EAk dio «bideratua» duela zuzendaritzako kideei afiliatu errolda emateko erabakia

Ruiz de Egino bozeramaileak esan du kontu tekniko batzuk konpontzean izango dituztela sarbiderako gakoak. Kuota ordaintzen ez dutenen errolda «eguneratzen» ere ari dira

enekoitz esnaola
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
EAko barne krisiko oinarrizko arazoa ez da afiliatuen datu basearen afera, baina oraintxe hor dute gatazka, eta «larria» da egoera, alderdiko ildo kritikoak herenegun esan zuenez. EAko zuzendaritzaren ustez, «gehiegizkoak» izan ziren kritikak, eta tonua ere ez zitzaion gustatu. Horrez gain, Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak BERRIAri azaldu dio «bideratua» dutela zuzendaritzako kideak afiliatuen datu basera sartzeko prozedura, eta kontu tekniko batzuk konpontzea besterik ez dela falta. Kuota ordaintzetik salbuetsitako afiliatuen zerrenda «eguneratzen» ari direla ere esan du Ruiz de Eginok, eta, eperik zehaztu ez duen arren, idazkari nagusi berria hautatzerako egongo dela errolda berritua. Ildo kritikoak dio astearteko bere prentsaurrekotik ez dagoela berritasunik. Egoera horretan helduko lirateke, beraz, biharko ezohiko batzar nazionalera.

EAko Berme Batzordeak joan den martxoaren 11n ebatzi zuen zuzendaritzakideek afiliatuen erroldaren berri izateko aukera izan behar dutela, eta Ruiz de Eginok dio hori betetzen ari dela zuzendaritza, baina gaineratu du iazko urrian hasi zirela zerrenda egokitzen, betiere datuen babeserako legea jarraituta. «Zergatik ez dira oraindik eman datu baserako sarbidea izateko gakoak? Legea errespetatu egin behar delako, eta afiliatuei baimena eskatu behar zaie aurrez. Horrek denbora eskatzen du. Beraz, baimenak jaso eta egokitzapenak egin artean Antolakuntza idazkariak baino ez ditu izango gako horiek; ondoren, zuzendaritzakide guztiek, eta hori badakite prentsaurrekoa eman dutenek». Miren Aranoa EAren Nafarroako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabakoak eta Mikel GoenagaGipuzkoakoak egin zuten agerraldia herenegun, Donostian, EAko egoitzan, eta adierazi zuten zuzendaritza afiliatuen datuak «ukatzen eta ezkutatzen» ari zaiela.

Ruiz de Egino eledunak «segurtasun» kontuak ere aipatu ditu, «bermatu egin behar delako datuek ezin dutela ihes egin». Halaber, ohartarazi du errolda «barne lanerako» dela, «ez primarioen fasean erabilpen bat egiteko». Ildo kritikoak errefusatu egin du ustez berari buruz dagoen susmo hori.

Lurraldeetako koordinatzaileek badute tokiko afiliatuen datu baserako sarbidea; baina, oraingoz, Euskal Herri osokorako ez. Ildo kritikoak afliatu bakoitzaren datu guztiak nahi ditu, kontu korronteko gako batzuk barne, baina eragozpenak egon daitezke informazio guztia lortu ahal izateko. Egun zuzendaritzan, Ruiz de Eginok gogoratu duenez, Antolakuntza eta Finantza idazkariak du informazio osoa —Mariano Alava da arduraduna—, eta Komunikaziokoak —Iria Epalzak—, partziala. Kritikoek uste dute kide gehiagok duela datu baserako sarbidea.

Bozkatuko dena

Duela bi urteko ohiko biltzar nagusian EAk erabaki zuen kuota ordaintzen ez duten afiliatuen zerrenda aztertzea eta eguneratzen hastea —kuota pagatzeko diru sarrera nahikorik ez dutenek badute afiliatu izateko aukera, barne araudiak jasoa duenez—, eta, bozeramailearen esanetan, horretan segitzen dute lurralde guztietan. Herenegun ildo kritikoak Bizkaiko zerrenda hori puztuta ote dagoen susmoa agertu izana deitoratu du Ruiz de Eginok, «kontrasterik egin gabe esan dutelako hori, eta ezjakintasuna erakutsi dute». «Arduragabekeriaz» jokatzea egotzi die Aranoari, Lopez de Aberasturiri eta Goenagari; «badirudi min emateko asmoa dutela».

Halaber, ildo ofizialari ez zaio gustatu kritikoek lotzea haiek ekainaren 20an Pello Urizar idazkari nagusiari auzitara jotzeko asmoa agertu ondoren honek berehala dimisioa aurkeztu izana. Ruiz de Egino: «Urizar ezagutzen ez duten seinale da. Hamar urte egin ditu idazkari nagusi gisa, EA hartu zuen moduan hartu zuen, ardura handiz jokatu du beti, eta lehendik erabakita zeukan orain uztea».

Bihar 19:00etan hasiko da EAren ezohiko batzar nazionala—kongresu arteko organu gorena da—, Gasteizen. Zuzendaritzak dio ordezkariak informatuko dituela, eta, «ohi bezala», batzarkideek proposatutakoa bozkatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.