Gorka Azkarate.
VI. Xilaba. IRITZIA

Artzaina nagusi

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Azken ia bi urte trakets hauen ondoren, final handi bateko halako bertso saio gogoangarri bat bizitzeko irrika ez ezik beharra ere bazegoen bertsozaleon artean, eta behar horretatik abiatuta, benetan estua izan zen bertsolarien eta entzuleon artean saio osoan zehar sortu zen lotura. Irriak eta malkoak kopuru ikaragarrian pilatu zituen saioa izan zen, hasieratik bukaerara.

Bera zen txapelerako faborito garbia, eta pronostiko guztiak berretsi zituen atzo Donibane Lohizunen. Bere onenetik dezente ematera derrigortu zuten besteek, edozein kasutan, txapelerako hautagai nagusia; buruz burukoan kantatuko zuela ia ziurtzat jotzen zen lehen zatiaren amaieran, ariketa batzuetan beste batzuetan baino dirdiratsuago aritu bazen ere kantuan. Errima ahalik estuen hartuz betiere, eta bertsotan ia ahaleginik egin gabe ari dela dirudien norbaiten kantaerarekin, ale ederrak utzi zituen bidean, bakarkako lan hunkigarri batekin amaituz. Buruz burukoaren une batzuetan, Miren Artetxek gaina hartuko ote zion pentsatzera ere iritsi ginen, eta agian Amets berak ere ikusiko zizkion otsoari belarriak. Buruz buruko bakarkako lanarekin, ordea, zalantza guztiak uxatu zituen (bigarren bertsoa, batez ere, Ametsek baino bota ezin ditzakeen horietakoa).

Miren Artetxek ondu duen txapelketaz eta finalaz asko hitz egin daiteke. Bertso ia guztietan kolpea eman eta mezuak txertatzeko gaitasun harrigarria duen bertsolari baten aurrean gaude. Behin motorrak berotuta, hamarreko txikian Maddalen Artzallusekin egindako bertsoaldi ederretik aurrera egin zuen gorantz Artetxek, eta nola gainera! Bakarkako zoragarriak osatu zituen, istorioak kapituluka kontatuz bertsoaldi horietan eta entzuleekiko erabateko konplizitatea erdietsiz.

Buruz burukoan sartzeko lehian bizirik izan ziren azkenera arte Odei Barroso, batez ere, eta Maddalen Arzallus. Barrosok bakarkako lan zirraragarria eskaini zigun kartzelakoan, eta baita ordura arte ofizio lan txukunik ere. Maddalenek saio oso serio eta erregularra burutu zuen, gogoratzeko bertsoak kantatuz tarteka, Amets anaiarekin zortziko txikian egindako ofizioan, kasu. Atzeraxeago sailkatu ziren Patxi Iriart eta Maddi Ane Txoperena. Edonola ere, txapelketa bikaina osatu dute biek ere, lehen aldiz finalean kantatuz. Datozen Xilaba txapelketetan zeresan handia emango duten bertsolariak dira, eta entzuleek gogoz txalotu zuten euren jarduna. Amaierako agur gogoangarrietan nahiko lan izan genuen malkoei eusten. Txapeldunaren txapela buruan eta belazean artaldeari begira dagoen artzain bat nola, gorputz nekatuaren pisua makilaren gainera botata, halaxe irudikatu zuen Ametsek metafora perfektua oholtzan. Bejondeizula, Amets!

Jarraitu irakurtzen: Hitzaren jarioa, goitik behera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.