Departamendu eta eskualde bozak. Bigarren itzulia. Iker Elizalde. EH Baiko hautagai irabazlea

«Lortu dugu ezkerreko jende askotarikoak gure hautagaitza lehenestea»

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak politika sozialetan indarrak ematea defendatuko du Elizaldek Pauen, baina Ipar Euskal Herriak estatus bereziko lurralde elkargo bat lortzeko bidea abiatzea nahi du.

Nahia Garat.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Annie Povedarekin batera, Pirinio Atlantikoetan EH Baik izanen dituen bi hautetsietarik bat izanen da Iker Elizalde (1978, Draguignan, Frantzia). Ipar Euskal Herriko instituzionalizazioan beste fase batera pasatzeko beharra azpimarratu du.

Espero zenuten Pauen eserlekua lortuko zenutela?

Egia errateko, kanpaina hastapenean ez genuen aurreikusten; kanpaina hasita, sentitzen genuen emaitza polita egiteko aukera genuela; eta iragan astean lehenak atera ginelarik hasi ginen sinesten posible zela uste genuen baino zertxobait gehiago egitea. Atzoko emaitzek baieztatu dute.

Lehen itzulian abantaila lortu zenuten, baina komunistek sozialisten alde bozkatzera deitu zuten. Nola uste duzu banatu direla bozak?

Zaila da erratea. Nik uste dut ezkerreko jende anitzek guretzat bozkatu duela, kontsignen gainetik. Boz txuriak ere anitz izan dira; beraz, pentsa genezake lehen itzulian gelditu ziren hainbat lagunek ez dutela inorentzat bozkatu. Uste dut lortu dugula ezkerreko sentsibilitatea duen jende biziki askotarikoak gure hautagaitza lehenestea.

2015etik hona, boz kopuruan emendatu da EH Bai kantonamendu gehienetan. Zeren ondorioa da?

Kanpainan sartzen garelarik, ikuspegi orokorra galtzen dugu maiz. Nire eskualdetik ikusita, arrazoi ezberdin anitz izan direla uste dut, horietako batzuk departamenduaren konpetentziei lotuak. EH Baik etxebizitzaren gaiaren inguruan eraman dituen ekinaldiek ere lagundu dute ikusgaitasuna emateko. Eta, azkenik, azken urte luzeetan abertzaleek eraman dituzten borrokek ekarri gaituzte gehiengoak osatzeko moduan izatera. Duela urte bat hala izan zen gure hiru herri hauetan, eta berretsi da herriko etxe horietan eramaten ari den lana.

Ezkerreko alternatiba zaretela erran duzue emaitzak ikusirik. %60ko abstentzioa baino gehiago izanda, zuzena ote da halako baieztapena?

Uste dut abstentzio horrek denak geure burua galdekatzera eraman behar gaituela, baita gure praktikak ere, orokorrean. Zilegi dena da terrenoan egiten den lana, eta hori ere balorizatua izan da emaitza horiekin. Eta, gero, badira guregandik urrun, politikan gertatzen diren ustelkeria kasuak, konfrontazioa... Horrek ere ez du laguntzen, eta hori sentitu dugu kanpainan. Badago urruntze aski kezkagarria politikatik. Azken finean, anitzek ez dute gehiago sinesten, eta pentsatzen dute denak zaku berean direla.

Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenean, Pauen zuen eserlekua utziko zuela iragarri zuen Alain Iriartek. Zertara zoazte orain departamenduko kontseilu nagusira?

Badira bi maila. Departamenduak kudeatzen dituen hainbat eskumenek herritarren egunerokoan eragiten dute. Gure asmoa da herritarren egunerokoa hobetuz joatea, eta ahal den neurrian gure herrian duinki bizitzeko ahalmena ukaitea. Hori, momentuz, Pauen defenditu beharko dugu. Baina bagoaz Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionala aldarrikatzera ere. Paue eta Ipar Euskal Herriaren arteko lotura izatera entseatuko gara. Agintaldi honen bukaerarako, oinarriak ezarriak izan behar dira Euskal Elkargotik bestelako instituzio hurbilago eta indartsuago batera pasatzeko.

Estatus bereziko lurralde elkargo baten proiektua mahaigaineratu duzue, berriz, hauteskunde hauetan. Gaur egun zer aukera dago horretara iristeko?

Hori lortuko da Euskal Elkargoa lortu genuen moduan: lehenik, Ipar Euskal Herrian gehiengo zabal bat eraikiz. Entzun izan dugu, eta ez gara bakarrak hori aipatzen, Euskal Elkargoa ez dela instituziorik egokiena Ipar Euskal Herriak behar dituen eskumen guziak behar bezala lantzeko. Bestalde, ezin dugu segitu eskumen bera bi edo hiru erakunderen artean banatzen. Horrek eragiten duena da nahasmena herritarrentzat, eta, beraz, urruntze bat, ez delako ulergarria nork zer egiten duen. Hor badugu beste negoziazio eta konfrontazio bat. Hauteskunde hauetan argi gelditu da: Lasserrek ez du batere bat egiten horrekin; Gauche 64 taldearen posizioa ere ber zentzuan doa. Baina, horretarako dago borroka instituzionala, eta guk horretan ez dugu atzera eginen. Entseatuko gara erakusten departamenduak badituela beren lehen eskumenak, horietan beharko dituela indar bereziak eman, egoera ekonomiko eta soziala ez delako baitezpada ona. Indarrak horretan emanen ditugu, eta gainerakoa, poliki-poliki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.