Diskurtso argi baten bila

Erabil kolektiboak duela zenbait hilabete hasi lana jarraitu du UEUren astearteko udako ikastaroan, Baionan. Euskararen aldeko diskurtso berritua du helburu.

UEUren Baionako jardunaldian Erabil kolektiboak egin gogoeta saio batetik jalgi ohar bilduma bat. I.E.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Euskararen aldeko diskurtso berritu bat eraiki, bai, baina nola? Desafio horri ihardesten hasi zenduela zenbait hilabete Erabil kolektiboa. Egun, gehienbat euskara teknikariak eta euskalgintza egituratuko zenbait eragile biltzen ditu. Diskurtso horren definitzeko bidean, urrats bat gehiago egin nahi izan zuen joan den asteartean, Baionako Bernat Etxepare lizeoan, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) antolatu ikastaroan.

Duela urte bat egin ikastaroan, Jon Sarasua ikerlariak lagundurik, euskararen aldeko kontakizun berri baten beharraz aritu ziren jada, ilusioak berriz piztea xede. Ipar Euskal Herrian zentratu dira geroztik, erakundeetan, hezkuntzan, elkarteetan, diskurtso berria lantzeko asmoz. Mintzalasairen karietara, Baionan bildu ziren lehenik. Gero, Bidarrain, Euskararen Urtaroa egin zelarik; eta, azkenik, Hendaian. Gogoetaldi horietarik atera ondorioak partekatu zituzten UEUren ikastaroan. Parte hartzaile berrien oharrak bilduz, bestalde.

«Zaku huste» batetik abiatu ziren parte hartzaileak. Barneko minak ateratzeko. Hortik, zeri lot aztertzeko. Lehen saioa, euskararen prestigio ezari buruzkoa izan zuten, bakoitzak erranez zerk aspertzen zuen entzuten zituenetan. Halakoak atera ziren: «Euskara Frantziako Errepublikaren hizkuntza da, erregionala»; «euskara ez da beharrezkoa, denek baitakite frantsesa edo gaztelera»; «euskara ikastea zaila da, ez da denborarik, ez dirurik, aukera guti da erabiltzeko».

Hortik, gauza batzuk erran behar zirela ondorioztatu zuten, hala nola: «Euskarak ez du babesik estatuaren, erakundeen partetik. Deusek ez du euskarara behartzen; beraz, jendeak ez badu nahi, ez du hartzen». Eta jendeari argiki erran behar zaiola euskararen egoera ez dela «naturala, normala; bada historia bat eta politika bat egoera horretara ekarri gaituena». Hortik diskurtso bat eraikitzen hasi ziren: «Eguneroko bizitzan euskarak tokia behar du; sare bat agerian eman»; «euskara ez da zaila, ez beste hizkuntza bat baino gehiago»; «gehiago erabilia balitz, errazago litzateke».

Plaza publikoak duen garrantzia azpimarratu zuten. Plaza zein izan daitekeen zehaztu: «Plaza izaten ahal da bestarena: bestetan, erdaldunak ere badira. Gazteak euskaraz bizitzen segitzeko, bestak badu inportantzia». Ondorioz, «irautetik, espazioak irabaztera joan behar» da, euskarari galarazi zaizkion guneak «birkonkistatu».

Hizkuntza politikak

Hizkuntza politiken norabideei buruzko oharrak zerrendatu zituzten. «Euskararen alde neurri asko eta aski hartzen» dela entzuteaz aseak dira anitz. Aseak ere euskararen «alde direla erraten dutenak» entzuteaz, «baina fitsik ez egiten». Hiri edota herri batzuen borondate politiko eskas argia deitoratu zuten.

Asperdura adierazi zuten «euskararen egoera beti positiboki irakurtzeaz». Halaber, «euskara gure gain dela, gure ardura dela»entzun beharraz. «Ofizialtasunik gabe blokeatuak garela» ere bai.

Hortik, nolako erantzunak bilatu? Ondoko ideiak atera ziren: «Herritarrok hobeki antolatu behar dugu»; «instituzioek motor» izateko ordez, «babesle» izan behar dute. Galdera etorri da: euskal elkarteen eta erakundeen artean, «nork nor du instrumentalizatzen?». Hizkuntza politikak argitzea aipatu zuten UEUko saioan: «Gure hizkuntza politikek zedarri argiagoak behar dituzte».

Euskaldunek pairatu diskriminazioez mintzatzeko parada izan zuten, baita euskaldunen arteko gatazkez ere. Hortik, jasan beharreko oharrak atera zituzten, besteak beste: «Euskaraz akatsak egiten ditut; beraz, nahiago dut erdaraz egin»; «euskaldunak hetsiak dira, eta euskaraz aritzea baztergarria da erdaldunentzat».

Egoera batzuk aldatu eta urrunago joateko tenorea ikusi dute. «Kontsentsu soziopolitikoaz aparte beste diskurtsorik ez da entzuten», zioten. «Beti euskaldunberri izatea euskaldun zaharren behakoan» gainditu behar dela. «Euskalki lokalismoek aspertzen naute» ere bazioen batek.

Diskurtso posible batzuk atera ziren hortik: «Posible da euskaraz bizitzea (ikastea)»; «gure autoestimua landu behar dugu»; «gure espazio propioak behar ditugu». Euskararekin egin «mudaren aitormena» azpimarratu behar da: «Euskara ikasiz gauza batzuk berriak izanen zaizkizu, eta zu ere aldatuko zara».

Erabilek hasi lana irailean bukatu nahi du, Mintzalasairen kariaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.