Leixuri Urrutia. Zuzenbide gaietako ikertzailea

«Sufrimendua dago normalean ere; orain, areagotu egin da»

Izurriaren ondorioz zahar etxeetan urratu diren eskubideak ikertzen ari da Urrutia; lehendik ere askatasunak eta eskubideak aski mehartuta dauden eremuan murgildu da. Eta oraindik ere lausoago ikusi ditu.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
arantxa iraola
Bilbo
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun

Nagusien egoitzak eta COVID-19a estatuko araubidean hitzaldia eman zuen lehengo astean Leixuri Urrutiak (Sopela, Bizkaia, 1998) Bilbon, COVID-19a eta botere publikoak Euskadin: Espainiako auzitegien jurisprudentziari begirada jardunaldien barruan. Oinarrizko Eskubideak eta Botere Publikoak masterra amaitzeko propio aztertu du gaia ikerlan batean Urrutiak, eta sakontzen jarraituko du orain doktore tesian. Zahar etxeek, izurririk gabe ere, instituzioen ardurapeko erakunde diren heinean, usu eskubideak urratzera egiten dutela gogoratu du. «Denek afaldu behar dute 20:00etan. Edo zergatik esaten diote egoiliar bati astean zenbat bisita jasoko dituen?».

Ikusi gehiago:Zaintza desegokia, «egituraz»

Izurrian urratu diren eskubideei erreparatu diezu. Baina arazoa aurrekoa ere badela argi uztea garrantzitsua da, ezta?

Bai. Adineko pertsonen egoitzek, erakunde moduan, beti izan dute erregimen berezia, eta egoitza horietan bizi diren egoiliarrek eta erakunde horien administrazioak oso harreman estua dute. Nik zenbaitetan alderatzen dut espetxeetako egoerarekin; espetxeratuta dagoen jendearen eta administrazioaren artean harremana oso berezia da: askoz ere estuagoa. Eta egoitzetan sortzen den erregimena ere berezia da. Erregimen berezi horretan, oinarrizko eskubideen urraketa askoz gehiago gerta daitezke, eta, batez ere, askoz ere gardentasun txikiagoa dago horiek ikusteko.

Eta izurriak dena oraindik ere zailagoa egin du?

Hori da. Kontua da pandemia garaian, azkenean, era orokorrean mugatu zirela oinarrizko eskubideak, eta zentro horietan, berez mugatzen diren eskubideez aparte, krisi egoeratik ere, are gehiago murriztu ziren.

Espainiako Estatuko errealitatera begira, murrizketa horren harira epaitegietan abiatu diren diligentziak aztertu dituzu. Zer tankeratakoak dira?

Nik egin dudan azterketaren arabera, gehienak ekinbide zibilak izan dira. Bai fiskalak ofizioz hasiak, eta baita salaketen bidez abiatutakoak ere; batez ere, osasun arretarako baliabiderik ez izateagatik, edo egoiliarren babesgabetasunean oinarritutakoak. Halere, niretzat harrigarrienak izan ziren arlo penalean abiarazitako diligentziak; asko iruditu zaizkit, beste urte batzuekin alderatuta, eta gehienbat lotuta daude zuhurtziagabekeriagatik edo laguntzarik ez emateagatik izan diren giza hilketekin.

Diligentzia horiek seguruenera izozmendi handi baten muturtxo bat besterik ez dira izango...

Bai, hori da. Azkenean, imajinatu, senide horietako askok ezin izan zituzten beren senideak ikusi, eta ezin izan dute dolua era normal batean egin. Orduan, normalean zaila baldin bada horrelako prozedura judizial batzuk hastea, bada horrelako egoera batean, dolua guztiz egin ez duzula, edota denok ere aztoratuago gaudelarik, askoz zailagoa da salaketa bat jartzea. Bai, pentsatzen dut izozmendiaren punta izango direla horiek.

Bai, eta erakusten du zer sufrimendu egon den bestela ere...

Bai, zer sufrimendu dagoen normalean ere, eta orain, garai honetan, areagotu egin da.

Auzitara heldutako hainbat delitu larri izan dituzu hizpide. Eremu penalaz harago, zer-nolako salaketak abiarazi dira?

Nire ikerketa aurkezteko egin nuen hitzaldian, bi sententzia izan nituen hizpide. Bat txertoei buruzkoa zen. Txertoen inguruan sententzia ugari egin dira, arlo zibilean. Azken finean, txertoa jartzea ez da nahitezkoa, baina adinekoen egoitza askotan bizi den jende asko ezgaituta dago, eta, pertsona horien ordezkarien borondatearen aurka, edo ezgaituaren borondatearen kontra ere bai zenbait kasutan, epaileek erabaki dute pertsona batzuk txertatu egin behar direla.

Beraz, familia batek esan du ez duela nahi bere senidea txertatzea, baina zahar etxearen kudeatzaileak edo administrazioak auzitara jo du, eta epaileek haren alde egin dute?

Bai. Txertatzea baimentzearen alde. Fiskaltzaren ildoa apurtxo bat berezia izan da; esaten du legediak edo alarma egoeraren araudiak adierazten badute ere txertatzea ez dela nahitaezkoa, horrek esan nahi duela kasuan kasuan aztertu behar dela. Eta esaten du, era berean, ordezkariek beti izan behar luketela kontuan haien ordezkatuaren bizitzarako eta osasunerako onurarik handiena dakarren hori. Eta, beraz, kasu horietan ordezkatuak erabakiko balu txertaketari uko egitea, orduan beti epaile baten aurretik pasatu beharko litzateke erabaki hori, ikusteko premiazko arrazoiak dauden txertaketa hori ez egiteko.

Zer ikasbide atera behar da honetatik guztitik?

Garrantzitsua da azpimarratzea krisialdi honek agerian utzi duela gure gizartean zaintzak eta zaintza instituzioek bigarren mailako tratamendua dutela. Erabat feminizatutako sektore bat da hau. Gizarte parekideago bat lortzeko, beraz, zaintza erdigunera eraman behar dugu; horrek, adibidez, adineko pertsonen egoitzetan gertatutakoa argitzeko eta gardentasuna eskatzeko bidea emango liguke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.