'13/13 auzia'. Erreakzioak

Auzipetuek nabarmendu dute ezin dela «formula zaharrekin jarraitu»

EH Bilduk eskatu du epaiketa eteteko: «Bake nahia zigortuko da». Foro Sozialak dio instrukzioa «irregulartasunez beteta» egon dela

Arantza Zulueta eta Mertxe Aizpurua elkar besarkatzen, Jone Goirizelaia alboan dutela. MARTA JARA / FOKU.
jon olano
Madril
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian eta saioa hasi aurretik, auzipetuen izenean mintzatu zen Julen Zelarain: «11 urte geroago, auzi honen aurrean, bat egiten dugu Euskal Herriko gehiengoa ordezkatzen duten sindikatu, alderdi politiko eta eragileek esandakoarekin: auzi hau lekuz eta garaiz kanpo dago». Zelarainen esanetan, «ezin da planteatu agertoki berria sendotu eta elkarbizitzarako esparru berriak eraiki behar direla, eta formula zaharrekin jarraitu».

Zelarainek esan zuen polizia operazioan eta instrukzioan «eskubide urraketa oso larriak» gertatu direla, eta horien artean aipatu zituen, besteak beste, «tortura basatiak», abokatuen bulegoen «legez kanpoko miaketak» eta CNIren entzuketak.

EH Bilduko ordezkari ugari joan ziren auzitegira auzipetuei babesa adieraztera: Mertxe Aizpurua diputatua, Gorka Elejabarrieta senataria, Julen Arzuaga eta Jasone Agirre legebiltzarkideak eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako batzarkidea. Arzuagak gogora ekarri zuen sumarioaren abiapuntuan dagoen polizia operazioko garaia: «Pertsona hauek atxilotu, torturatu eta horien aurka akusazio larriak fabrikatzen ari zirenean, makroprozesu sorta luze bat sortzen ari zen». Haatik, azaldu zuen 11 urte pasatu direla harrezkero, eta 11 urteotan «gauzak gertatu» direla Euskal Herrian: «ETA desagertu egin da, eta bakea eta bizikidetza sendotzeko prozesu bat garatzen ari da; urratsak egiten ari dira».

Horregatik, uste du «orduan makroprozesu horiek lekuz kanpo bazeuden, gaurko [atzoko] sumarioa guztiz onartezina eta bidegabea» dela: «Euskal gizarteak argi esan du epaiketa hau bertan behera geratu behar dela, sufrimendua, errepresioa eta kartzelaren mehatxu garbia ekartzen jarraitzen dutelako». Arzuagak gaineratu zuen atzoko saioan ez zutela «zigortuko pertsona hauen ibilbide militante edo profesionala, euskal gizartearen bake eta askatasun nahia eta helburua baizik».

Sortuk ere arbuiatu du sumarioa: «Auzitegi Nazionalak beste epaiketa politiko bat abiaraziko du. 77 urteko kartzela zigorra ezarri nahi diete zortzi euskal herritarri, torturen bidez lortutako inkulpazioez baliatuta».

Foro Soziala, «kezkatuta»

Gainera, Foro Sozial Iraunkorrak arrangura agertu du ahozko epaiketarengatik eta hark izan ditzakeen ondorioengatik. «Kezkatuta gaude epaiketa honek bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan izango duen eragin negatiboaz», adierazi du sare sozialetan: «Euskal gizarteak ezin du onartu zigor neurrigabeak eskatzen dituen beste epaiketa bat, gure herrian bizi dugun itxaropenaren testuingurutik kanpo dagoena».

Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu du sumarioak «irregulartasunez betetako instrukzio judiziala» izan duela: Kriminologiaren Euskal Institutuak aitortutako torturak, CNIren legez kanpoko entzuketak, akusazio epaituak, instrukzioan hamar urteko atzerapena...». Halaber, gaineratu du epaiketaren «gaitzespenak adostasun zabala» lortu duela «euskal gizartean alderdi eta sindikatuen artean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.