Koronabirusa

Sendotzen ari da beheranzko joera: 1.092 kasu zenbatu dira Hegoaldean

Ostegunean egindako testen %6,5k eman dute positibo. 858 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian; horietatik 185, ZIUetan

PCR probak Ordizian, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
COVID-19a atzemateko 16.761 test egin ziren herenegun Hegoaldean, eta 1.092 kasu zenbatu zituzten horietan; hau da, joan den egunean baino 115 gutxiago.

Hego Euskal Herriko kutsatzeen datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian izan zen positibo gehien: 412 zenbatu zituzten ostegunean egindako testetan. Gipuzkoan407 positibo atzeman zituen Osakidetzak. Araban 109 detektatu zituzten, eta Nafarroan, aldiz, 157 kasu erregistratu zituzten. Hori aintzat harturik, foru erkidegoko kasuen hazkundearen moteltzea egonkortzen ari dela erakusten dute datuek; izan ere, igandetik, egun bakarrean atzemandako positibo kopuruak ez du inoiz gainditu 200 kasuen langa.

Ostegunean egindako PCR probak eta antigeno testak kontuan izanik, azken datuen arabera, Osakidetzak egindako testen %6,45ek eman zuten positibo. Nafarroan egindako proben kasuan, %6,6koa izan zen positiboen portzentajea herenegun.

Ospitaleen egoerari dagokionez, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dute 72 pertsona erietxeratu zituztela herenegun Hegoaldean. Azken datuen arabera, oraintxe bertan guztira 858 lagun daude ospitaleratuta gaitzarengatik. Horietatik 673 gela arruntetan daude, eta 185, berriz, ZIUetan.

Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, beste bost pertsona hil dira foru erkidegoan birusaren sintomak zituztela. Zehazki, horietako bat herenegun zendu zen; gainerakoak, berriz, aurreko egunetan.

Gabon «guztiz» ezberdinak

Datozen asteetan pandemiak izan dezakeen bilakaeraz mintzatu da berriki Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria elkarrizketa batean. Urkulluk onartu du izurriaren kontrako neurriek estu zedarrituta jarraitu beharko dutela Eguberriotan bizi ohiturek, eta, beraz, esan du gabonak «guztiz» desberdinak izanen direla, aurreko urteen aldean.

Lehendakariak adierazi du gertu-gertuko harremanetarako sei pertsonako taldeak aukeratzea komeni dela, eta izurria gelditzeko murrizketez esan du herritarren «diziplinak» gora egiten duen neurrian, «muturreko neurria» saihesteko aukera handiagoa dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.