martxelo otamendi
Enbaxada bila

Iceberg despopulatua?

2013ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Kontsultatu beharra daukat abokatuarekin, baina Mas lehendakariaren aurkako salaketa jartzeko asmotan nabil, ostegunean Monica Terribasek egindako elkarriztekan esandakoen ondorioz. Salaketaren arrazoia? Oporrak zapuztea. Kataluniako galdeketa 2014ko irailaren 14an izango zelakoan, eta Eskoziakoa urte horretako irailaren 18an izango dela jakinda, txango subiranista antolatua neukan datorren urteko irailerako: Euskal Herria-Katalunia-Eskozia-Euskal Herria. Ibilbide horretan, Euskal Herria abiapuntua eta helmuga besterik ez da; perretxikotan dabiltzanek esaten duten bezala, «ale horiek ez dute sukalderako balio».

Mas lehendakariaren erabakiak, dudarik gabe, markatu egingo du ANC Biltzar Nazional Katalanak Diadarako mimo eta arrakasta handiz antolatu duen Giza Katea. Haserremetroa asmatua egongo balitz...

Katalunian eta Kataluniatik kanpo egingo dira giza kateak, tartean Euskal Herrikoak. Euskaldun asko interes handiarekin ari da kasu egiten Kataluniako prozesuari, interes handiaz baina elkartasun gutxiz.

Urtebete falta da, horrela esaten genuen osteguneko elkarrizketa bitartean, eta badago denbora hitzaldiak, mahai inguruak eta behar direnak antolatzeko; baina jarduera gutxi dago gure herrian zuen prozesuaren gainean. Dagoena herri ekimenak eratu du, baina erakunde publikoek Groenlandiako iceberg despopulatu baten subiranotasun prozesuarekin edukiko luketen jarrera bera daukate, orain artekoan.

Uste dut euskal herritar askok, katalan askok ere bai, gustura ikusiko luketela Urkullu lehendakariaren bisita instituzionala Kataluniara, katalanen erabakitzeko eskubidearen aldeko mezuak ematera ez ezik, elkartasuna adieraztera. Zer gutxiago, gutako askorentzat «beste aberria» denarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.