Etsaiaren justizia eta lagunen maitasuna

Gonzalo Boye abokatuak hitzaldi bat eman zuen atzo, Bilbon, estatuek arerio politikoa mendean hartzeko erabiltzen dituzten bideez; abokatuak ez zekien antolatzaileek bera omentzeko baliatuko zutela hitzaldia.

Iñigo Santxo eta Gonzalo Boye, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Gure Eskuk eta Erabakizaleak legelari taldeak antolatuta, Gonzalo Boye abokatua (Viña del Mar, Txile, 1965) hitzaldi bat ematekoa zen Bizkaiko Abokatuen Elkargoak Bilbon duen egoitzan. Prozesu subiranistak eta 'lawfarea', izatezko bikotea? zen hitzaldiaren gaia; izan ere, Boyek ondo daki zer den lawfare edo etsai politikoari aplikatzen zaion justiziaren ondorioak pairatzea: Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren talde juridikoaren koordinatzailea da; beste auzi batzuk ere eramaten ditu besteak beste, Josu Urrutikoetxearen defentsan dihardu, eta orain Espainiako Auzitegi Nazionala hura auzipetu nahian dabil.

Horretaz aritu da Boye: Puigdemont eta atzerrian dauden gainerako hautetsien kasuan Espainiako justiziak Europan jasotako «porrotaz», prozesu subiranistaren aukerez, legeak bihurritzeaz eta botere judizialak botere legegilearen funtzioak bereganatzeaz. Baina hitzaldi hutsa baino gehiago izan da ekitaldia, abokatuak ezer jakin gabe haren lagun euskaldunek aukera baliatu baitute hari omenaldia egiteko.

Justiziaren erabilera

Lawfare terminoak «justiziaren erabilera politikoarekin edo afera politikoen judizializazioarekin» du zerikusia, Boyeren arabera: «Justizia eta legeak bihurritzea da, arerio politikoa mendean hartzeko xedez». Esan duenez, Euskal Herrian aspalditik da ezaguna jarduera hori, «baina, ETAren aitzakiatan, jendeak beste alde batera begiratzen zuen. Esaten zuten indarkeriak iraun bitartean ez zegoela ezertaz hitz egiterik, eta hura gabe dena izango zela posible; orain badakigu hori ez zela egia». 13/13 prozesuko auzipetuak ere gogoan hartu ditu bere hitzaldian.

Azken urteotan, baina, legearen bihurritze hori Kataluniaren auzian agertu da bereziki. Boyek prozesua azaldu du, epaileek Puigdemont Espainiaratzeko lehenengo ahaleginak egin zituztenetik gaur arte: «Orain, hedabide batzuek esan dute Espainiak bataila judiziala galduta daukala Europan, eta uste dute indultuek eragin dutela hori. Baina Espainiak ez du bataila hori indultuen ondorioz galdu; Espainiak 2018ko ekainean galdu zuen, Alemaniak Puigdemont estraditatzeko eskaera atzera bota zuenean».

Kataluniako politikari presoen indultuez ere jardun du Boyek bere hitzaldian: «Indultuak, keinu gisa, ondo daude, preso batzuk askatzeko modua egin duten neurrian; gatazka politiko baten soluziobide gisa, ez dute ezertarako balio». Gogorarazi du Kataluniako beste 3.000 herritar auzipetuak izateko arriskuan daudela prozesu subiranistaren ondorioz, eta fiskaltzak espetxe zigor gogorrak eskatzen dizkiela haietako batzuei.

Boyeren ustez, auzi horren atzean dagoen benetako afera «koloniala» da: «Espainian, sektore bat ez da gauza onartzeko bere estatuaren mugen barruan badaudela espainiar izan nahi ez duten herritarrak». Txileko adibidea jarri du: esan duenez, hango konstituzioa aldatzeko mekanismoak eta Espainian daudenak «berdin-berdinak» dira, baina Txilen galdeketa bat egin dute, eta prozesu konstituziogile bati ekin diote; Espainian antzekorik posible ote litzatekeen galdetu du.

Baikor agertu da prozesu subiranistaren etorkizunaz: «Hiru urte igaro dira independentzia aldarrikatu zenetik; Txilen, berriz, independentziaren aldarrikapena 1810ean izan zen, eta 1818an gauzatu zen. Beti dago denbora tarte bat independentzia aldarrikatzen denetik gauzatzen den arte, zaila delako historiaren egutegiaren orriak mugiaraztea».

Ezusteko omenaldia

Hitzaldiaren amaieran, antolatzaileek ezusteko handia eman diote Gonzalo Boyeri, eta, Iñigo Sancho abokatuaren esanetan «Kataluniako herriak egunen batean egingo dionaren aurrerapen gisa», omenaldia egin diote legelariari.

Aurresku, kantu eta opari artean, bideo bat ere jarri dute: han, Carles Puigdemont eta Quim Torra Kataluniako presidente ohiek, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Amaia Izko abokatuak eta beste zenbaitek eskerrak eman dizkiote Boyeri, egindako lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.