COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arartekoari egindako kexen norabidea aldatu egin da 2020an, eta hainbat izan dira, osasun murrizketak direla eta, poliziaren jardunarengatik jarritako kexak. Zati handi batek zerikusia izan du salbuespen egoeraren ondorioz oinarrizko eskubideak mugatu izanarekin, batez ere etxeko konfinamenduaren aldian, eta, gainera, kexa ugari jaso dira murrizketak aplikatzeko poliziek erabili dituzten irizpideei buruz ere; besteak beste, «zehaztu gabeko kontzeptu juridikoetan» oinarritu direlako.
Manu Lezertua EAEko arartekoak eman zituen datuak atzo. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariari helarazi zion iazko txostena. Haren arabera, «zailtasun handiko» urtea izan da herritarrentzat eta administrazioarentzat, baina azpimarratu du izurritean zehar, «ezkutatu» beharrean, horien ekintzak «ugaritu» egin direla. 2.525 kexa erregistratu zituen 2020an, eta horietatik 2.175 abiatu.
Bazterkeria, gorenean
Lezertuaren arabera, izurriteak «lan arlo guztietan» izan du eragina, baina nabarmentzekoa da gizarte bazterkerian dauden pertsonek laguntzak izapidetzeko izan dituzten zailtasunak salatu dituztela, hala nola bulegoak itxi direlako eta Internet bidezko tramiteetan baliabide eta trebetasun digitalik izan ez dutelako. Zehazki, kasu horiengatik jarri ziren kexa gehienak iaz; orotara, 497 izan ziren. Horietatik ia gehienek —434—, gainera, Lanbideren funtzionamenduarekin zuten zerikusia.
EAEko arartekoak polizia jardunarekiko kexak jaso ditu, neurriekin lotuta
Poliziek erabilitako irizpideak salatu dituzte, konfinamendu aldikoak batez ere. Arartekoak, guztira, 2.175 kexa abiatu zituen 2020an

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu