Albistea entzun

Zaintza desegokia, «egituraz»

ELAk deituta, Gipuzkoako zahar etxeetako langileak batu dira, ikuskaritza baten harira agertu diren arazoaren erakoak guztiz ohikoak direla erakusteko. Peña diputatuari egotzi diote ez esatea egia

Langileak, atzo Donostian egin zuten agerraldian.
Langileak, atzo Donostian egin zuten agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2021eko urriak 1

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako diputatu Maite Peñak herenegun onartu zuen, Donostiako Txara I zahar etxeko ikuskaritzan atzemandako arazo baten harira, egoitza horretako hamasei egoiliarrek, egoera jakin batean, oheratuta hamalau ordutik gora egin zituztela. Uda sasoian oporretako ordezkapenak egiteko egon ziren zailtasunekin lotu zuen arazoa, eta saihesten zail zen salbuespen baten gisara aurkeztu zuen. Atzo, egoitzetako langileek hartu nahi izan zuten hitza, ELA sindikatuak antolatutako agerraldi batean, eta adierazi zuten ikuskaritza horretan atzemandakoa «eguneroko martxan» zahar etxeetan gertatzen denaren «adibide txiki bat» besterik ez dela. Nahi eta ezinean ibiltzen direla berretsi zuten, eta usu zahar etxeetan ematen den zaintza «inhumanoa eta lotsagarria» dela. Eta bat etorri ziren guztiak: «egiturazkoa» da arazoa. Mendekotasun handiak dituzte egun zahar etxeetan dauden egoiliar askok, eta haiei, bereziki, arreta ona eman ezinik ibiltzen direla adierazi zuten. Hainbat adinekoen egoitzatatik joan ziren langileak Donostiako agerraldira, herrialde osotik, eta mezu asko ia igual-igualak izan ziren.

Banaka mintzatu ziren, eguneroko lanean ikusten dituzten erretratuak aurkeztu zituzten, xehe-xeheak, irudi artegagarriz josiak. Egoiliarren garbitasun urria ikusi ahal izan zen langileen hitzetan: «Astean behin dutxatzen ditugu; gainerako egunetan, toalla heze batekin garbitzen ditugu. Mendeko egoiliarrentzat, hori da jarria diguten irizpidea. Denak dutxatzen hasiko bagina, ezingo genuke. Langileak falta dira». Eskasia horri erantzuteko pentsatuta dagoen lan gurpil estu batean ari direla azaldu zuten: «Dena dago pentsatuta denbora aurrezteko». Aurrezteko ahalegin horietan tematuta ere, lan ereduak ez duela balio esan zuten, arta falta saihestu ezinik ibiltzen direla. «Egoiliarrek goiz osoa egin dezakete pixohiala aldatu gabe, arratsaldeko lantaldekoak etorri arte, ez baitago aski langile», esplikatu zuen haietako batek.

Ikusi gehiago: Leixuri Urrutia: «Sufrimendua dago normalean ere; orain, areagotu egin da»

Ordutegi guztiz zorrotzek antolatutako bizitzeko era bat ere deskribatu zuten, artarik eman ezin, eta adinekoak ohean ordu askoan egotera derrigortzen dituena, deus ere jan gabe sarri askotan. «104 egoiliar daude gure egoitzan. 19:00etan hasten gara ohean sartzen, eta 10:00etan izaten dute gosaria», zehaztu zuen langile batek. Onenean izaten da hori horrela, beste baten arabera: «Gurean gerta daiteke ohean hogei ordu baino gehiago egin behar izatea egoiliarrek». Alegia, nork jaiki ez, eta ohean orduak eta orduak egin behar izaten dituzte adineko pertsonek. Desordutan egindako lanen berri ere eman zuten: «Gaueko txandakook 05:30ean lau edo bost egoiliar jaikitzen ditugu, eta gosariak ematen dizkiegu, era horretan goizeko txandakoek pixka bat hobeto egin ahal izateko lana».

Erizainik gabe

Osasun artari begira ere, gabeziak ohikoak izaten direla ohartarazi zuten. «Askotan erizainik gabe egoten gara, erizainak beste zentro batera joan behar izaten duelako lanera», salatu zuen langileetako batek. Eta ordutegien zorrotzaren ondorioz, botikak egoiliarrei agindua dieten orduetan ematea guztiz ezinezkoa izaten dela esplikatu zuten; pilatu egiten zaizkiela sendagaiak emateko orduak, eta ia batera hartzen dituztela maiz: «Gosaritarako botikak 10:00etan ematen zaizkie; bazkaritarakoak, 13:00etan». COVID-19aren ondoriozko neurriak oraindik bere gogorrenean dituzten zentroetako langileak ere mintzatu ziren: «Gurean, egoiliarrek beren logeletan itxita jarraitzen dute; hantxe gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen dute».

Lan zama handien berri eman zuten, eta horiei erantzun ezinik ibiltzen direla esan zuten, behin eta berriz. «Mendekotasun handia duten egoiliarren unitate batean ari naiz; hogei egoiliar dira, eta hemezortziri jaten eman behar zaie: ahora. Bazkaritarako orduan lau langile gaude; afaritarakoan, hiru. Bi edo hiru egoiliar afaria baino lehen oheratu behar izaten ditugu, gainerakoan ezin dira behar bezala ohean sartu: ohean bota behar dira», adierazi zuen langileetako batek.

Maite Peñak herenegun egin zituen adierazpenetan argudiatu zuenez, hainbat egoiliar une jakin batean ohean altxatu gabe egon izan baziren ere, jan gabe ez ziren utzi inoiz: «Bigarren afari bat eman zitzaien». Kontra egin zioten atzo langileek, haien lekukotasunen bidez. «Gurean, adibidez, eman beharreko jogurtak kontatuta egoten dira», esan zuen batek. «Eta bigarren afaria izaten dute hori hartu behar dutela ezarria dutenek, diabetikoek-eta; baina egoiliar guztiei ez zaie ematen halakorik». Peñak, duen ardurarengatik, zahar etxeetako martxa ondo ezagutu beharko lukeela adierazi zuten, aski kritiko: «Izan ere, Maite Peñak esan zuena ez da egia».

Lan gatazka

ELAk egoera hau guztiz lotu du Gipuzkoako egoitzetako langileek lan itun baten eske orain hiru urte hasitako borrokarekin. 252 greba egun egin dituzte ordutik, eta aldarrien artean beti egon da lantaldeak indartzea. Sindikatuko ordezkari Txomin Lasak atzo azaldu zuen arta egokia emate aldera «bikoiztu» ere egin beharko liratekeela egungo lantaldeak: «Zenbat eta hobeak izan langileen lan baldintzak, orduan eta duinagoa izango da egoiliarrei eman diezaieketen zaintza».

Beste askotan egin duten eran, bilerarako deia egin zieten Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiari eta Maite Peña diputatuari. «Propaganda» egiteari uzteko eskatu zieten, eta aterabide bat bilatzen laguntzeko. Arazoaren muinean zaintza lanen «merkantilizazioa» egotea deitoratu zuen Lasak. «Onura atera nahi denean, halakoak ezkutatzera egiten da». Egoiliarren familien elkarte Gipuzkoako Senideak-ek berretsi egin du hori; salatu du egoitzetako ikuskatzeak «itunduta» egoten direla, eta arazoak tapatzera egiten dela. Nafarroan ere protesta egin zuten atzo zahar etxeetako ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek deituta: hitzarmenaren «zinezko negoziazioa» eskatu zuten.

Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna da gaur, eta, horren harira, mobilizazioak egingo dira, Pentsiodunen Mugimenduak eta beste hainbat elkartek deituta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Txibite lehendakaria eta Santos Indurain Osasun kontseilaria. ©JESUS DIGES / EFE

Sindikatu Medikoak 48 ordutan erantzunen dio Osasunbidearen eskaintzari

Ion Orzaiz

Gobernuak eta medikuen elkarte ultrakontserbadoreak akordio baten oinarriak finkatu zituzten atzo. Bertan behera gera daiteke otsailaren 1eko greba deialdia.

Ikasbidea ikastola, Duran ©Irekia

Ikasbidea ikastetxeak hotzari aurre egiteko konponbide iraunkor bat eskatu du

Irati Urdalleta Lete

Azaldu dutenez, arazoak dituzte ikastetxeko galdararekin, baina Eusko Jaurlaritzak esan die ez dutela uda baino lehen konponduko. Salatu dute ikasgeletan hamahiru edo hamalau gradu izan dituztela.

'Aita Mari' ontziak Mediterraneoan aurkitutako migratzaileen ontzi baten erreskatea, artxiboko irudia. ©Itsas Salbamendu Humanitarioa

'Aita Mari' ontziari espediente bat ireki diote, ia milioi bat euroko isunekoa

Isabel Jaurena - Edurne Begiristain

2020an Palermon (Sizilia, Italia) gertatu ziren ekintza batzuen baitakoa da zigorra. Aita Mari-k alegazioak aurkeztuko ditu.

Saridun guztiak, gaur arratsaldean ©berria

Azterketak Euskaraz taldeari eman diote kanpaina onenaren Argia saria

Irati Urdalleta Lete

'Karpeta Urdinak' dokumentalarentzat, Zugazart tirarentzat, '(Min)bizi' podcastarentzat, Euskal Mastodon komunitatearentzat eta Oihana Goirieenarentzat izan dira gainerako Argia sariak.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.