Jorge Crespo. Lizarrako zinegotzia

«Transfugak garela diote, PSNko kideek agindutakoa betetzeagatik»

Garesti atera zaio Jorge Crespori Navarra Sumaren kontrako zentsura mozioa aurkeztu izana. Atzotik, PSNtik kanpo dago. «Minduta» dago alderdikide ohiek esan dituztenengatik.

BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Egun batetik bestera kendu dizkiote bulegoa, posta elektronikoko kontua eta PSNren karneta. Alderdiko buruzagitza haserre dago Jorge Crespo zinegotziarekin (Lizarra, 1993), Lizarrako Udaleko aginte makila Navarra Sumari kentzeko zentsura mozio bat adostu duelako EH Bildurekin eta Geroa Bairekin. Ez du damurik, ordea: «Herriko afiliatuek adierazitako borondatea bete dut, besterik ez».

Espero zenuen erreakzio hau?

Espero nuen Navarra Suma haserretzea, baina ez nuen uste, inondik inora, bederatzi urtez nire alderdia izan den horren erreakzioa hain oldarkorra eta bortitza izanen zenik. Ez nituen irainak, erasoak eta gezurrak espero. Gaur ikusi dut posta elektronikoa itxi didatela. Arronizko PSNren egoitzatik ere bota nahi gaituzte, mehatxuka. Esan didate alde egin ezean udaltzaingoa bidaliko dutela. Kostatzen zait egoera hau guztia ulertzea, eta mina ematen dit.

Zergatik piztu da hain polemika bizia?

Ez dakit. Agian PSNren zuzendaritzak erantzun beharko lioke horri. Nafarroako Parlamentuan, gauza jakina da PSNk EH Bildurekin negoziatu zuela aurrekontuak onartzeko; eta ongi deritzot! Hori da bidea: ez da logikoa Bilduren botoak eskatzea eta trukean ezer ez ematea. Ramon Alzorriz [PSNren Antolakuntza idazkaria] ia egunero ikusten dugu, irribarretsu, «ezberdinen arteko akordioa» txalotzen. Bada, Lizarran egin duguna gauza bera da.

'Transfuga' hitza erabili dute Navarra Sumak eta hainbat hedabidek. Transfugatzat al duzu zeure burua?

Ez, Lizarrako PSNren batzordeak emandako agindua betetzen ari bainaiz. Urtarrilaren 24ko bilkuran, herriko afiliatu batek erregistratu zuen zentsura mozioa aurkezteko proposamena. Auziaz eztabaidatu ostean, bozkatu genuen; afiliatuen %70ek eman zuten mozioaren aldeko botoa. Nafarroako zuzendaritzako ordezkari batek ere parte hartu zuen bilera hartan, eta ez zuen trabarik jarri, ezta kontrako iritzirik ere.

Hortaz, zergatik zabaldu zizuten kanporatze espedientea?

Egun hartako bozketa eteteko betebeharra nuela diote. Ez du inongo zentzurik. Zuzendaritza ere han zegoen ordezkatua, eta ez zuen ezer esan. Nire susmoa da buruzagi horrek filtratu zuela batzordean esandakoa hedabideetara, hautsak harrotu eta eztabaida oro errotik mozteko.

Horren ostean, nolakoa izan da alderdiaren jarrera?

Gezurrak eta gezurrak esan dituzte nire aurka: hilabeteak daramatzadala EH Bildurekin negoziatzen kargua nahi dudalako, nik prestatutako amarru bat dela, nik planteatu nuela Lizarrako batzordean... Hori guztia faltsua da. Zorionez, Lizarrako PSNko afiliatu gehienek badakite zer gertatu den. Otsailaren 5ean, PSNk nire kontrako espedientea zabaldu ostean, bilera bat egin genuen, eta han ginen 50 afiliatuetatik 48k berretsi egin zuten urtarrileko batzordean hartutako erabakia. Hortaz, argi dugu zein den bidea. Inkoherentzia PSNrena da, ez gurea.

Udal gobernua osatu zenetik bederatzi hilabetera heldu da EH Bildu, PSN eta Geroa Bairen arteko akordioa. Zergatik ez lehenago?

Egoera nahasia izan da. Inbestidura saioaren aurretik, gure taldeko hainbatek proposatu zuten alkatetza EH Bilduri ematea, baina beste batzuek ez zuten argi ikusten. Navarra Sumak hautagai berriak aurkeztu zituen, moderatuagoak itxuran, eta batzordeak ez zuen argi zer egin behar zen. Hortaz, erabaki genuen gure botoa inori ez ematea, eta Navarra Sumari gobernatzen uztea, boto gehien jasotako zerrenda zelako.

Navarra Sumaren eta zuen arteko harremana berehala mikaztu zen, antza...

Aste gutxiren buruan hasi ginen udal gobernuaren benetako aurpegia antzematen. Berehala egin zuten muturrera, eta opakotasun erabatekoaz jarduten ziren: informazio garrantzitsua ezkutatu digute hilabete hauetan. Protokoloak eta araudiak nahieran erabili dituzte, ez dituzte akordioak errespetatu eta, boterera iritsita, sinatutako itun gehienei bizkarra eman diete, agintekeria eta autoritarismo izugarriaz. Azken hilabetean, xantaia ere egin nahi izan digute: «Ez baduzue gai jakin batean guk nahi dugunaren alde bozkatzen, pikutara bidaliko dugu zuen proiektu hau». Jauntxoen erara jardun da Navarra Suma. Ezin genuen jende horren eskutik ibili. Herriaren kaltetan ari ziren.

Koldo Leoz izanen da alkatea 2022ko martxora arte, eta gero zuk hartuko duzu agintea. Zer espero duzu?

Legealdi polita izanen dela uste dut, asko baitugu jokoan. Frogatuko dugu posible dela ezberdinen arteko gobernu aurrerakoi bat. Gai izan gara taldeon arteko ezberdintasunak alde batean uzteko, ezkerreko itun programatiko baten mesedetan, eta hori Lizarrak eskertuko duelakoan nago. Geroa Baik eta EH Bilduk Nafarroako Gobernuan duten eragina ere baliatuko dugu, herrira inbertsioak erakartzeko, aurreko urteetako lehorte ekonomikoaren ostean, eta, azken finean, udal gobernu honek erakutsiko du gaur egun ez duela inongo zentzurik pertsonei edo alderdiei betoak jartzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.