Albistea entzun

ZUZENDARIEN GALEUSCA

Suplikatorioa

Vicent Partal - 'Vilaweb'-eko zuzendaria

2021eko otsailak 28

Europako Parlamentuak lehenbiziko pausoa eman du Carles Puigdemont presidentearen eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilarien kontrako suplikatorioa onartzeko. Kataluniako Gobernuak erbestean dituen hiru kide horiek eurodiputatu dira orain: suplikatorioa Lege Gaietarako Batzordeak onartu du oraingoz, eta, geroan, parlamentu osoak bildurik egin beharko du horren inguruko bozketa.

Argitu dezagun, dena den, suplikatorio hori ez dela hain garrantzitsua ere. Hiru eurodiputatuek ez diote utziko parlamentari izateari, eta ez dituzte igorriko Espainiara. Belgikako epaileak badu eskumenik Espainiako Auzitegi Gorenak haien kontra emandako agindua aztertzeko, baina ez besterik.

Eta epaile horrek berak, joan den urtarrilean, ezezkoa eman zion antzeko beste agindu bati, Lluis Puig kontseilariaren kontrakoari, hura ere Belgikan erbesteratua izaki. Eta ez hori bakarrik: epai ezin zorrotzago baten bidez, giza eskubideak urratzeaz akusatu zuen Espainia, eta adierazi Espainian ezinezkoa dela independentista baten kontrako epaiketa zuzenbidezkorik egitea.

Puigen kontrako epaia erabat itxita dago ja; ez dago aukerarik beste ezein errekurtso aurkezteko edo gorago jotzeko, eta, hortaz, aurrekari garrantzizko bat ezarri du. Ez da uste izatekoa epaileak iritzia aldatuko duenik. Eta, iritzia aldatu ezean, hiru eurodiputatuek immunitatea berreskuratuko dute, zuzenean.

Baina hori ordaindu beharra dago: ez eurodiputatuek, baizik Espainiak eta Parlamentuak. Espainia tira batetik eta tira bestetik ibili da Europako Parlamentuan, garaipen pirriko hori lortzearren, eta badira zantzu interesgarri batzuk, bazterrak ez ote dituen aspertu. Lehenbizikoa, bozketaren emaitza bera. Espainiako eurodiputatu asko sartu dira batzordean, baina, haiek kontuan hartuta ere, botoen %60 baino ez dira suplikatorioa onartzearen aldekoak. Eta hori nabarmentzekoa da; izan ere, 1995az geroztik, batez beste %90ek egin dute suplikatorioaren alde Europako Parlamentuko bozketetan halako baten inguruko iritzia eman denean.

Seinale txarra da Espainiarentzat, beraz, ezin irabazi izatea, nahiz eta talde handietako diputatuak neurririk gabe estu hartu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.