Hidroituango megaproiektua

EPM: «Zentrala eraitsi ezina da»

2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Erlojuaren kontra dabiltza Ituangon, Kolonbiako zentral hidroelektrikorik handienaren lanak amaitzen. Bi turbina martxan jarri nahi dituzte azaroa bukatu baino lehen; besteak beste, egoera ekonomikoak behartuta: EPMk 150 milioi euroko isuna ordaindu beharko du hil amaierarako energia sortzen hasi ezean. Une horretarako prestatzen ari direla baieztatu du Robinson Mirandak, enpresaren ordezkari eta Hidroituangoren Ingurumen zuzendariak, enpresaren Medellingo egoitzan Zehar-Errefuxiatuekin taldearekin eta kazetariekin egindako bileran. Argi utzi du megaproiektuak ez duela atzera-bueltarik: «Hidroituango eraitsi ezina da: ez dago harresi hori deseraikitzeko gai den teknologiarik».

Ikusi gehiago:MEGAPROIEKTUAK ERAMAN DUENA

Turbinak pizteko data zeresana ematen ari da azken asteotan, Kolonbiako Prokuradoretza Nagusiak eta Hidroituangoren Nazioarteko Adituen Panelak adierazitako eragozpenen harira: segurtasunari buruzko azterketa gehiago egiteko eskatu dute, eta otsailera arte ez martxan jartzeko. EPMk, ordea, irmo segitu du bere asmoekin: azaroaren bigarren erdian abiatuko dituzte lehen bi turbinak, datorren urtean beste bi, eta 2026an azken laurak.

«Gizaki baten bizitzaren une kritikoena jaiotza den bezala, egitasmo honen unerik kritikoena martxan jartzen denekoa izango da. Segurtasun obrak burutzen ari gara, ziurtatzen mendia egonkor dagoela eta makinak prest», azaldu du Mirandak. Haren hitzetan, arriskua arintzeko modurik «onena» proiektua abiatzea da, «horretarako diseinatu ziren hodietatik joan dadin ura, gainezkabidea ez baitago pentsatua ura etengabe isurtzeko». Izan ere, 2019ko otsailean zabaldu zutenetik ez dute itxi gainezkabidea, 2018ko istripuaz geroztik ez baitute urtegia hutsarazteko beste biderik.

Mirandak ez dio ihes egin duela lau urteko larrialdiaz mintzatzeari. «Makinak 2018an piztu nahi genituen, baina kontingentziatik oinarri bat daukagu: inportanteena da bizilagunen eta langileen bizitza babestea; gero, ingurumena zaintzea; eta azkenik, proiektua aurrera ateratzea». Hala ere, aitortu du «arriskurik handienerako» ere prest daudela: urtegia haustekotan, larrialdi plan bat dauka enpresak abian, eta komunitateei ere trebakuntza ematen ari zaie. «Puerto Valdivian, adibidez, 30 metroko altuera hartuko luke olatuak. Zentral hidroelektriko guztiek dute arazo hori: gizadiak energia garbia izateko hartzen duen arrisku bat da».

2018ko ezbeharrean, agerian geratu zen adituek eta komunitateek 1970eko urteetatik ohartarazitakoa: lurrak ez direla egonkorrak. Halere, Mirandak ez du uste erratu zutenik zentralaren kokapenarekin: «Proiektua guztiz efizientea da: eremu txikia hartuta, energia asko ekoiztea lortuko dugu». Erantsi du pertsona «gutxi» mugitu behar izan dituztela, sortuko duten energia kontuan hartuta. Enpresak, ordea, ez du lekualdatu terminoa erabiltzen megaproiektuaren ondorioz migratzera behartutakoez mintzatzeko: «Kontzeptu hori gatazka armatuarekin lotuta dago; birkokatzeez ari gara gu. Ez gara biktimarioak».

Urtegia betetzean arroilatik alde egin behar izan zuten 250 familiak dira «birkokatuak», EPMren arabera; haiek konpentsatzeko, «bizi baldintzak lehengoratzeko programa» ezarri zuten. «Oso arrakastatsua izan da», txalotu du Mirandak. Aitortu du 2018ko istripuan 130.000 lagunen bizitzak jarri zituztela arriskuan, baina Puerto Valdivian etxetik alde egin behar izan zuten ia 2.500 sendiak ez dituzte lekualdatutzat edo birkokatutzat hartu, baizik eta kaltetutzat. «Zegozkigun baino gauza gehiago konpondu eta hobetu ditugu».

Auzo horretako osasun etxearen eta eskolaren obrak oso atzeratuta doazela eta, barkamena eskatu du: «Ez dugu aitzakiarik jarri nahi. Badugu dirua eta ahalmena, baina traba asko izan ditugu, instituzioak oso motelak direlako». Inguruan dabiltzan talde armatuekin ere arazoak izan dituzte: «Kontratistak intimidatu izan dituzte». Megaproiektua, ordea, ez da inoiz mehatxupean izan: «Herrietan egin dugun lan sozialaren ondorioz, konfiantza handia dago egitasmoan. Ez dugu estortsiorik pagatzen: irizpide gisa ezarria dugu halakorik ez egitea, baita kontratisten klausuletan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.