Koronabirusa

Murga: «Ez dut ukatuko datuek joera aldaketa bat erakusten dutela»

Azken orduetan beste 23 pertsona kutsatu dira, eta lau hil. Hegoaldeko mugikortasuna ez da berreskuratuko hirugarren fasea amaitu arte

Basurtuko ospitalea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Kutsatu kopurua gora egiten ari da pixkanaka, eta argi mintzatu da Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua: «Ez dut ukatuko datuek joera aldaketa bat erakusten dutela». Bizkaian hazi da gehien kutsatu kopurua: beste hamabost herritarrek eman dute positibo. Nafarroan, berriz, azken egunetako joerari eutsi zaio, eta lau kutsatu berri erregistratu dituzte. Beste hiru kasu atzeman dituzte Araban, eta beste bat Gipuzkoan. Gainera, lau lagun ere hil dira Hego Euskal Herrian.

Basurtuko ospitaleko agerraldian atzeman dituzte kasu berrietako bost, eta hildako bat egon dela ere jakinarazi dute. Agerraldi horretaz xehetasunak ematera atera ziren atzo Nekane Murga eta Eduardo Maiz Bilbo-Basurtuko ESIko zuzendari kudeatzailea. Oraingoz, 25 gaixo detektatu dituzte bertan, eta zazpi pertsona ospitaleratuta daude.

Maizek azaldu zuen PCR probak egiten ari zaizkiela ospitaleko langileei, gaixoei eta bisitariei, eta espero dutela Basurtuko langile guztiei egitea (4.500 inguru). Nabarmendu zuen 423 PCR egin dituztela: 296 profesionalei, 67 gaixoei eta 60 bisitariei.

Positibo eman dutenen artean bederatzi profesional, hamabi gaixo eta lau bisitari daude. Murgak ziurtatu du kasuak «garaiz» identifikatu dituztela, eta probak egiten jarraitzen dutela. Esaterako, esan zuen aztertzen ari direla PCR proba egitea bost egun baino gehiago ospitaleratuta daramaten gaixoei.

Txagorritxuko agerraldiak, berriz, bere horretan jarraitzen duela azpimarratu zuen Murgak. Hau da, bezperako positibo kopuru bera dago (4): bi gaixo, profesional bat eta bisitari bat. 117 PCR proba egin dituzte bertan.

Datuek erakusten duten «joera aldaketa» dela eta, Murgari galdetu zioten ea horrek baldintzatu dezakeen «normaltasun berrira» igarotzea. Baikor agertu zen, baina esan zuen jabetzen direla zein kopuru dauden, eta joera aldaketa hori «egunez egun» aztertuko dutela.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako presidenteak bilera izan zuten atzo arratsaldean. Txibitek Urkulluri jakinarazi zionez, Nafarroak ez du Arabarekin eta Gipuzkoarekin muga guztiz irekiko konfinamendua arintzeko hirugarren fasea amaitu arte. Beraz, datorren astelehenean —Urkulluk proposatutako data— ez da egongo aukerarik Hego Euskal Herri osoan mugitzeko.

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek aurreratu zuen «zuhurtzia eta segurtasuna» lehenetsiko zituztela autonomia erkidegoen arteko mugimenduei buruz erabakitzerakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.