Berrogei urtez makila dantzan

Eudelek omenaldia egin die 1979ko udal hauteskundeetan aukeratu zituzten alkateei. 70 bat alkate ohik jaso dute gorazarrea. Bizikidetza eta genero berdintasuna ezarri dituzte lehentasuntzat

Alkate eta alkate ohiak, atzo, Gernikako Batzar Etxean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Gernika
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Historikoki aginte makila izan da Euskal Herrian udal boterearen ikurra. Eta makilaren inguruan ardaztu du Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak Gernikan (Bizkaia) egindako ekitaldia, gerra osteko lehen udal hauteskundeen 40. urteurrena ospatzeko. 1979ko apirilaren 3an, Hego Euskal Herriko biztanleek aukera izan zuten udal ordezkariak hautatzeko, estreinako aldiz gerra garaitik, eta, hori dela eta, omenaldia egin diete orduko hartan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hautatu zituzten 228 alkateei.

Gernikako Batzar Etxean egin dute ekitaldia, Eudeleko presidente Imanol Landa eta Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui buru zirela. Duela berrogei urte alkate izandako 70 lagun inguruk jaso dute Eudelen omenaldia, eta haiekin batera gaur egungo alkate ugari ere egon dira, haien artean Bilboko Juan Mari Aburto, Donostiako Eneko Goia eta Gasteizko Gorka Urtaran.

Makila eskuz esku 40 urtez lelopean egindako ekitaldia sinbolismoz beterik egon da. Esaterako, Landaz eta Otaduiz gain, sei alkatek —1979an aukeraturiko hiruk, eta gaur egungo beste hiruk— hitza hartu dute, eta haien gogoeta eta mezuak helarazi dizkiete hurrengo udal hauteskundeetan alkate makila hartuko duten hautetsi berriei. Hainbat gai jorratu dituzte, baina gehienek elkarbizitza, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, gizarte politikak eta antzekoak izan dituzte mintzagai.

Jose Antonio Ardanzak, esaterako, duela berrogei urteko egoera eta gaur egungoa alderatu ditu. Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zuten 1985ean, baina 1979an hasi zuen ibilbide politikoa, Arrasateko (Gipuzkoa) alkate gisa. Esan duenez, garai hartan kontzertu ekonomikoa ez zegoen indarrean, eta, horren ondorioz, udal gehienak zorpeturik eta diru iturri handirik gabe zeuden. Hala ere, alkateengana jotzen zuten herritarrek arazoren bat zeukaten bakoitzean: «Orduko alkateoi ezkontza aholkulari, enpresa aholkulari eta beste hainbat zereginetan aritzea egokitu zitzaigun», esan du. Horri guztiorri orduko gatazka giroa ere gehitu behar zitzaion.

Ardanzak esan duenez, «garai hartan ez geneukan sare sozialik edo gaur egun arruntak diren gauza asko, baina sinesten genuen hainbat kontutan: askatasuna, demokrazia, berdintasuna, ideien errespetua eta gure gizartearen aniztasuna».

Bizikidetzaren alorra

Errenteriako alkate (Gipuzkoa) Julen Mendozak ere bizikidetza izan du gai nagusi, eta berbaldia hasi du urte haietan bere herrian izandako giza eskubideen urraketarik larrienak aipatuz. Zerrenda luzea osatu du: «Zaila egiten zait pentsatzea nola sentitzen zineten egoera hori zuzenean kudeatu behar izan zenuten alkateak», esan du.

Baina Mendozak etorkizunari ere begiratu nahi izan dio, eta hainbat herritan bizikidetzaren alde egiten ari diren lana gogora ekarri du. Esan du tokian tokiko eragile horiek «etsipenez» ikusten dituztela maila goragoko politikagintzan ados jartzeko dauden ezintasunak. «Ziur nago bakea maila lokaletik etorriko dela», erantsi du.

Berdintasunarena ere gai garrantzitsua izan da Eudelen ekitaldian. 1979ko hauteskundeen ostean, Hego Euskal Herrian aukeraturiko 493 alkateetatik sei baino ez ziren emakumezkoak; haietako batek, Marisol Bujandak (Moreda, Araba), hitza hartu du: «Gaur egungo hautetsiek zeregin handia dute berdintasunaren alorrean. Haien eginkizuna ezinbestekoa da, inork ez duelako lan hori egingo haien ordez». Halaber, «etiketak baztertu» egin behar direla erantsi du: «Emakumeek ez dute zertan beti kultura edo gizarte sailetako buru izan; badugu gaitasuna hirigintzako edo ekonomiako buru izateko».

Antzera mintzatu da gaur egun alkate diharduen beste emakume bat: Idurre Bideguren Bermeoko alkatea (Bizkaia). Esan du emakumeek oraindik ere «traba ugari» aurkitzen dutela «botereguneetan sartzeko». Harago joan da, eta «politika egiteko beste molde bat» aldarrikatu du, gizonezkoen usadio eta ajeetatik urrun: «Emakumeok ez gara eroso sentitzen gizonezkoek euren neurrira egindako soinekoan».

Manuel Fernandez Ramos Ortuellako 1979ko alkatea eta Arantza Etxebarria Gorlizko alkatea (Bizkaia) ere mintzatu dira; gizarte arloko arazoak aletu eta «kohesioa» goretsi dute.

Eudeleko presidente Imanol Landak egin die harrera 1979ko alkateei zein gaur egungoei. Hark ere «eskuz esku pasatzen den makilaren ondarea» hartu du ahotan, eta alkateen eginkizuna goraipatu du: «Alkateak eredu gara pertsonen zerbitzurako borondatean eta konpromisoan. Erreferentzia gara udalen lidergoaren, elkarlanaren eta desberdinen arteko akordioen alorrean».

Etorkizunari begira, hiru lehentasun ezarri ditu Landak: bizikidetza, berdintasuna eta Udal Legearen garapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.