Artritis erreumatoidea, isilpeko min kronikoa

Gaitz autoimmune bat da artritis erreumatoidea, eta min kronikoa, zurruntasuna eta hantura eragiten ditu giltzaduretan. Adituen arabera, goiz atzematea garrantzitsua da, eta estresak ondorio negatiboak eragiten ditu gaixotasunaren garapenean.

Artritis erreumatoidea duen pertsona bat, eskuetan masajea ematen. OLAIA L. GARAIALDE.
Olaia L. Garaialde.
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Giltzaduretan mina, hantura eta zurruntasuna. Horiek dira artritis erreumatoidearen sintoma nagusiak. Jatorri autoimmunea duen gaixotasunbat da; hau da, gorputzak berak sortutakoa. Sistema immunologikoak giltzadurei eragiten die; hala nola eskumuturretan, behatzetan, oinetan eta belaunetan min kronikoa eta hantura agerraldiak eragiten ditu. Laura Garrido erreumatologoak nabarmendu du goiz antzematea garrantzitsua dela, eta horretan familia medikuen lana garrantzitsua dela: «Haiek dira atzeman dezaketen lehenengoak, eta haiekin dugun harremanari esker horretan asko hobetu dugula uste dut». Iragan berri da gaixotasun erreumatologikoen hilabetea: urria.

Normalean 30 urte eta 50 urte artean hasten dira gaitz honen lehen sintomak; hala ere, pertsona nagusietan eta haurretan ere atzeman daiteke. Nathalie Figueroak 52 urte ditu, eta 35 urterekin atzeman zioten artritis erreumatoidea. Bi sintoma nagusi nabarmendu ditu; alde batetik «arima usteltzen» duen min kronikoa, eta, bestetik, nekea: «Ez da nekea soilik; muturreko akidura da, kamioi batek harrapatu izan banindu bezala».

Pazientearen historia klinikoaren bidez, odol analisien bidez eta erradiografiez lagunduta, besteak beste, atzematen da gaixotasun hau. «Pazienteak azaleratu behar du sei astez mina eta hantura sentitu duela giltzaduretan», azaldu du Garridok. Horrez gain, odol analisietan ateratzen diren parametro batzuek eta erradiografiek ere laguntzen dutela dio: «Luzarora, giltzadurak suntsituta edo higatuta daudela ikus daiteke». Horrez gain, ekografiak ere erabiltzen dituzte.

Ez dago gaitza sendatzen duen tratamendurik, baina garapena geldiarazteko eta mina gutxitu eta hantura agerraldiak eragozteko bideak daude. Garridok azaldu du metotrexatoa gaixotasuna arintzen duen tratamendua oinarrizkoa dela: «Bi edo hiru hilabeteren ostean ez badugu helburua lortzen, terapia biologiko ugari ditugu». Hala ere, behin eta berriz tratamendua aldatu behar izaten dute askok; horren adibidea Figueroa da. Lehenengo bost urteetan «oso ondo» egon zen, baina hortik aurrera «kalbario bat» izan dela esan du: «Urte baten ostean funtzionatzeari uzten zioten hamahiru tratamendu izan ditut».

Gaitz honek ez du soilik giltzaduretan eragiten; besteak beste, bihotzeko eta biriketako arazoak eragin ditzake. Figueroak salatu du diziplina anitzeko arreta jasotzea beharrezkoa dela: «Hamabost minutuko kontsultak izaten dira, podologoa eta fisioa behar ditugu, eta hori nik ordaintzen dut. Arreta psikologikoa behar dugu, baina ez da Gizarte Segurantzan sartzen». Gastu ekonomikoei aurre egin ahal izateko, pisua partekatzen du: «Nola egin aurre gastuei? Ez dago laguntzarik».

Sara Gonzalez psikologoak arreta psikologikoa eskaintzen du Gipuzkoako Gaixo Erreumatikoen Elkartean, eta lanketa emozionalaren garrantzia azpimarratu du: «Emozioak kudeatzeak eragin positiboa dauka gaixotasunean; horrek eragin dezake astiroago joatea edo ondorio fisikoak eta psikologikoak txikitzea». Figueroa diseinatzaile grafikoa da, eta lanaldia sei ordura murriztu behar izan du estresak gaixotasunean eragin negatiboa duelako: «Nire denbora ondo kudeatu behar dut; ez badut atseden hartzen, hurrengo egunean agerraldi bat izaten dut, edo nekea handitzen da, eta, horrekin batera, mina».

Emozioak kudeatzeko laguntza taldeak gidatzen ditu Gonzalezek: «Besteekin gure esperientziez aritzean, eta besteek nik bezala mina sentitzen dutela jakitean, antsietatea eta estresa gutxitu egiten dira». Horrek babes soziala sentitzen laguntzen duela dio: «Bakarrik sentitzeari uzten diote, eta ulertuta sentitzen dira. Gaixotasun horrek ulertezintasun handia eragiten du, ez delako ikusten». Figueroaren ustez, gizarteak ez du gaixotasuna ulertzen, «ikusezina» delako: «Itxuraz eman dezake ondo nagoela, baina horrek ez du kentzen min kronikoa pairatzen dugula, eta kudeatzea zaila da».

Ziurgabetasuna

Artritis erreumatoideak lotura zuzena dauka minarekin, eta, psikologoaren hitzetan, horrek «sentimenduen mugarekin» konektatzen ditu pertsonak: «Batzuek gehiago konektatzen dute tristeziarekin; beste batzuek, ordea, amorruarekin eta haserrearekin». Hortaz, bakoitzak oinarrian duenarekin gehiago konektatzen du, eta garrantzitsuena da «zenbat denbora» eta «espazio» eskaintzen zaion horri. Horretarako, beharrezkoa da ondo jabetzea eta entzutea: «Norberak jakin behar du zerekin konektatzen duen. Zergatik konektatzen dut tristeziarekin? Zer lotura dauka horrek nirekin?». Esan du horrelako galderei erantzutea «lagungarria» dela gaixotasunarekin bizitzen ikasteko.

Min fisikotik harago doa artritis erreumatoidea, eta, Figueroaren hitzetan, «ziurgabetasun handia» sortzen du gaitzak: «Ez dakit noiz izanen dudan mina, noiz amaituko den, tratamenduak onura egingo didan, lagunekin ditudan planak bertan behera utzi beharko ditudan, zer ordura arte lan egin ahalko dudan edo laguntzarik jasoko dudan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.