Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Comindarren familia

2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ostegunean Maria Lluisa Oliveres hil zen, Toni Comin eurodiputatu eta kontseilariaren ama, Flandrian. Erbestean hil zen, semearekin eman ahal izateko bere azken egunak.

Toni Cominen aita, Alfonso Carlos Comin, politikari eta soziologo handia izan zen, Cristians pel Socialisme mugimenduaren sortzaile itzaltsua, eta, 50eko hamarkadatik, demokraziaren eta eraldaketa sozialaren aldeko militantea. Maria Lluisa eta Alfonso Carlos 1961ean ezkondu ziren. 1969ko urtarrilean, frankismoak salbuespen egoera ezarri zuen, eta Alfonso Carlos atxilotu eta espetxeratu zuten; bost aste eman zituen kartzelan. Hura izan zen lehen aldia, baina beste zortzi aldiz ere atxilotu zuten gerora, eta hamabi sumario zabaldu zizkioten. 1973an, ordea, minbizia aurkitu zioten, eta 1980ko uztailaren 23an hil zen. Denbora eman zion Kataluniako Parlamenturako diputatu hautatua izateko, PSUCen zerrendan, baina ez zion astirik eman, aitzitik, instituzioak berreraikitzeko bidean bere eskarmentu ideologiko egundokoa eta gaitasun pertsonal aparta baliatzeko.

2003an, haren seme Toni diputatu aukeratu zuten parlamentu hartan bertan, Ciutadans pel Canvi alderdian, hots, Pasqual Maragallek egituratutako taldean, zeina koalizioan aurkeztu batzen PSCrekin batera. Estatutuaren kontrako sententzia atera zenean, Cominek independentismorantz eboluzionatu zuen, eta, ERCren eskutik, Junts Pel Si sortzen lagundu zuen. Hala, Puigdemont presidente zeukan gobernuak Osasun kontseilari izendatu zuen. 2017ko urriaren 30ean, erbestera jo zuen, eta Junts-eko eurodiputatua da 2019tik. Lehenago, 2018ko uztailean, haren anaia Pere Flandriara joan zen hilzorian, familia guztiarekin elkarturik eman ahal izateko bere azken egunak.

Handik gutxira, Maria Lluisa Oliveresek, zeina ez baitzen «halakoren ama» hutsa eta «halakoren emazte» hutsa, elkarrizketa zirraragarri batean azaldu zuen zer izan den beretzat senarraren espetxealdia lehenik eta semearen erbestealdia gero. Eta kontatu zuen berak animatu zuela Toni erbesteratzera, hain justu frankismoan izandako esperientziak hartaratuta.

Hau da, Martxelo eta Maria, familia katalan baten historia, haren hiru kideri soilik erreparatuta, baina beste kide nabarmen batzuk ere badituena, hala nola Toniren arreba Betona. Baina ez da hori bakarrik. Izan ere, haien historia nire herrialdearen historia ere bada, Kataluniako herriak askatasunaren eta justizia sozialaren alde erakutsi duen irmotasunaren historia. Mingarria da, barren-barreneraino mingarria, comindarrek hori dena pasatu behar izana. Baina, aldi berean, comindarrak libertatearen aldeko leinu bat dira guretzat. Eta harrobidea gure nazioarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.