Mila ametsen inplosioa

2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
EZIN dira bereizi, alde batetik, korona, aspaldi handiko birusik arriskutsuena litzatekeena, eta, bestetik, estatuek eta botere dibertsoek hartaz egiten duten erabilera.

Birus hau, guk haren berri jakin genuen lehenengo egunetik izan da erabilia: erabilita etorri zaigu. Erabilera horrek kondizionatu du birusaren historia mediatikoa, gure birusaren historia. Historia horren baitakoa da birusaren balizko birulentzia.

Gero, birulentzia hori (ohiz kanpokoa ote den) egiaztatu edo ezeztatu ahalko da, baina gertatzen ari dena ulertzeko, ez dira bereizten ahal birusa (gaiztoetan gaiztoena litzatekeena) eta emergentzia (gobernuek halako edo bestelako helburuz erabiliko luketena).

PARAMETRO ezin zenbatuzkoetan, ezin aitortuzkoetan da ohiko birusak baino larriagoa.

Ez da lehenengoa baina, beste batzuen moduan, gaizki egin izate batetik heldu da birus hau. Garapen eredu batek eta industria praktika batzuek sorrarazi dute, inork halaxe nahita ez bada, horrelako gaitzak etor zitezkeela eta etorriko zirela ondo jakinaren gainean. Horretara, bada, jakile batzuek sortu egingo zela baldin bazekiten (eta, bistan da bazekitela), aldez aurretik izango zuten pentsatuta sortu eta gero zer egin. Ez ziren, birusa azaldutakoan, babes neurriak eta kanpainak inprobisatzen hasiko, oraindik ere gutxiago gaizki eginak aitortzen eta zuzentzen. Industriaren inertzian, gaizkian erabiltzen segituko dute. Oraingo alarma hots eta osasun plangintza guztiak, gaizki-egin izate horren baitan ulertu behar dira.

Osasun kontrolak ugarituko dira; izango da konfinatze aldi gehiago, ospitaleratze borondatezko eta behartuak... Halako batean, bizia eman-eta-kendu egiten duten makina txiki batzuk txertatuko dizkigute...

Birusaren krisi hau, astindu handi hau, ezin da ulertu teknologia berrien iraultza oldetik aparte. Teknologia horiek gogo-zabalik har ditzagun ari da terrenoa preparatzen.

HARRIGARRIENA zait, zeinen ondo ari zaien jokaldia ateratzen; gerra eta marketing globaleko teknikarik garratzenak, nolako efikaziaz ari diren erabiltzen. Hitz bitan: shock-a eragin, eta saldu. Shock-aren ondotik, banakoen gaixoaldietan izaten den bezala, mantsoa izango da errekuperazioa... gaixo den humanitatea, baina, hezurretaraino joa, markatuta geldituko da.

Baitezpadakoena, honezkero, lortua dute: ez dadin egia jakin edo zabaldu; sinets dadin, egiatan denarena ez baina, besterena dela errua: birusarena berarena, halako gobernuarena... aukeran, nahikoa arduratsua edo obedientea ez den jende arruntarena.

Ez dut pentsatzen inork birus hau laborategi batean deliberatuki sortu zuenik. Noski, izan liteke; ez dute, baina, halako estremoetara iristeko beharrik. Oraingoan COVID-19ari egokitu zaio, hurrengoan berarekin jarraitu edo beste bati helduko diote: ez da birus, ez da gaitz edo gaitz-uste faltarik izango.

GAITZ eta gaitz-segidakoen ondorioz, ez baldin bagara gu geu gaiztotzen (senidea besteren eskuetan uzten, auzolaguna salatzen), ahal gara, beldurrez edo geurekeriaz bakartu, edo, orobat beldurrez, bestela maitasunez edo solidaritatez, besteengana bildu.

Bildu, biziko diren gizaki gehienak, eta haien ondorengoak, beldurrezko baretasunean bilduko dira; dagoeneko, erabat hiltzeari bezain, erabat bizitzeari beldur bizi dira gizaki gehienak.

Bazterretan, kili-kolo, amets ederrak amesten jarraitu nahi duten lurtarrak bilduko dira. Bestelako mundu baten inongo segurantziarik gabe, makinen sistemarekin eta, beraz, euren buruarekin ere borrokan... Herri primitiboena bezalakoa, progresotik edo garapenetik aparteko mundua izango da haiena, bertan gaudeneko mundua.

«Humanoek beren gerra galdua dute», esaten du Isabelle Stengerrek; «haien mundua, bukatu egin da. Lurtarrek, berriz, ezin dute beren gerra galdu. Ikusteko dago, datozen hamarkadetan, zenbat humano gelditzen den lurtarren sailetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.