Irungo Harrera Sareak deia egin du migratzaileak etxean jasotzeko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Irungo Harrera Sareak Bidasoa eskualdeko (Gipuzkoa) etxeetan migratzaileak jasotzeko deia egin du. Izan ere, harrera sareak ohartarazi duenez, muga igaro eta Irunera iristen diren migratzaileak egoera «larrian» daude. Duten egoerari irtenbide bat emateko asmoz, helburua da migratzaileek etxe partikularretan egonaldi laburrak egitea eta etxebizitzen sare solidario bat osatzea.

Harrera Sareko kideek salatu dutenez, zenbait migratzailek ez dute bitarteko publikoetan sartzeko aukerarik Hegoaldera iritsi ostean: «Plaza libreak egon arren ezin dituzte erabili, lehenago erabili dituztelako». Areago, gaineratu dute Irungo aterpetxeak ere ez dituela egoera jakin batzuk kontuan hartzen. Esate baterako, sareak salatu du aterpetxeak ez duela ostatua emateko epeak luzatzea aurreikusi edo ez dituela kontuan hartu baldintza klimatologikoek migratzaileen egoeran izan ditzaketen ondorioak.

Urtarriletik azarora bitartera arte, 2.100 migratzaile baino gehiago artatu dituela adierazi du Irungo Harrera Sareak. Gehienak, Gineako Errepublikatik eta Boli Kostako Errepublikatik iritsitako herritarrak dira; haien artean, badira adingabeak ere. Harrera sareak dei egin die herritarrei lokal bat lortzen laguntzeko; hala, azaldu du posible izango dela iristen diren migratzaileei harrera egitea eta informazioa eskaintzea.Irungo Udalaren jarrera ere salatu du: «Sareak ez du erantzunik jaso lokal bat uzteko aukeraren inguruan».

Kaleratzeak gora

Frantziako Gobernuak migrazio politiken inguruko neurriak aurkeztu zituen azaroaren 6an. Harrera Sareak jakinarazi duenez, Parisko gobernuak migrazioa eta asiloa murrizteko neurriak dira. Eta salatu du orduz geroztik gora egin dutela ustez egindako legez kontrako kanporatzeek: «Hilabete honetan Frantziatik legez kontra kanporatutako pertsona gehiago artatu ditu». Areago, gehitu du kanporatze horiek Frantziako legedia urratzen dutela eta ez dituztela bermatzen migratzaileen gutxieneko eskubideak.

Neurrien artean dago, esate baterako, Bordelen atzerritarrak barneratzeko zentro bat irekitzea. Sareak hango egoera salatu du: «Deliturik egin ez duten pertsonentzat ezkutuko kartzelak dira, eta, horietan izaten diren urraketak jakinda, ez zaigu iruditzen migratzaileen eskubideakbermatu nahi dituen neurria denik». Sareak aldarrikatu du sentsibilizazio lanekin jarraituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.