Etxerat-ek Jaurlaritzari eskatu dio amaitu ditzala salbuespen neurriak

Egun, EPPK-ko 63 euskal preso daude EAEko kartzeletan. Adierazi dute beste espetxe politika bat behar dela, «bereizketarik egin gabe»

Etxerat-ek euskal presoen egoerari buruzko balantzea egiteko antolatutako agerraldia, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Euskal presoen aurkako salbuespen neurriak amaitzeko eskatu zion atzo Etxerat-ek Eusko Jaurlaritzari. Hain zuzen, urriaren 1ean eskuratu zuen espetxe eskumena Jaurlaritzak. Presoen ibilbide juridiko-penitentziarioa egiten uztea galdegin zioten, eta bizkorrago aplikatu ditzala legeak eta espetxe erregelamenduak gizarteratzeko aurreikusten dituzten aukerak.

Gogoratu zutenez, egun EPPK-ko 63 euskal preso daude EAEko espetxeetan: hamabost Basaurin, beste hamabost Martutenen, 26 Zaballan, bi Zaballaren mendeko ospitaleetan eta bost preso etxean. Azaldu zuten horietako zortzi bakarrik daudela hirugarren graduan, nahiz eta gainerakoek, kondenaren laurdena beteta, baimenak izan beharko lituzketen, prebentziozko bi espetxeratuk izan ezik. Era berean, bigarren graduan sailkatuta dauden 53 presoetatik 44k kondenaren erdia bete dutela esan zuten, eta hirugarren graduan behar luketela.

Horrez gainera, Espainiako Gobernuari eskatu zioten «berehala lekualdatzeko» periferiako espetxeetan edo Euskal Herritik urrun dauden euskal presoak. Azaldu zuten Madrilen menpe dauden presoek ere baldintzak betetzen dituztela erredentzioak, baimenak, hirugarren graduak eta baldintzapeko askapena eskuratzeko. «Kondena erdia baino gehiago beteta daukaten 71 presok hirugarren graduan beharko lukete. Espainiako Gobernuari eta Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari eskatzen diegu, hurbiltzeaz gain, 71 preso horiek hirugarren graduan sailkatzeko, legeak baimentzen eta aholkatzen duen moduan. Are gehiago, 26k baldintzapeko askatasunaren espedientea irekitzeko baldintzak betetzen dituzte».

Bestalde, kezkatuta agertu ziren «bizikidetzarako eta bakerako bidean» azken hilabeteetan izan den «atzerapausoagatik». «Euskal presoei eskubideak urratzen zaizkie kolektiboki, baina baita banaka ere».

«Salbuespenezko» legedia

Onintza Ostolaza abokatuak salatu zuen oraindik salbuespenezko «legedi eta auzitegiak» direla nagusi. Azaldu zuen euskal preso gehienek irteera baimenak izateko legezko baldintza guztiak betetzen dituztela, baina Euskal Herriko periferian dauden espetxeetako tratamendu batzorde gehienak baimen horiek ematearen aurka azaldu direla. Horretarako «lekuz eta garaiz kanpo» dauden argudioak erabiltzen dituztela salatu zuen.

Esan zuen badaudela irteera baimenak proposatzen dituzten tratamendu batzordeak ere, baina orduan eremu judizialean daudela oztopoak —Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartu behar ditu—. «Egun, irteera baimenerako 40 espediente inguru daude epaitegian, espetxearen aldeko proposamenarekin. Horiek asko luzatzen dira denboran». Salatu du espetxearen aldeko proposamena izanda ere gehienetan fiskala kontra azaltzen dela, eta azkenean Zaintza Epaitegi Zentralak edo Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. zigor salak baimena ukatzen diela. «Aurten hamar auto baino gehiago eman ditu irteera baimenen aurka». Gradu aldaketekin ere antzeko zerbait gertatzen dela nabarmendu du, Unai Fanoren kasua adibide. Jaurlaritzari adierazi diote beste espetxe politika bat behar dela: «Bereizketarik egin gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.