Gorenak 'ameslarien' programarekin jarraitzera behartu du Trump

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
AEBetako Auzitegi Gorenak ezerezean utzi du DACA ameslarien babeserako programa eteteko ahalegina. Donald Trump presidenteak bertan behera uzteko agindu zuen 2017an, eta, ordutik, erabakiak hiru urteko ibilbidea egin du auzitegietan. Programak deportaziotik salbu uzten ditu 650.000 ameslari—AEBetara iritsi zirenean adingabeak ziren gazte dokumentatu gabeak, eta hura indargabetzeak herrialdetik kanporatuak izateko arriskuan utziko lituzke.

Auzitegi Gorenak emaitza estuarekin onartu du DACAri eustea. Bost epailek bozkatu zuten alde, eta lauk aurka. John Roberts presidenteak —ildo kontserbadorekoa da— argudiatu zuen AEBetako Gobernuaren erabakia «arbitrarioa eta apetatsua» izan zela, eta ez zituela bete legeak zehaztutako mekanismoak.

Epaiak, beraz, ez du auziaren muina aztertu. Programa indargabetzeko prozedura jo du baliogabetzat. Gorenak argi adierazi du Trumpen gobernuak aukera duela berriz ere DACA eteten ahalegintzeko. Dena den, zaila izango du azaroko hauteskundeak baino lehen ameslariak deportatu ahal izateko urratsa ematea.

Gorenaren erabakiaren kontra agertu ziren epaileek adierazi zuten epaia «politikoki eztabaidagarria den erabaki bat saihesteko ahalegina» dela.

DACA Barack Obama AEBetako presidente ohiak eratu zuen, 2012an. Trumpek dokumentaziorik gabeko gazteen baimenak berritu behar izan ditu azken hiru urteetan, epaileek behartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.