Frantziako Tourra Euskal Herrian. Mugikortasuna

Lau eta 48 ordu bitarte itxiko dituzte errepideak Tourraren ondorioz

Frantziako Tourra larunbatean hasiko da, Bilbon, eta eragozpen ugari sortuko ditu Euskal Herriko errepideetan. Trafiko eragozpenei aurre egiteko, erakundeek garraio publikoaren alde egin dute

Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Frantziako Tourreko lehen hiru etapak, oso-osorik, Euskal Herriko errepideetan egingo dituzte. Tourra, ordea, ez da ohiko lasterketa bat, eta sortuko dituen eragozpenak ere ez dira nolanahikoak izango. Uztailaren 1ean, Bilbotik abiatu eta Bilbon amaituko da lehen etapa; bigarrena Gasteiztik Donostiara joango da; eta hirugarrena, Zornotzatik (Bizkaia) Baionara. Bosgarren etapak, bestalde, Zuberoako herri batzuk zeharkatuko ditu.

 

Lasterketak igaroko dituen errepideak gutxienez lau orduz itxita egongo dira. Txirrindulariak baino bi ordu lehenago abiatuko da publizitate karabana. Errepidea karabana iritsi baino ordubete lehenago itxiko dute, eta lasterkariak pasatu eta ordubete igaro arte, behintzat, ez dute zabalduko. Zenbait gune, ordea, 48 ordu baino gehiagoz ere egongo dira itxita.

Gainera, lasterketak udako irteera operazioarekin bat egingo du. Horregatik, Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako trafikoko zuzendariak gomendatu du aurretiaz informatzeko: «Autoa hartu behar izanez gero, informazioa kontsultatu». Horretarako, Waze aplikazioa erabilgarria izango da. Halere, ahal izanez gero garraio publikoa erabiltzea gomendatu du.

BIZKAIA

Lasterketak uztailaren 1ean eta 3an zeharkatuko ditu Bizkaiko errepideak. Harago joango dira, ordea, eragozpenak. Bilbon izango da oztopo gehien. Gaur bertan hasiko da iristen Tourreko muntaketa Bizkaiko hiriburura, eta harekin batera helduko dira eragozpenak. Bihar txirrindulari taldeen aurkezpena egingo dute Guggenheim museoaren eta Euskalduna jauregiaren arteko espazioan. Hori dela eta, gaur arratsaldetik zailtasunak egongo dira Abandoibarra etorbidean zirkulatzeko. Zumalakarregi etorbidean eta San Mames zelaigunean ere gaurtik egongo dira eragozpenak, helmuga eta irteera muntatzen hasiko baitira.

Uztailaren 1ean, Bizkaiko errepideetan eragozpen ugari egongo dira. 10:30ean, karabana Bilbotik abiatuko da; 12:30ean, txirrindulariak. Ibilbidean zehar, trafikoa guztiz itxita egongo da, gutxienez lau orduz. Gainera, ibilgailuak ez pilatzeko, zenbait gunetarako sarbidea itxiko dute aurreko egunetatik. Bihar gauean moztuko dituzte Laga eta Laidako sarbideak, eta etzi Pike bidekoa, Gaztelugatxekoa eta Elorritxuetakoa.

Ikusi gehiago:Bilbo eragozpenez josiko duen Frantziako Tourra

Bilboko sarbide nagusiak ordu luzez itxiko dituzte larunbatean. Hiriaren inguruko industrialdeetan eta BECen, aparkalekuak jarriko dituzte, eta Bilbora garraio publikoz iristeko aukera egongo da, nahiz eta horiek ere aldaketak izango dituzten. Bilbotik Loiuko aireporturako autobusak, esaterako, ohiko maiztasunarekin jardungo du, baina geltoki bakarrak Bilboko intermodala eta aireportua bera izango dira.

Autobusa baino hobe, trena eta metroa erabiltzeko gomendatu du trafiko zuzendaritzak. Bilbon, Euskotrenek ere izango ditu aldaketak. Zenbait tartetan ez da tren zerbitzurik izango, baina hirira iristeko lineen maiztasuna areagotuko dute. Bermeo eta Zornotza arteko linean ere eragozpenak izango dira uztailaren 1ean.

Uztailaren 3an ere Bizkaitik abiatuko da Tourreko etapa, Zornotzatik. Lasterketa eta karabana igaro bitarteko mozketez gainera, igande goizetik itxita egongo dira Lekeitioko eta Ondarroako alde zaharrak. Zornotzara ere ezingo da autoz sartu txirrindulariak irten aurretik. Horregatik, Karmengo Ama eta Lauaxeta ikastoletan aparkalekuak jarriko dituzte. Azken horretatik, gainera, tren turistikoz iritsi ahalko da irteera gunera.

ARABA

Bigarren etapa Gasteizen abiatuko da, Mendizabalan. Trafiko eragozpenik handienak Gasteizen izango dira. Igandean, goizean goizetik, itxita egongo da lasterketak hirian egingo duen bost kilometroko zirkuitua. Hiriko sarbideak ez dituzte itxiko, baina eragozpenak espero dira.

Mendizabala aparkalekurako sarbidea moztuta egongo da bihartik aurrera; Mendizorrotzakoa etzi itxiko dute, eta Lasarteko Atekoa, larunbatean. Hori dela eta, beste gune batzuetan aparkatzea gomendatu dute: Buesa Arenan, autobus geltokian, Aretxabaletan edota Jundizko edo Ehari-Gobeuko industrialdeetan. Tranbia zerbitzua etenda egongo da zenbait tartetan; besteetan, maiztasuna handituko dute.

GIPUZKOA

Tourreko bigarren eta hirugarren etapak Gipuzkoatik igaroko dira. Uztailaren 2an, Donostiako Kursaalaren aurrean amaituko dute etapa. Horregatik, han sortuko dira arazorik handienak. Halere, mendate batzuetarako sarbidea ere aurreko egunetan itxiko dute: Alkiza larunbatean, eta Jaizkibel lasterketa baino bi egun lehenago, ostiralean. Donostian, larunbatean eragozpenak egongo dira Zurriolan, eta Sagues eta Pasealeku Berria itxiko dituzte. Lasterketa egunean, eguerditik egongo da itxita Pasaia eta Donostia arteko tartea.

Hirugarren etapa ere igaroko da Donostiatik. Igeldoko igoera itxita egongo da igande goizetik, eta, astelehenean, Donostiako kale ugari ere itxita egongo dira 10:30etik 17:30era. Bestalde, baliteke zailtasunak egotea Hondarribiko aireportura iristeko ere. Bi etapetarako zenbait aparkaleku ahalbidetuko dituzte Donostia eta mendate nagusien inguruko zenbait gunetan. Waze aplikazioan kontsultatu daitezke, eta garraio publikoarekin lotura izango dute gehienek; Euskotrenek maiztasuna areagotuko du Zumaia eta Donostia artean.

LAPURDI

Hirugarren etapan iritsiko da lasterketa Lapurdira. Baionan egongo da helmuga, Akitania etorbidean, Lapurdiko zubiaren ostean. Astelehenean, uztailaren 3an, lasterketak zeharkatuko dituen errepideak egongo dira itxita. Baionan, eragozpenek gehiago iraungo dute.

Helmuga izanik, aurreko egunetik hasiko dira muntaketa lanetan. Zirkulazioa itxita egongo da igande iluntzetik aurrera helmuga gunearen inguruko kale guztietan. Ibilgailuak aparkatzea ere debekatuta egongo da eremu horretan, gutxienez larunbatetik aurrera. Beste aparkaleku batzuk, berriz, ostiralean itxiko dituzte; Glainekoa, adibidez.

Lasterketa egunean, A63tik Baiona hegoalderako sarrera eta irteera itxita egongo dira. Baiona iparraldeko sarbidea erabili beharko da hirira sartu edo hiritik A63ra ateratzeko. Bestalde, eragozpen horiek direla eta, erakundeek garraio publikoa eta bizikleta erabiltzera deitu dituzte herritarrak. Bizikletentzako bi aparkaleku handi jarriko dituzte hiriko erdigunean, eta autobusak jarriko dituzte Ametzondo merkataritza zentrotik Sozietate Nautikorako ibilbidea egiteko.

ZUBEROA

Lasterketako seigarren etapak ere igaroko ditu euskal errepideak. Paue eta Laruntze (Okzitania) lotuko dituen etapak Zuberoako zenbait herri pasatuko ditu. Montoritik sartu ostean, Basabürüa eskualdean barrena ibiliko da lasterketa. Atharratze, Liginaga eta Ligi herriak zeharkatu, eta txirrindulariak Santa Grazitik itzuliko dira Okzitaniara. Herri horietan guztietan lau ordutik gorako trafiko eragozpenak izango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.