Konstituzionalak artxibatu egin du PPk polizia abusuen legeari jarritako helegitea

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak dio «albiste positiboa» dela. Ikusteko dago Ciudadanosen helegiteak aurrera egingo duen ala ez

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak behin betiko artxibatu du PPren gobernuak EAEko Polizia Abusuen Legearen aurka aurkeztutako errekurtsoa. Ondorioz, auzitegiak itxitzat eman du bide hori, nahiz eta Ciudadanosek salatu duen Estatuko segurtasun indarren jarduna «kriminalizatzen» duela legeak. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, nabarmendu du «albiste ona eta positiboa» dela.

Eusko Legebiltzarrak 2016an onartu zuen Poliziaren biktimen lege bat, baina Mariano Rajoyren gobernuak helegitea jarri zion. Pedro Sanchezen gobernuak erretiratu egin zuen errekurtso hori, eta, azkenik, joan den apirilean, arau bat onartu zuten, 2016ko legea moldatzen zuena. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren helegitea gainditzeko, edukia moldatu behar izan zuten, besteak beste, Balorazio Batzordearen egitekoari eragiten zion atala. Orain, delituak egiaztatzeko prozesuek aintzat hartu beharko dute aurretik auzitegiek ebatzitakoa.

Moldaketak eginda, Auzitegi Konstituzionalak PPren gobernuaren errekurtsoa behin betiko artxibatzea falta zen, eta atzo hartu zuen erabaki hori auzitegiak. Artxibatzearekin batera, auzitegiak ez du ontzat jo Dignidad y Justicia elkartea eta Guardia Zibilaren Elkarte Bateratua akusazio gisa aurkeztea. Albistea jakin ostean, Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak esan zuen artxibatzea «albiste ona eta positiboa» dela.

Ciudadanosen helegitea

Eusko Legebiltzarrak apirilean onartutako legeari, baina, helegitea aurkeztu zion Ciudadanos alderdiak, eta errekurtso hori tramiterako onartu zuen herenegun Auzitegi Konstituzionalak. 1976 eta 1999 artean Poliziak eragindako biktimei aitortza emateko legearen helburua Estatuko segurtasun indarren jarduna «kriminalizatzea» dela salatu zuen orduan Ciudadanosek. Gainera, botere judizialari dagozkion eskumenetan «eskua sartzen» zuela iritzita, lege berriaren aurkako helegitea aurkeztu zuen. PPren helegitea artxibatu arren, Konstituzionalak errekurtso horri buruzko erabakia hartzea falta da orain.

Ciudadanosek jarritako helegiteari buruz ere jardun zen Erkoreka: «Esku hartzea da Eusko Legebiltzarrean ordezkaritzarik ez duen alderdi batek adostasun zabalez onartutako lege bati helegitea jarri izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.