Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Euro batzuk baino ez da igoko

2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
2021eko urtarrila. Urte askoan sufritu dugun hotz boladarik okerrenak astindu du herrialde hau. Elurrak eta izotzak bete dituzte gure kaleak. Hotzetik babestuta geundela, etxean, jakin genuen elektrizitatea garestitu egingo zela egun ikaragarri hotz hauetan. PSOEko ministro Teresa Riberak eskatu du ez dadila alarmismorik sortu; izan ere, «euro batzuk baino ez da igoko».

«Euro batzuk baino ez da igoko». Euro horiek, familia askorentzat, erabakigarriak dira: jan ala ez jan, berotu ala ez berotu, bizi ala ozta-ozta bizi. Eta euro «gutxi» horiek gure patrika ia hutsetatik aterako dira, mukuru diren zenbait patrika betetzeko pixkanaka.

«Euro batzuk baino ez da igoko». Esaldi hori entzun, eta pentsatzen dut ea Teresa Riberak ausardia bera izango ote duen bere kide eta ministro Nadia Calviñorekin, hark gutxienez 2021eko maiatzera atzeratu nahi baitu lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera (SMI). Benetan asmorik baldin badu noizbait igotzeko. Neure buruari galdetzen diot horren ausarta izango ote den zenbait enpresari espainiar SMIa igotzearen aurka agertzen direnean, argudiatuta langileek nahikoa irabazten dutela eta eutsiezina litzatekeela. Imajinatzen dut zer gertatuko litzatekeen baldin eta Ribera ministroak, Yolanda Diazen begirada txundituaren pean, zera esango balie Calviñori eta enpresari patriotiko horiei: «Ez ezazue alarmismorik sortu, euro batzuk baino ez da-eta igoko». Hori entzunda, Diaz ministroak irribarre egingo luke, pentsatuta PSOEren lerroetan aliatu bat topatu duela SMIa kopuru dezente batekoa izatea lortzeko borrokan segitzeko.

Eta gure elektrizitatea euro batzuk garestitu den honetan, SMIa izoztuta dago oraindik ere, aste honetan izan dugun tenperaturarekin bat. Hala, atzean geratu dira soldatarik apalenak dituzten pertsonak, soldatak SMIari lotuak dituztenak. Langileek ateratzen dute aurrera herrialde hau, patrikak hutsak dituztela, eta hala ere izotzak eta hotzak hartuko dituzte haien etxeak.

Aparteko ordainsariak hileroko soldatan sartu gabe, 950 euro hilean. Eta aparteko sariak hileroko soldatan sartuta, 1.108,33 euro hilean. Diru sarrera horiekin bizitzea zer den ez dakitenek diote soldata egokia dela eta ez dela handitzeko garaia. Baina ez dugu ahaztu behar jende horrentzat ez dela inoiz izango handitzeko garaia: modua balute, txikitu egingo lukete, inongo lotsarik gabe, beren ekonomiaren mesederako. Soldata igoera ez beste igoera mota ugari jasan behar dituztenek, ordea, badakite gero eta zailagoa dela diru horrekin bizitzea. Dena igotzen bada, zergatik ez soldata? Euro gutxi batzuk besterik ez bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.