bertze bat da foru administrazioekiko nagusi den kezka: kexarik gehienak (%15,30) adinekoekin eta mendekotasun egoeran dauden pertsonekin daude lotuta, eta ondotik ogasunaren (%12,94) zein haur eta nerabeen arlokoek (%12,35) sortu dituzte arazo gehien.

«Giza eskubideen kultura»

Manuel Lezertua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako arartekoak gogoratu du 30 urte bete zituela iaz erakundeak, eta «gizartea eraldatzeko bultzadaren alde» lanean jarraitzeko beharra berretsi du: «Eraldaketa hori giza eskubideen kultura bat eraikitzera bideratuko da, berdintasuna defendatuko duena eta aniztasuna errespetatu eta balioetsiko duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.