Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Euskara eta hezkuntza

D ereduko irakasleak zelatatu zituztenekoa

Hezkuntza kontseilari Jose Iribasen kudeaketak hamaika kritika jaso ditu, eta hamaika protesta eragin karrikan. Guardia Zibilak D ereduko irakasleei buruz egindako txostenak ere markatu du legegintzaldia.

Edurne Elizondo -

2015eko maiatzak 21 - Iruñea

Hezkuntzaren esparruan gorabeherez betetako legegintzaldia izan da orain amaituko dena. Hezkuntza kontseilari Jose Iribasen kudeaketak jaso du kritika gehien, Osasun Departamentuko buru Marta Berarenarekin batera. Ikasleak, irakasleak eta gurasoak hamaika aldiz atera dira azken lau urteotan karrikara, protesta egitera. Iribasek dimisioa eman zezala eskatzera. Batetik, Nafarroako Gobernuak ezarritako murrizketak salatu dituzte; bertzetik, Madrilen erabakitako hezkuntza erreformen aurkako iritzi sendoa agertu dute. Izan da bertze auzi nagusi bat, hala ere, amaitzear dagoen oraingo legegintzaldiak hezkuntza komunitateko kideen protesta sutsua eragin duena: 2013. urte bukaeran jakin zen Guardia Zibilak D ereduko 1.600 irakasle zelatatu zituela.

Euskarazko irakaskuntza Nafarroako Gobernuaren jomugan izan da legegintzaldi osoan. Yolanda Barcina presidenteak berak onartu zuen Madrilen, 2013ko abenduan hedabide batean egindako elkarrizketa batean, D ereduari «aurre egiteko» balio izan duela ingelesez ikasteko programen alde egin izanak.

Adierazpenez harago, UPNko agintariek egin dute bertze urratsik: «Legez kanpokotzat» jo zituen Hezkuntza Departamentuak euskarazko 22 liburu, 2014ko urrian,«Nafarroaren errealitate instituzionalera eta curriculumera ez egokitzeagatik». Euskara eta literatura ikasgaikoak ziren liburu guztiak.

Euskarazko irakaskuntza «kriminalizatzeko» saioa izan zen, halaber, Guardia Zibilak D ereduko irakasleen inguruan egindako txostena. Horixe salatu zuten hamaika alderdik, sindikatuk eta elkartek, auziaren berri zabaldu zenean. Gurasoak karrikara atera ziren D ereduaren alde, eta Nafarroako Parlamentuak berak babesa erakutsi zien euskarazko ikastetxeetan ari diren langileoi. Lau irakasletik bat «etazaletzat» jo zuen Guardia Zibilaren txostenak.

Epelagoa izan zen Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek emandako erantzuna. Haren babesa eskatu zuten irakaskuntzako sindikatuek, baina kontseilariak, babestu baino gehiago, haien izen ona zikintzeko kanpaina «lagundu» zuela salatu zuten ELAk, LABek, CCOOk eta Steilasek, bertzeak bertze. Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinaren jarrera ere kritikatu zuten sindikatuok, irakasleen alde ez egiteagatik.

Murrizketen aurka

Hezkuntza komunitateak bat egin zuen D ereduaren aurkako eraso horren aurka. Ez bakarrik orduan. 2011-2012ko ikasturte amaierako protestetan ere mezu bateratua zabaldu zuten Nafarroako ikasleek, irakasleek, gurasoek eta sindikatuek. Nafarroako Gobernuak ezarritako murrizketei aurre egiteko, gelak hustea eta karrikak betetzea erabaki zuten. Grebara deitu zuten, hainbat egunez.

Murrizketek ekarri zuten irakasleei eskola ordu gehiago jartzea, ikasleen taldeak handitzea, eta ordezkapenak ez egitea, bertzeak bertze. Hezkuntza komunitatearen protestei, hala ere, entzungor egin zien Nafarroako Gobernuak. Madrilek erabakitako neurriak zirela, eta bete egin behar zituela defendatu zuen, beti, Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak.

Antzeko jarrera erakutsi du Nafarroako Hezkuntza arduradunak Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek egindako erreformaren inguruan. Eskoletan, aurka egin diote LOMCEri ikasleek eta irakasleek. Bai eta gurasoek ere. Erreforma horri buruzko eztabaida izan da amaitzear den oraingo legegintzaldiko bertze auzi nagusietako bat.

LOMCE asmo bat bertzerik ez zenean hasi ziren proiektu horren kontrako protestak, Nafarroan. Espainiako Kongresuak 2013. urteko azaroan onartu zuen erreforma. PPren botoak baino ez zituen jaso alde.

Oraingo ikasturtean hasi dira LOMCE ezartzen, Nafarroan. Legea «nafar erara» beteko zuela erran zuen Jose Iribas kontseilariak, ikasturtea hasi baino lehen. Praktikan LOMCE indarrean dela salatu dute hezkuntza komunitateko kideek, geroztik.

Hilaren hasieran Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako haurrei egindako azterketak dira horren adibide. Ehunka gurasok sinatu zuten zortzi urteko haurrei ezarritako proba horien aurka. Hala eta guztiz ere, Jose Iribas kontseilariak azterketak egin beharko zituztela erantzun zien.

Planto egitea erabaki zuten guraso anitzek, hilaren hasieran. 4tik 7ra egin zituzten azterketak. Egun horietan haien seme-alabak eskolara ez eramatea erabaki zuten guraso horiek. Azterketak bertze egun batean egin beharko zituztela ohartarazi zien Hezkuntza Departamentuak. Hutsik emanen zituztela erantzun zioten kontseilariari. Jarrera horri eutsi egin diote gurasoek. Atzo, hain zuzen ere, manifestazioa egin zuten Iruñeko karriketan.

Intsumisioaren bidea hautatu dute gurasoek. Eta hartutako erabakiari eutsi diote. Jose Iribas kontseilariak, berriz, karguari eutsi dio, azken urteotan. Protestaz eta kritikaz betetako legegintzaldian, aurrera jarraitu du, hezkuntza komunitatea osatzen duten sektoreen iritzia entzun gabe.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Geroa Baiko Uxue Barkos, PSNko lehendakarigaia, Maria Txibite, entzuten. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Parlamentuko lehendakaria Geroa Baikoa izango da

Joxerra Senar

Barkosen arabera, sozialistek ontzat jo dute mahaiko kide bat EH Bildukoa izatea. Txibitek goraipatu du PSNk «eskuzabal» jokatu duela
Juan Karlos Izagirre eta Maddalen Iriarte, EH Bilduko Donostiako alkategaia eta Gipuzkoako ahaldungai nagusia, Arnaldo Otegirekin, hauteskundeen emaitzak ezagutu berritan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Hegemonia aztertzen

Xabier Martin

Maiatzaren 28ko bozek areagotu egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan handitzen ari den alderdi abertzaleen nagusitasuna. Gizartea aldatzen ari da, edo alderdiak, edo biak. Bozen emaitzek badute lotura aldaketa soziologikoekin, baina haiek ez dute dena azaltzen.

Lau urtez gobernatu du EAJk Guardian. ©Juanan Ruiz / Foku

Atzera ere EAJk gobernatuko du Guardian

Jon O. Urain

Raul Garcia alkategai jeltzaleak ziurtatu du hautagaitza aurkeztuko duela, eta EH Bilduk babestu egingo du. PPk irabazi zuen herri horretan.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, gaur, Busturian egindako prentsaurrekoan. ©IREKIA

Erkorekak gaitzetsi egin ditu Ertzainak Borrokan-en «jarrera anker eta desegokiak»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak plataforma «asindikalari» leporatu dio Ertzaintzako sindikatuak negoziazio mahaitik altxatzera «behartu»« izana. Plataformak negoziazioetan parte hartu nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.