Koronabirusa. Eneko Astorkiza. 'Maker'-a

«Egunero eskatzen digute ospitaleetatik biserak eramateko»

BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Maskara eskasia ikusita, hainbat ekoizlek etxean duten 3D inprimagailua hartu, eta egiten hastea erabaki dute. Bisera moduko batzuk ekoizten dituzte, aurpegia tapatzen duen PVC xafla batekin. Espero dute aurki arnasgailu bat egiteko moduan izango direla.

Elkartzea erabaki dute, eta www.covideuskadi.net webgunea sortu, zer material behar duten azaltzeko. Bizkaiko arduraduna da Eneko Astorkiza.

Nola bururatu zitzaizuen maskarak 3D inprimagailuetan egitea?

Duela aste eta erdi hasi ginen prestatzen arnasgailuen eta biseren diseinuak nolakoak diren. Beste hainbat gauza askoz zailagoak dira, iragazkiak-eta dituztelako. Azken finean, diseinu horiek guztion artean balioztatzen eta erabiltzen ditugu. Gipuzkoan, Osakidetzak bisera diseinu bat egin du enpresa batekin, baina Bizkaian eta Araban itxaroten ari gara ea norbaitek Osakidetzatik zuzenean esaten digun diseinu horri heltzeko. Egunero jasotzen ditugu eskaerak ospitale guztietatik biserak emateko.

Zerk bultzatu zaitu?

Nire emazteak ospitale batean egiten du lan, eta betidanik esan izan dugu arazoak dituztela krisi momentuetan hornitzeko. Ikusi nuenean hau egiten ari zirela,esan nien laguntzeko prest nengoela. Guztira, 1.600 pertsona gaude, eta Euskadin 300 bat egile ari dira lanean etxean eta enpresetan.

Oraingoz, biserak egiten dituzue, baina arnasgailuak egiteko asmoa ere badaukazue.

Asturiasko talde bat arnasgailua prestatzen ari da; guk arnasgailu horren kopia antzeko bat daukagu, baina itxaroten ari gara ea frogak amaitu eta aurrera egiten duten, guk ere hala egiteko eta probatzen hasteko. Gutxinaka, gauza gehiago aterako ditugu. Beste hainbat tramankulu ere erabilgarriak dira. Adibidez, eskulekuak ukitu gabe ateak irekitzeko tresna.

Nola egiten dituzue biserak?

Atzo arte, Bizkaian 800-900 egiten ditugu egunero. Inprimagailu bakoitzak 60-90 minutu behar ditu bat egiteko. Orain, itxaroten ari gara enpresek plastikoa emateko, eta egunero 5.000-6.000 egiten has gaitezke. Biserek PVC pantaila gardenak dauzkate, koadernatzeko erabiltzen direnak, 180 mikratik gorakoak, eta horiek falta zaizkigu. Izan ere, egunero bota behar dira. Guk webgunean donazioak egiteko atal bat dago. Ez dugu sekula dirurik onartuko, materiala bakarrik. Biserak egiten jarraitzeko plastikoa, gomak, PVC laminak, lixiba, eskularruak eta halakoak behar ditugu. Arnasgailua aurrera ateratzen denean, osagai elektronikoak eskatzen hasiko gara.

Norbanakoek zein enpresek lagun dezakete?

Jakina baietz. Lurralde bakoitzean desberdin egiten dugu. Bizkaian, esaterako, Nacex, DYA eta taxiak dauzkagu materiala jasotzeko. Zerbait eman nahi badigute, betetzeko galdetegi bat daukagu, eta norbait joango da bere etxera hori jasotzera.

Zer egiten duzue segurtasuna bermatzeko?

Webgunean maker guztiei esaten diegu nola garbitu behar dituzten biserak: eskularruak erabili behar dituztela, maskara, lixibarekin garbitzeko... Egindako guztiak gure biltegira etortzen dira, eta guk nola dauden begiratzen dugu. Ikusten dugunean baten bat ez dagoela ondo, lixibarekin garbitzen dugu. Hala ere, ospitaleei ere esaten diegu beren protokoloei jarraitzeko.

Zuen maskarak ari dira iristen behar dituzten lekuetara?

Bai eta ez. Adibidez, atzo [astelehenean], 1.500 maskara bidali genituen Bizkaiko hainbat ospitaletara: Gurutzetara, Galdakaokora... Larrialdietara bidali genituen,ordea, eta ikusi dugun arazoa da bertan geratu direla, eta ez direla mugitu beste taldeetara. Gaur [atzo] hainbat ospitalerekin hitz egin behar dut hori antolatzeko. Saiatuko gara hurrengo biserak ospitaleetako biltegietara bidaltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.