Albistea entzun

Ikasle kopuru «zaurgarria» mugatu egingo dute hurrengo ikasturtean

Sei urterako plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek. Legea izan arte zenbait birmoldaketa ezingo direla egin adierazi du. «Ekitatearen» aldeko neurriak hamalau dira
Lehen planoan Jokin Bildarratz, artxiboko irudi batean.
Lehen planoan Jokin Bildarratz, artxiboko irudi batean. L. RICO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2022ko ekainak 21

Hezkuntza lege berriaren oinarria hitzartu zuten martxoan EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Martxoaren 29an itun horrek oniritzia jaso zuen Eusko Legebiltzarren Hezkuntza Batzordean, eta apirilaren 7an osoko bilkuran. Atzo Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak itun horretan oinarritutako kronograma aurkeztu zuen Hezkuntza Batzordean, heldu den sei urteetan egin beharrekoen zerrenda. Neurrien artean askotarikoak daude. Funtsean helburua hezkuntza sistema «eraldatzea» dela gogoratu zuen sailburuak berak, eta erronka handia dela, datozen «hamarkadetara» begira egindakoa. «Ekitatea eta segregazioarekin» lotutako neurriak hamalau dira; horietako batzuk ja martxan daudela jartzen du kronograman, eta gainerakoak heldu den ikasturtean jarriko direla. Besteak beste, iragarri zuen araubide bat fintzen ari direla heldu den ikasturtean ikasgela bakoitzean dagoen ikasle «zaurgarri» kopurua mugatzeko.

«Ekitatea» hobetzeko neurrien artean dago, halaber, egun itunpeko eskolek ezartzen dituzten kuotak galaraztea; funts publikoak jasotzen dituzten zentro guztiek halakorik ez dutela kobratzen ziurtatzeko «jardunbideak» ezarriko dira. Era horretan, «gardentasunaren» alde egingo dela adierazi zuen sailburuak. Era berean, araubideak garatuko dira itunpeko ikastetxeei «auditoriak» egiteko. Bildarratzek gogoratu zuen gai «konplexua» dela eskola segregazioarena, motibo asko daudela horren atzean, baina itunpeko ikastetxeen funtzionamenduari begirakoak izango dira hainbat neurri.

Ikasleen banaketa

Baina beste neurri asko ere badira kronograman: oro har, ikasleen banaketa egokiagoa ziurtatzea da helburua, eta ikasleen aniztasunari dagokionez aparteko erronkak dituzten ikastetxeak aski baliabidez hornitzea. Helburua da, era berean, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen inguruan indarrean dagoen araudia eguneratzea, ekitatearen egoerari buruzko datuak jasotzera bideratutako lan ildo bat ezartzea eta irakaskuntzaren doakotasuna behatzeko kontrol mekanismoak aktibatzea.

Hezkuntza sistemaren planifikazioari begira, besteak beste, propio eskola publikorako plan estrategiko bat egitea da asmoa. 2023. urte amaierarako iragarri dute kronograman. Horren harira, kritikak jaso zituen atzo Hezkuntza sailburuak, eskola publikoak sistemaren ardatza izan behar badu, aurrez plan hori beharrezkoa dela argudiatuta. Bildarratzek erantzun zuen, ordea, aurrez hezkuntza legea onetsi behar dela plan hori garatu ahal izateko, eta horregatik jarri dutela datorren urtearen amaieran; izan ere, 2023. urtearen erdialderako espero dute legea.

Ildo horretan, horra behin legea izan eta gerorako zerrendatu diren beste hainbat eginbehar ere: Euskal Eskola Publikoaren Kontseiluaren araubidea moldatuko da, ikastetxe publikoen autonomiarako arau aldaketa ere egingo da, eta ikastetxeak publiko egiteko arau aldaketa ere bai.

Aurrez, aurten bertan, euskal hezkuntza zerbitzu publikoaren birformulaziorako plangintza egitea da asmoa. Haurreskolak partzuergoaren indartzea ere urtea amaitu aurretik jarri nahi dute martxan. Zerbitzu «publikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa» izatea da helburua. Eskola planifikazioaren eta itunpeko zentroen gaineko akordioak ere aurten abiatu beharreko lanen artean zerrendatu dituzte Hezkuntza Sailean. Bildarratzek esan zuen «konpromisoz» egin dutela egutegia, betetzeko asmoz.

Kogobernantza

Kogobernantza eta partaidetzari buruzko neurriak 2023 amaieratik aurrera jarri dituzte egutegian. Horren barruan dago, besteak beste, tokiko administrazioarekin batera gobernatzeko esparrua jartzea, eta Eskola Kontseiluei buruzko legea eguneratzea: 2025erako jarri dute xede hori.

Eraldaketa pedagogikoari dagokion atalean, hezkuntzaren eraldaketarekin, digitalizazioarekin eta berrikuntzarekin lotutako planak daude, eta, halaber, ikasle guztien premiak aseko dituen eredu eleaniztuna irakasteko esparru egoki bat finkatzea. Aurten bertan indarrean jartzekoak dira horiek. Profesionalen «lidergoa» sustatu behar dela argudiatu zuen sailburuak, eta baliabideak eman behar zaizkiela bide horretan. Euskararen Irakaskuntzarako Institutu bat sortzea ere badago egutegian zerrendatutako neurrien artean. Behin legea ondu eta gerorako jarri dute hori ere.

«Konpromisoaren» alde

Kritikak jaso zituen sailburuak, baina egutegi zehatz bat aurkeztu izanak erakusten duen «konpromisoa» ere goraipatu zioten talde gehienek. PP izan zen kritikan geratu zen bakarra. Jose Manuel Gil legebiltzarkideak egotzi zion sailburuari «nazionalismoaren zerbitzura» jarri nahi dutela hezkuntza. Eraikitzaileagoak izan ziren gainerako kritikak. Elkarrekin-Podemoseko ordezkari Iñigo Martinez Zatonek gogora ekarri zion eskola publikoaren aldeko zenbait eragilek kritikekin hartu dutela hezkuntza ituna, eta beren taldean «irmo» ariko direla eskola publikoaren alde. «Adi jarraituko dugu».

PSE-EEren izenean Jose Antonio Pastorrek eskertu egin zuen kronograma; era horretan neurriak betetzen ari diren hobeto «kontrolatu» ahal izango da. EH Bilduren izenean Ikoitz Arresek esan zuen beren ustez egutegia «ondo» eginda dagoela, «anbizio handiagoa» nahi lukete zenbait puntutan, baina ados daude. Hezkuntza itunaren funtsa hauspotzen jarraitu behar dela esan zuen, haren mamia eta garrantzia gizartean hedatzen: «Eraldaketa sakon baten hasiera da hau. Ez da egungoaren blindatzea. Bestelako eredu batera goaz». Babesa eskatu zien Bildarratzek: «Ez da erraza. Sistemak egonkortasuna behar du. Konfiantza sortzen jarraitu behar dugu».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Turista bat, Donostiako udaletxearen aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Paradoxa bat kasino zaharrean

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Donostiako Udalaren turismo politika 2027ra arte zehaztuko duen planak paradoxa bat du oinarrian: lehentasun bera dute —oso handia— turismoa mugatzeak eta turismoa sustatzeak. Jon Insaustik, Turismo zinegotzi berriak, aitortu du udalak «gaitasun mugatua» duela turismoa gobernatzeko.
Turista talde bat, atzo, Donostiako Alderdi Eder lorategian, bisita gidatu batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Turismoak goia jo du, donostiar gehienen iritziz

M. Elkoroberezibar Beloki

Herritarren %65ek uste dute «turismo saturazio handia» dagoela hirian, udalak Ikertalderi eskatutako azterketa baten arabera
Euskaltzaleen Topagunaren batzarra, atzo, Ermuan; Amonarriz Iziarri lekukoa pasatzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Euskararen erabileran «jauzia» egitea du xede Euskaltzaleen Topaguneak

Arantxa Iraola

Agiri bi aurkeztu ditu batzar orokorrean, datozen urteetako lana zedarritzeko. Iziar lehendakari da jada

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.