Albistea entzun

Basterretxearen begitik

Nestor Basterretxearen atzera begirako erakusketa bat zabaldu du Gasteizko Vital fundazioak. Guztira, ia 300 artelan daude ikusgai, horietako batzuk inoiz jendaurrean erakutsi gabeak. Abenduaren 8ra arte ikus daitezke
Eskulturak, marrazkiak eta argazkiak, denak elkarren ondoan daude erakusketa aretoan.
Eskulturak, marrazkiak eta argazkiak, denak elkarren ondoan daude erakusketa aretoan. VITAL FUNDAZIOA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko urriak 28 - Gasteiz

Dozenaka begiradaren prismatik begiratu zaio Nestor Basterretxeari (Bermeo, Bizkaia, 1924Hondarribia, Gipuzkoa, 2014), nola artistari hala haren artelanei. Gasteizko Vital fundazioan ikusgai dagoen erakusketak ere haren ibilbidea ezagutzeko aukera ematen du. Kasu honetan, ordea, Basterretxearen prismatik osatutako atzera begirako bat da: haren familiak aukeratu duelako zein obra erakutsi, batetik; eta, artistak berak idatzitako testuen bidez bere lan prozesua ezagut daitekeelako, bestetik. Denera, ia 300 obra inguru daude ikusgai, eta horietako asko inoiz jendaurrean erakutsi gabekoak dira. Abenduaren 8ra arte izango da zabalik.

Gorka Basterretxea, artistaren semea, arduratu da komisario lanak egiteaz. Azaldu duenez, Vital Fundazioaren enkargua izan zen, iaz Donostian antolatu zuten beste erakusketa baten harira egindakoa. «Aitaren argazki eta filmen artxiboaren inguruan antolatu zuten erakusketa, eta hura Gasteizera ekartzea proposatu nien. Baina ezinezkoa izan zen. Orduan esan zidaten ea ausartuko nintzen beste erakusketa bat egitera, antologia moduko bat, eta hala sortu zen». Aurrez ere aritua da aitaren obrak erakusten —haiekin osatu zuen Gasteizen ireki zuen Talka galeriako lehen erakusketa—, baina lehenengo aldia izan du komisario gisara. «Hunkigarria izan da berriro aitaren munduan barneratzea», aitortu du.

Basterretxearen «unibertsora» hurbiltzea: helburu hori baitu erakusketak, Arantxa Ibañez de Opakua Vital fundazioaren zuzendariaren arabera: «Atzera begirako honekin, Vital fundazioak artistaren unibertso sortzailea hurbildu nahi dio publikoari, XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal eskulturaren berritzaile nagusietakoa baita».

Marrazkiak eta bertsioak

Erakusketak bi ardatz ditu: marrazkiak eta bertsioak. «Orain urtebete hasi nintzen erakusketaren gidoia prestatzen, eta pentsatu nuen bi ezaugarri horietan oinarritzea, biak direlako aita ongi ezaugarritzen dutenak», azaldu du semeak. Izan ere, artistaren jarduera guztiak zeharkatzen eta bateratzen dituen ezaugarria da marrazkia, obra oro marrazketa prozesu batetik abiatzen baitzuen: buruan zuen ideia paper batean egindako zirriborro bilakatzen zuen, eta marrazki hura, gero, artelan.

«Aita marrazkilari gisa berreskuratu nahi izan dut horrela», adierazi du komisarioak. «Beti ezagutu dut mahai baten aurrean eserita, paper batean arkatz edo boligrafo batekin marrazkiak egiten. Oinarrizkoa zuen marraztea». Marrazki horietako batzuk erakusketa aretoan daude ikusgai, bada. Orain arte jendaurrean erakutsi gabekoak dira gehien-gehienak, eta Basterretxearen lan egiteko modua nahiz sortze prozesua ezagutarazten laguntzen dute.

Beste ardatza bertsioak dira. Artistaren lan egiteko moduari egiten diote erreferentzia; izan ere, aurrez egindako lan bat beste obra bat egiteko erabiltzen zuen, oinarri gisara hartuta edo birziklatze nahiz birmoldatze prozesu baten bitartez. «Berak ulertzen zuen artelan bat amaituta zegoela agian, baina handik bi, hamar edo hogeita hamar urtera itzuli egiten zen berriro, eta berreskuratu egiten zuen obra hura, beste forma bat emanez, beste diziplina baterako egokituz», azaldu du Basterretxeak. Hala, 1970eko hamarkadako eskultura bat collage edo proiektu arkitektoniko bihur zitekeen hamarkada batzuk geroago. Artistak etengabe berrikusten baitzituen bere lanak. «Adibidez, Euskal kosmogonia saileko eskultura bat hartu, eta argazki muntaketa bat egiten zuen. Hori zen, berak aipatzen zuen moduan, bertsioak egitea».

Edonola ere, Basterretxeak landu zituen arlo artistiko guztiak ezagut daitezke erakusketan ikusgai dauden artelanen bidez: pinturatik hasi eta eskulturara arte, baita zinemagintzan, industria diseinuan, lan grafikoan eta altzarien diseinuan, arkitekturan nahiz hirigintzan, argazkigintzan, kartelgintzan edo idazketan egin zituenak ere. Arlo bakoitzeko pieza bana dago erakusketan gutxienez, eta diziplina batetik bestera nola igaro zen ikus daiteke horiei esker.

Hain zuzen ere, artistaren 60 urteko ibilbidea hiru multzotan laburbildu dute, hiru areto handitan multzokatuta: «Arlo figuratibotik abstraktura, planotik espaziora, eta imajinatutik sakratura» egin zuen bidea jasotzen du erakusketak. Gainera, areto bakoitzaren atarian artistak berak idatzitako testuak irakur daitezke. «Berak oso ondo azaltzen zituen bere artelanei edo arteari buruz zeuzkan ideiak. Testuetan jasotzen zituen, eta oso argigarriak dira. Horregatik erabaki nuen horiek ikusgai jartzea», azaldu du artistaren semeak.

Bisita gidatuak

Basterretxearen lanekin osatutako hiru erakusketa daude ikusgai Gasteizen udazken honetan: Vital Fundazioko erakusketaz gain, Eusko Legebiltzarrean Izaro pieza ikonikoari buruzko erakusketa bat dago zabalik; eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoan, ostera, museoaren bildumako funtsekin —tartean, Basterretxearen obrekin— osatutako Zeru bat, hamaika bide izenekoa.

Hiru instituzioek bat egitea erabaki dute, eta ibilbide gidatuak eskainiko dituzte abendura bitarte. Basterretxea, urratsez urrats izeneko ibilbideak hiru erakusketak lotuko ditu, artistaren elementu garrantzitsuenak ezagutarazi asmoz. Asteburuetan eta jai egunetan izango dira, eta doakoak izango dira. Halere, aurrez izena eman beharko da, 945-20 90 20 telefono zenbakian edota Artium museoko leihatilan, bezperan, 19:00ak baino lehen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

1 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Berriro ere topagunea da

Ainhoa Sarasola

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Nahikoa lan izan dugu atzerakadari eusten»

Iñigo Astiz

Loiola, festara etorri, eta kulturak harrapatu zuen bere lehen Durangoko Azokan, eta Del Campo sormenerantz bultzatu du pandemiak. Landakon ezagutu dute elkar.

Nerea Ibarzabal bertsolaria, atzo, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoan, Larrabetzun. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Begirada guztiak finalera begira

Olatz Enzunza Mallona

Nerea Ibarzabalek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Horrekin batera, erabakita geratu da finalisten zerrenda

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.